ELKARRIZKETAK/TXIRRINDULARITZA
Tourra (1903-2013): historia, kazetaritza eta naziotasuna
Argazkiak: utzita
Xabier Fernandez “Jabotxa “ (Bilbo, 1962), Informazio Zientzietan doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean eta edukien azterketen masterra egina du. Ibilbide luzea du komunikazioan. Hemen euskarazko astekarian hasi zen lanean, Egin-en, besteak beste, Euskal Herri osoko edizio lokalak antolatu eta zuzendu zituen, erredaktoreburu izan zen eta baita kirol sekzioan jardun ere. Ondoren Gara egunkarian urte luzez aritu eta gero, Athletic Cluben ibili zen 2001tik 2019ra. Egun, Agurne Anasagasti bermeotarrarekin sortu duen IN-Komunikazioa agentzian aritzen da. Iñaki Zabaletaren zuzendaritzapean doktorego tesia egin, aurkeztu eta bikain bat atera berritan elkarrizketatu dugu.
Frantziako Tourra, frantziar, espainiar eta euskal prentsan (1903-1913): kazetaritza eta nazio-identitatea izenburua duen tesia egin duzu. Nola otu zitzaizun ideia?
Egin-en lanean ari nintzela, txirrindularitza itzuliak jarraitzea tokatzen zitzaidan. Oso bitarteko eskasekin aritzen baginen ere, Karlos Corbella argazkilaria eta biok, Luxenburgora joan ginen 1989ko Tourraren informazioa betetzera. Aitzin-etapa erlojupeko proba bat zen eta egun hartan, Perico Delgado 2 minutu inguruko atzerapenarekin agertu zen irteerara. Orduan, Espainiako hedabideetako kazetariek agertu zuten azaldurak, ohartarazi ninduen, Tourrak nazio identitatean duen garrantziaz, tropela merkataritza-taldeez osaturik dagoen arren.
Kontuan izan, ontzat ematen dela, Joko Olinpikoaz, eta Munduko futbol txapelketaz aparte, garrantzi handieneko kirol ekitaldia dela Tourra. Eta gainera beste biekiko, nolabait esateko, desabantaila batekin. Alegia, joko olinpikoak eta munduko kopa 4 urtean behin eta kontinente ezberdinetan izaten direla, eta Tourra aldiz urtero eta ia formula berberarekin eta leku berdintsuetatik pasatzen da.
Zuk 1903-2013ko tarteaz hitz egiten duzu, baina gero ehun edizio aztertzen dituzu.
Bai, kontuan izan, tarte horretan bi mundu gerra izan zirela eta urte horietan ez zela Tourrik izan, beraz, 110 urte dira, baina 100 edizio “soilik”. Hala ere, Tourraren historia hiru zatitan banandu dut.
Alde batetik hasiera, 1903-1914 urtealdia. Lehen Mundu Gerraren aurreko etapa, irabazle batzuk gerra horretan bertan hil ziren. Tourraren hastapenak ziren. Garai horretan Tourrean Frantziako txirrindulariek hartzen dute parte batez ere. XX. mendearen hasieran apenas zegoen garraiorik eta alde batetik bestera mugitzeko zailtasunak izugarriak dira. Ideia bat egiteko, parte hartu zuen lehen euskalduna Vicente Blanco izan zen, 1910ean, eta Parisera irteerara joateko, bizikletaz joan behar izan zuen. Lehiatzen hasi aurretik leher eginda zegoen. Bestetik 1930-1970 urtealdia aztertu da. Bigarren Mundu Gerraren aurrea eta ondorena. Kontuan izan, Frantzia bi gerratetan galtzailea atera zela, eta izugarrizkoa beharra zuela barne tentsioak eraginda, nazio harrotasuna berpizteko. Tourraren berpizkundea izan zen eta txirrindulari-taldeak nazioka aritu ziren. Azkenik 1970-2013 urtealdia. Marka taldeak, marka komertzialak, berragertzen dira, 1929an desagertu zirenetik. Tom Simpsonen heriotza ematen da, kirol dopinaren ondorioz emandako lehen heriotza “ofiziala” izan zen. Azkenik, 1970-2013 urtealdia modernitatearen aroa da. Marken Tourra izendatu daiteke, taldeak nazio izaera edukitzetik marka komertzialetara pasatzen dira, eta gertakizun globala bihurtzen da.
Ikerketa egiteko hiru herrialdeetako (Espainiar Estatua, Frantziar Estatua eta Euskal Herria) hamaika egunkari hautatu dira: L’Auto, Le Monde eta L’Equipe (Frantziakoak), Abc, El Pais eta Mundo Deportivo (Espainiakoak) EGIN, GARA, Euskaldunon Egunkaria eta Berria. Laginak 6.766 eduki ditu eta 354.432 datuko datu-basea eraiki da. Euskarriak paperetik eta internetik hartuak izan dira.
Tourraren historiaz gain, Tourraren inguruan egindako kazetaritza ere aztertu duzu.
Bai, esan dudan moduan, 11 hedabide aztertu ditut. Eta horretarako hiru metodo erabili ditut: kasu-ikerketa, analisi historiko kualitatiboa egiteko; eduki-analisia, kazetaritza ekoizpena eta gai-agenda aztertzeko; eta framing-a edo enkoadratzea, naziotasunaren interpretazio-markoak ikertzeko.
