MENDI LASTERKETAK

Leire Baraibar eta Iñigo Arantzamendik irabazi dute Kobaz Kobako proba nagusia

by | 2022/02/16

Argazkiak: Kobaz Koba Trail

Agiro mendizale taldeak eta Arazik antolatutako Kobaz Koba Trail lasterketaren VI. edizioa lehiatu berri da Zestoan, Artzei (15km) eta Zaldei (25km) ibilbideekin, irteera eta amaiera puntuak Zestoako Foruen Plazan izan zirelarik. Eguraldia lagun, goizeko 9.00etan Zaldei bidea egin behar zuten korrikalariak atera ziren Zestoako Foruen Plazatik eta 9.45ean Artzei bidean izena eman zutenak.

621 kirolarik zuten izena emanda bi probetarako, 320 pertsonak Artzein —proba motza— eta 301ek Zaldein —proba luzea—, baina antolatzaileek adierazi dutenez, azkenean, 508 kirolarik parte hartu zuten. Horietatik, 262k bukatu dute Artzei proba, eta 221ek Zaldei.

Zaldei probako 25 kilometroko ibilbidea azkarren osatu duena Iñigo Arantzamendi ondarroarra izan da 02:14:31ko denborarekin. Bigarren helmugaratu zen Pello Berrizbeitiari (02:16:26) bi minutuko aldea atera zion, Unai Zialtzeta azpeitiarrak podioa osatu zuelarik (02:19:39). Nesketan, berriz, Leire Baraibar zumaiarra izan zen irabazlea, proba bi ordu eta 42 minututan amaituta. Atzetik, Sara Peña (2:49:37) eta Tanit Perez de Leceta (2:50:43) sailkatu ziren, hurrenez hurren.

Artzei proban berriz, Amets Aranberri zestoarra izan zen hamabost kilometroko ibilbidea amaitzen lehena, 01:10:04ko denborarekin. Gertu ibili zen Ibon Erdozain bigarren sailkatua, hemezortzi segundo beranduago amaitu baitzuen proba. Mikel Usandizaga hirugarren sailkatu zen, 1:11:58ko denbora eginda.

Emakumezkoei dagokionez, Ainara Urrutia izan zen azkarrena, ordubete eta hemeretzi minututan helmugaratuta. Bigarren Aitziber Urkiolak egin zuen (1:27:05) eta hirugarren Larraitz Etxebestek (1:27:30).

SAILKAPENAK

Zaldei bidea (25km)

Gizonezkoak:

  1. Iñigo Arantzamendi / Ondarroa / 2:14:31
  2. Pello Berrizbeitia / Maltzaga / 2:16:26
  3. Unai Zialzeta / Loiola / 2:19:39

Emakumezkoak:

  1. Leire Baraibar / Zumaia / 2:42:48
  2. Sara Peña /Santio Erreka/ 2:49:37
  3. Tanit Perez de Leceta / Donostia / 2:50:43

Artzei bidea (15km)

Gizonezkoak:

  1. Amets Aramberri / Zestoa / 1:10:04
  2. Ibon Erdozain / Bera de Bidasoa / 1:10:22
  3. Mikel Usandizaga / Olaskoegia/ 1:11:58

Emakumezkoak:

  1. Ainara Urrutia / Orio / 1:19:27
  2. Aitziber Urkiola / Maltzaga/ 1:27:05
  3. Larraitz Etxebeste / Ugaldetxo / 1:27:30

EUSKAL HISTORIAURRERA GARAMATZAN LASTERKETA

Azken izoztaroan euskal mendietan bizi iraun zuten lehen euskaldunak. Elur eta izotzez beteriko mendietan, ehiza eta fruitu bilketa ziren beraien bizimoduaren eta elikaduraren oinarria. Kobek eskainitako estalpeak bizileku moduan erabili zituzten, koba batetik besterako bideetan zehar ematen zuten bere bizitza. Gizaki haiek, Zestoako mendietan barrena, aztarna asko utzi dizkigute, kobak eskaintzen duten babesean. Margo paregabeak, bitxi ederrak, menhirra eta baita eguneroko jardunerako lanabesak ere. Ekain koba, UNESCOk Gizateriaren Mundu mailako ondare izendatu zuen duen garrantziagatik.

Kobaz koba Trail-ak, lehen gizakiaren bideetatik, iragana bizitzeko esperientzia paregabea eskaini nahi du. Gure arbasoen bide berdinetatik, historiaurretik gaurdainoko mendi lasterketa itzela, gure nortasunaren sustraietarainoko ibilbidea.

Share This