ELKARRIZKETAK/MENDI LASTERKETAK/EUSKAL SELEKZIOA

Zer gertatu da EMF-an Euskal Selekzioko korrikalariekin?

by | 2021/12/11

Argazkiak: Euskal Mendizale Federazioa

Batzen gaituzten kontuak indartu eta bereizten gaituztenei iskin egitea da EH Kirolaren irizpide nagusia. Pena eta nahigabe handia sortzen digu nazio gisa aurrera bidean sortzen diren trabak, are gehiago, geure arteko jardunak eragindakoak badira.

Berriki argitaraturiko oharrean aditzera eman dutenez, Euskal selekzioko mendi korrikalariek, uko egingo diote aurrerantzean euskal selekzioaren izenean aritzeari. Eta afera honen hiru ertz nagusienen iritzia jaso nahi izan dugu. Berandu baino lehen, munduko mendietan euskal kirolariek gure herria ordezkatzen duen selekzioarekin egon daitezen aletxo bat jarri nahian.

 

Euskal selekzioa irekia eta gardena egin nahi dugu”  

ZIGOR EGIA (EMF-ko presidentea) 

Ostiralean, abenduak 10, Euskal Selekzioan aritu izan diren mendi lasterketariek ohar bat zabaldu zuten hedabideetara, non gehiago Euskal Selekzio gisa ez direla arituko esaten zuten. Zer gertatu da?

 

Iazko otsailean EMFan hauteskundeak izan ziren, eta ondorioz zuzendaritza berri bat aukeratu zen, non presidentea ni naizen.

Badakizu…erakunde baten zuzendaritzan sartzen zarenean, gauzak hobetzeko asmoz sartzen zara. Eta gure ustez badago zer hobetu. Izan ere, egun EMFak munduan duen prestigioak ez du zerikusirik orain 30 urte edo zuenarekin.

 

Guretzako lan ildo inportante bat da, gure kirolarien eta gure herriaren nazioartekotasunean, naziogintzan sakontzea, lurralde batasuna jorratzea eta abar (nafarrekin harremanak estutzen ari gara, gauzak amankomunean egiteko).

 

Norabide horretan adi egon gara, Mendiko Euskal Selekzioaren funtzionamendua aztertuz. 2021ean euren kasara funtzionatzen utzi diegu, baina behatzen aritu gara, aztertzen.

 

Kirol ikuspegitik emaitza onak atera dituzte, baina funtzionamendua ez da guk nahiko genukeena. Gure ustez, talde itxia zen, beti kirolari berdinak, lagun kuadrilla bat. Eta gure ustez, selekzioan egoteko irizpide objektibo batzuk ezarri behar dira, gardentasunez aritzeko bermeak ezarri. Unean dauden kirolari onenak aritu behar dira selekzioan (bueno dauden 4 selekzioetan: ibilera nordikoa, eskalada, eskia eta mendi lasterketak), eta ez orain arte bezala, beti berdinak….Eta berdinak badira ere, ez aurreko urtean aritu zirelako, lagunak direlako, baizik uneko kirolari onenak direlako. Alegia, kirolari guztiei zabaldu behar zaie selekzioan egoteko aukera.

 

Dakizuenez, Federazioari dagokio entrenatzaileak hautatzeko eskuduntza. Federazioaren ardura da selekzioarena. Eta hautatzaileak aldatzea erabaki genuen. Aitortzen diegu urteetan egin duten lana, bolondres aritu dira gainera…baina aldatzeko erabakia hartu genuen, gure ustez zituzten hainbat jardun neurri batean pozoinduak zeudelakoan, eta haize freskoa komenigarria delakoan. Gure ardura eta erantzukizuna da eta onerako delakoan  egin dugu. Berriro diot, egin duten lana aitortuz betiere.

 

Abenduaren 9an, bilera bat egin zenuten bi aldeek. Zer gertatu zen?

Federazioko arduradun eta entrenatzaileen arteko bilera bat izan zen. Guk, gure asmoen berri eman nahi genien. Baina gure harridurarako korrikalari bat ere agertu zen bertara. Azaldu genien zein zen gure hausnarketa eta ondorioz hartu genuen erabakia. Aitortzen genien egindako lana, baina aldaketa nahi genuen eta guri zegokigun erabakitzea.

