MENDIA
Txikonen espedizioa aurrera darrai, zailtasunak zailtasun
Urtezahar egunean Bilbotik abiatu ostean, Urteberri egunean zapaldu zituzten Nepalgo lurrak Txikonen espedizioko kideek. Handik, ibilbide luze bat oinez eginda 4.900 metroko altueran ezarritako oinarrizko kanpamendura ailegatu ziren eta geroago Txikonen espedizioak 5.700 metrora jarri zuen lehen kanpamentua.
Pasa den ostegunean berriz, Alex Txikonen espedizioak Manasluko bigarren kanpamenturainoko ekipatze-lanei ekin zien eta Txikon behe-kanpalekura itzuli zen 6.350 metrorainoko bidea hornitu ostean, jadanik bigarren kanpalekurako bide erdia hornitua zutelarik.
Esfortzu handia egin behar izan zuten espediziokideek, material asko eraman behar zuten eta oso kargatuta igo ziren. Gainera tenperatura oso baxuei aurre egin behar izan diete, sekulako hotza egiten baitu, 20 gradu zero azpitik, eta haize gogorra ere badabil.
Alabaina, zailtasunak izan dituzte bigarren kanpalekuaren ekipatze lanetan. Lehenengo kanpamentua eta 6.500 metro inguruko altueran jarriko duten bigarren kanpamentua bereizten dituen pitzadura handi, itsusi eta korapilatsu bat, hain zuzen ere. Guztira hiru eskailera dituzte, baina gehiago behar ziren pitzadura pasatu ahal izateko eta hartara Manasluko kanpamentu nagusitik bere aurrerapausoak arreta handiz jarraitzen dituzten espedizioko kide batzuk hurbildu behar ziren materiala eramatera.
Baina egoera hausnartu eta gero konturatu dira pitzadura hori bederatzi eskailera erabilita ere ezingo zutela gainditu eta aurreikusita zuten plana aldatu behar izan dute. Estrategia ezberdin bat ezarri eta dagoeneko ibilbide berri bat bilatzen hasiak dira, hurrengo egunetan berau hornitzeko saiakera egingo dutelarik.
Plan aldaketa honek gailurra zapaltzeko aurreikusita zuten epea luzatuko du ziurrenik eta gainera ibilbide berri horretan antzeko pitzadurak topatzeko arriskua izango dute. Baina hala ere, Txikonen espediziokideek gogotsu daude eta haizeak aukera ematen badie duten onena emango dute gailurreranzko bidea urratzeko saiakeran.
Leire Baraibar eta Iñigo Arantzamendik irabazi dute Kobaz Kobako proba nagusia
Artzei Bidean berriz, Amets Aranberri eta Ainara Urrutia nagusitu dira
Nahia Quincoces eta Iñigo Martinez de Albornoz, Causiat Extreme probako irabazleak
Euskal Selekzioak maila bikaina eman zuen Candanchuko hitzorduan
Hodei Samaniego eta Leire Baraibar nagusi, Negu Trail lasterketan
300 parte hartzaile aritu ziren igandean Berastegin, probaren laugarren edizioan