TXIRRINDULARITZA
Simon Carrek irabazi du Ordiziako 97. Klasika
Simon Carr azkarrena izan da aurtengo Ordiziako Klasikan
22 urteko Nippo Delko taldean aritzen den txirrindularia bakarrik helmugaratu da, bere atzetik Kyle Murphy, Winner Anacona eta Jefferson Cepeda iritsi direlarik. Unai Cuadrado, lehen euskal herritarra, bosgarren izan da.
Simon Carrek Abaltzisketako bosgarren eta azken igoerako azken metroetan jo zuen erasoa eta gainontzeko aurkariak atzean uztea lortu zuen, azkenean 36 segundoko aldearekin helmugaratu zelarik.
Zinez proba gogorra izan zen aurtengo Ordiziako Klasika. Eguraldia hotza eta hezea eta, gainera, abiadura handian joan zen lasterketa. Ihesaldia osatzeko saiakera ugari egon ziren eta erasoak bata bestearen atzetik kateatzen ziren baina hala ere inork ezin izan zuen talde nagusia hautsi.
Dena den, lasterketa aurrera egin heinean, tropel nagusia geroz eta txikiagoa zen, azken itzulian sartuta soilik 30 bat txirrindularik osatzen zutelarik. Orduan, Caja Rural taldeak hartu zuen kontrol lanak egiteko ardura, eta Cepeda liderrak Altzorako igoeran taldekideen ahaleginak baliatu nahian erasoa jo zuen, baina ezin izan zituen gainontzeko txirrindulari guztiak atzean utzi. Hartara, Abaltzisketako lehen maldetara zazpi txirrindularik osatutako taldetxoa iritsi da: Simon Carr, Jefferson Cepeda, Julen Amezketa, Winner Anacona, Matis Louvel, Unai Cuadrado eta Kyle Murphy.
Taldea ez zela hautsiko zirudienean, mendateko azken metroetan Carrek ihes egitea lortu zuen eta helmugarako falta ziren 10 kilometroetan abantaila mantentzea lortu zuen, 2020ko Ordiziako Klasikaren garaipena eskuratuz.
Sailkapenak:
Nagusia:
- Simon Carr (Nippo Delko)
- Kyle Murphy (Rally Cycling)
- Winner Anacona (Arkea Samsic)
- Jefferson Cepeda (Caja Rural – Seguros RGA)
- Unai Cuadrado (Euskaltel Euskadi)
Mendia:
- Julen Amezketa (Caja Rural – Seguros RGA)
Tarteko esprinta:
- Matis Louvel (Arkea Samsic)
Lehen euskal herritarra:
- Unai Cuadrado (Euskaltel Euskadi)
23 urtez azpikoa:
- Simon Carr (Nippo Delko)
Taldekakoa:
- Arkea Samsic
TXIRRINDULARITZA
Laboral kutxa taldea UCI Women´s Continental mailan lehiatuko da
Erronkari aurre egiteko hamabi txirrindulariko taldea osatu du, zazpi txirrindulari gazte berri gehitu dituelarik
Ziklo-kros probarik ez da egingo Beasainen
Pandemiaren bilakaeraren ondorioz, Beasaingo Ziklo-Kros Sari Nagusiaren seigarren edizioa bertan behera gelditu da
Gipuzkoako banakako Erlojupeko Txapelketa jokatu dute Alegian
Asier Pozo, Garazi Estebez, Naia Amondarain, Xabier Mikel Azparren eta Txomin Osoro izan ziren garaileak, maila ezberdinetan