 

Dirudi, erabat haserretu zirela eta mendi lasterketako selekzioan dauden korrikalarien izenean ohar bat kaleratu dute, abenduaren 10ean, (bileraren biharamunean)  gehiago ez direla  euskal selekzioaren izenean arituko esanez. Txundituta utzi gaituzte…

 

Zerbait gehiago erantzi nahi duzu?

Inork ez dezala zalantzan jarri, presidente naizen junta honek, Euskal Herriarekiko duen engaiamendua. Nazioartekotasuna lantzen jarraituko dugu gure herria eta gure kirolariek munduko maila gorenenean egon daitezen. Eta inor ez dadila alderdikerietan aritu…bakoitza etxe batekoak gara, baina Federazioa guztiona da.

 

“Ezer baino lehen pertsonak gara” 

ANDER IÑARRA (1981, Lezo), korrikalaria Euskal Selekzioarekin (4. postua, 2021eko munduko kopan)

 

Euskal Selekzioko mendi korrikalariak, ez duzuela gehiago euskal selekzioarekin lehiatuko iragarri duzue. Zer gertatu da?

 

Martxoak aldera, zuzendaritza berriak hartu zuen Federazioaren ardura eta harrezkero harremanak zailak izan dira.

Guk hautatzaileekin harreman estua dugu. Hautatzaileaz gain, Federazioarekin bitartekariak ere badira. Haiek joaten dira bileratara, gure kezka eta beharrak azaltzera. Gainera entrenatzaileak ere badira. Oso harreman estua dugu eurekin. Gutakoak dira.

 

Jakitun ginen, oso harreman zailak zituztela zuzendaritza berriarekin. Eta jakin genuen hautatzaileetako bik utzi egingo zutela, eta jarrraizeko asmoa zutenekin aurrera egiteko gutxieneko batzuk adostu genituen. Horiek bete ezean zaila egiten zitzaigun jarraitzea.

 

Abenduaren 9an, bilera bat egin zenuten elkarrekin. Zer gertatu zen?

Gure artean gutxieneko batzuk adostuta joan ginen hartara. Korrikalarien ordezkari Asier Larruzea joan zen. Dirudienez ez zieten pentsatua zutena ere azaltzen utzi. Hautatzaileei kargua kentzeko erabakia jakinarazi besterik ez.

 

Esan dudan bezala, hautatzaileak oso gertukoak ditugu, eta kirolariaz gain pertsonak gara. Ezin genuen hori onartu, are gutxiago, inoiz korrikalarien iritzia jasotzen saiatu ere egin ez direnean. Esango nuke, ezagutu ere ez gaituztela egiten, behintzat ez digute inoiz iritzirik eskatu, ez dira gurekin bildu, ez gaituzte kontuan hartu. Aurten izugarrizko emaitza onak atera ditugu eta ez dute ezertan kontutan hartu. Berriro diot, ezer baino lehen pertsonak gara.

 

Zertan geratzen da zuen kirolari etorkizuna?

Bo, zorionez ez gara honetatik bizi. Geure lanbidea dugu denok. Kirolari gisa jarraituko dugu. Batzuk talde berriak lortzen saiatuko gara, besteak bere kabuz, baina izango ditugu lasterketak eta jarraituko dugu gustukoa dugun kirol honetan baina agian ezingo dugu Munduko kopan eta horrelakoetan parte hartu. Ezingo baitugu patrikatik ordaindu, bakarren batek sponsor bat topatuko du akaso….

 

Zerbait gehiago esan nahi zenuke?

Egia esan, ez dut ulertzen ze proiektu duten… abertzaleak direla diote, baina Euskal Herria kopari Euskadiko kopa deitu berri diote, Erkidegora mugatuz. Ez dut ulertzen.

 

“Hasieratik izan da liskartsua zuzendaritza berriarekin harremana,”filing”-ik ez zegoela eta konfidantza kendu digute”

ASIER ARREGI (Elgoibar, 1976), Euskal Selekzioko entrenatzailea

 

Jakitun zara, gertatu den atakaz. Euskal selekzioko korrikalariek uko egin diote Euskal selekzioarekin lehiatzeari. Zer gertatu da?