Emaitza asko atera dira, logikoa denez horrelako ikerketa batean. Batzuk aipatzearren esango genuke Tourrari buruzko edukiak presentzia handia daukala egunkarien lehen orrialdean, batez ere Frantziako prentsan, lasterketak kirolaren esparrua gainditzen duen seinale nabarmena. Grafikotasunari edo testu/irudi erlazioari dagokionez, zortzi/bi ratioa agertzen da, batez ere ikertutako azken urtealdian, 1978-2013an, non irudiaren presentzia gorantz joan den. Informazio/iritzi binomioaren ratioa ere zortzi/bikoa da, informazioaren nagusitasuna nabarmena baita herrialde guztietan. Informazio kategorien artean, albistearen generoa da ugariena Frantzian, kronika Espainian, eta kazetaritza-genero dibertsitate handiagoa dago euskal prentsan.
Eduki eta protagonista motari dagokienez?
Egunkarietan gehien argitaratzen duten eduki-mota, ohikoa denez, kirolaren ingurukoa da (lasterketa, txirrindulariak, eta abar) herrialde eta urtealdi guztietan eta, distantzia handira bada ere, dopina dator, emaitza adierazgarria seguruenik. Protagonista nagusi eta ugariena txirrindularia da, bederatzi/bat ratioarekin, eta gizonezkoa. Leinuari begiratuz, argi ikusten da herrialde bakoitzeko prentsak bere leinuko protagonistak lehenesten dituela.
“Agenda ezarpenaren” teoria erreferentzia modura hartuz, egin daitekeen inferentzia da hiru herrialdeetako egunkariek, modu orokorrean hartuta, antzeko kazetaritza ekoiztu eta eskaini dietela euren irakurleei kokapen, grafikotasun, eduki eta protagonisten ezaugarri estrukturaletan, eta berezitasuna protagonisten leinutasunean egon dela, bakoitzak bere leinukoak azpimarratuz.
Bitxia da kirol gaien atzetik dopina datorrela. Dopinaren gaiak leku handia du izan du hasieratik. Baina kasu handirik ez zioten egin 1930 ingurura arte. Eta lehen froga 1966ko ekainaren 28an egin zen… baina hamarkada osoa pasa zen, gordintasunez agertu zen arte. 1978an Michel Pollentier belgiarrak, izugarrizko denboraldia egiten ari zen, eta froga egiterakoan eta positibo emango zuela jakitun, beste baten gernuz betetako gomazko balbularen bidez iruzur egiten saiatu zen, baina harrapatu egin zuten. Tesi honen amaierako urtean, 2013an, aitortu zuen zazpi Tour irabazitako Lance Armstrong-ek dopatuta irabazi zituela.
Indurainek ere bere aferatxoa izan zuen 1994an, ustezko positiboa eman baitzuen, baina horretan ere berehala nabarmendu zen aberri kontua eta Joan Serrak, garai hartako Espainiako Federazioaren buruak ez zuen zalantzarako zirrikiturik utzi. Halaber 1998ko Tourra ospetsua bihurtu zen Festina aferagatik eta gero Contadorren txuleta etorri zen eta “Puerto” operazioarekin loturiko kasuak.
Tourraren eta naziogintzaren arteko lotura ere sakon aztertu duzu.
Ideia bat egiteko, aztertu dugun argitaratutako edukien guztien %77,6an dago naziotasunaren presentzia, inplizitua gehi esplizitua, eta soilik %22,4an ez da agertzen.
Nazio baten izaera islatzen duten ikurrak (bandera, armarria, maillota, hizkuntza eta ereserkiak, besteak beste) aztertu ditugu. Ikur gehien Euskal Herriko prentsan azaltzen dira (%5,8a) eta gutxienen Frantziakoan. Euskal Herriari begiratuz, estatistikoki maillota da ikurrik inportanteena (%45,3a), ondoren hizkuntza (%35,9a) eta bandera (%18,8a) doaz, ordena horretan. Dena den, nazio-ikurren presentzia oso txikia da, % 2,9a soilik orokorrean hartuta.
Nazio identitatearen leinuak ere aztertu ditugu herrialdeka eta urtealdika. Frantziar egunkarietan edukien hiru laurdenetan (% 78,7a) agertzen da nazionalitatearen leinua, espainiar egunkarietan % 57,1a eta euskal prentsan % 26,5a soilik.
Zerbait erantsi nahi duzu?
Bai, lehenengo eta behin eskerrik asko elkarrizketagatik, ez baita erraza, ia 500 orri dituen tesi akademiko bat elkarrizketa labur batera ekartzea. Badut asmoa, liburu formatura egokitu eta argitaratzeko. Bitartean gaian sakondu nahi duenarentzat zeuon esku uzten dut tesi osoa.
- Tesi osoa ikusteko sakatu HEMEN
Zer gertatu da EMF-an Euskal Selekzioko korrikalariekin?
Ander Iñarra (Euskal Selekzioko korrikalaria), Zigor Egia (EMF-ko presidentea) eta Asier Arregirekin (Euskal Selekzioko entrenatzailea) elkarrizketa
Oihana Azkorbebeitia: “Euskal ikurrekin eta euskal herritar gisa joaten naiz leku guztietara”
Munduko Kopan hirugarren izan berritan kalakan aritu gara Abadiñoko korrikalariarekin
Ines Canterak irabazi du Bergara Hiria sari nagusia
Ines Cantera izan zen guztietan azkarrena, Ayala Serrano eta Laia Puigdefabregas onenak izan zirelarik kadete eta jubenil mailan