 

Afera hau, junta berria aukeratu zenetik dator. Martxoan hartu zuen kargua zuzendaritza berriak. Eta sartu bezain pronto ondoeza sortu zuten erabakiak hartzen hasi ziren. Komunikazio arduraduna, Unai Ugartemendia, kaleratu egin zuten, sare sozialetan aritzen zena, Ekaitz Anda, ere bai…Eta giroa gaiztotzen hasi zen.

 

Guri dagokigunez, lau lagun ari ginen euskal mendiko korrikalarien hautatzaile gisa, batek, Ibai Belokik,  junta berria hartzen ari zen norabidea ikusi eta utzi egin zuen. Besteak, Iñaki Uribe-etxeberriak, 2021a bukatuko zuela, baina gero utzi egingo zuela iragarria zuen. Bi geratzen ginen ardura horretan: Gaizka Barañaino eta neu (Asier Arregi). Azpimarratu nahi dut, ordaindu gabeko  ardura dela, bolondres gisa aritzen ginela.

 

Hasieratik tentsio handiko harremana izan dugu zuzendaritza berriarekin. Bi urte besterik ez generamatzan eginkizunean, Eneko Allenderi eta abarri lekukoa hartuz. 20 urtetik gora zeramatzan  proiektu sendo bati bidea eman nahian eta hasieratik gauzak okertzen hasi ziren. Ez zegoela, nazioartean lehiatzeko aurrekonturik… genuen sponsor handiena erori egin zela.  
Guk jarraipen nahiko estua egiten genien korrikalariei denboraldian zehar eta horren arabera egiten genituen hautaketak. Eta eurekin adosten genituen kontuak. Konpromiso dezente hartuak genituen korrikalariekin zuzendaritza berria izendatzerako, eta kirolariei emandako hitza errespetatzea eskatzen genuen. Tirabira askoren ondoren, azkenean lortu genuen, eta 2021ean duintasunez aritu ginen, eta gainera emaitza oso onak atera genituen.

 

Abenduaren 9an, bilera bat egin zenuten bi aldeek. Zer gertatu zen?

Esan dizudan moduan lau lagun hasi ginen eginkizun honetan eta bi geratzen ginen. Bilera horretara baldintzak eta lan egiteko erak adosteko asmotan joan ginen. Gure iritzia genuen, eta ez genuen edonola jarraituko, baina saiatu nahi genuen irtenbide bat bilatzen. Ez ziguten aukerarik eman. Ez genuen baldintzak azaltzeko aukerarik ere izan. Ez zutela gurekin konfiantzarik, edo ez zegoela nolabait esateko “filing-ik” eta ardura kendu ziguten.

 

Eta ondorioz, parte hartzen zuten korrikalariak gehiago ez zutela parte hartuko esanez ohar bat kaleratu zuten.

Bai. Gu beti korrikalariak afera honetatik at izaten saiatu gara, baina eurek ere susmatzen zuten gauza arraroak gertatzen ari zirela. Kanporatuak, laguntza eskasia, sponsorrak galtzea… eta horrek guztia eurengan eragin zuzena zuen (sare sozialetatik desagertu ziren e.a.) eta azkenean gure bertsioa ere eman genien.

 

Pena da, orain arte, urte askotan (eta guk ez daramatzagu bi besterik), gure ikurriña eta gure nazio izaera beste inork ez bezala zabaldu dugu lehiaketa guztietan, Espainiako kopan, Munduko kopan…eta orain egia esan, eta pena handiz esaten dut, etorkizun beltza aurreikusten diot, mendiko lasterketetako Euskal Selekzioari.

 

Zerbait gehiago erantsi nahi duzu?

Urte askotako  lanari bizkar eman zaiola iruditzen zait, baina azpimarratu nahi dut, mendi lasterketetako komunitateak izan duen batasuna…interes pertsonaletatik haratago, izan duen jarrera txalogarria iruditzen zait.

 

ELKARRIZKETAK/MENDI LASTERKETAK