TXIRRINDULARITZA

Laboral kutxa taldea UCI Women´s Continental mailan lehiatuko da

by | 2020/11/06

Argazkiak: @FundaCiclisEusk

Euskadi Fundazioaren emakumeen taldea Kontinentala izango da

 

Euskadi Fundazioko Laboral Kutxa taldeak beste urrats bat eman du egitasmoa indartzeko bidean, eta datorren denboraldian UCI Women´s Continental Team mailan lehiatuko duela iragarri du.

Beraz, Laboral Kutxa emakumeen txirrindulari taldea, UCI Women’s Continental Team kategoria kontinentalean (nazioarteko bigarren maila) arituko da 2021ean hasiko den denboraldian, bertan beste 46 talderekin lehiatuko delarik.

Mikel Landa presidente duen taldean, Ion Lazkano izango da kirol-zuzendari berria (2016an Lointek eta azken hiru urteetan afizionatuen Eulen zuzendu eta gero bere estreinaldia izango da Kontinental mailan) eta pistan hainbat domina lortu dituen Tania Calvok taldea indartuko du (pistan hiru domina ditu Europa mailan eta Olinpiar Jokoetan parte hartu du gasteiztarrak).

Erronka berri honi aurre egiteko, Laboral Kutxak hamabi txirrindulariko taldea osatu du, amateur kategorian maila ona erakutsi duten zazpi txirrindulari gazte berri gehitu dituelarik taldera: Eukene Larrarte, Tania Calvo, Idoia Eraso, Irantzu Beloki, Garazi Estebez, Usoa Ostolaza eta Xubane Garai. Hauek, taldean mantenduko diren txirrindulariekin (Paula Suárez, Ainhize Barrainkua, Nekane Gómez, Elena Cuenca eta Uxue Albizu) batera osatuko dute datorren denboraldirako taldea.

Kategoria aldaketarekin, egutegi gogorrago bati aurre egin beharko diote, baita maila berrira egokitzeko erronkari ere. Laboral Kutxaren helburu nagusia, etxeko lasterketetan emaitza onak erdiestea izango da, batez ere Itzulian (World Tour kategoriako proba) eta Durango-Durango klasikan, World Tour egutegiko bestelako lasterketetan ere maila ona erakutsi nahi izango dutelarik.

Euskadi Fundazioak eta Laboral kutxak apustu sendoa egin dute harrobiko txirrindularitzaren alde, Orbea, Etxeondo eta Skoda Menabi bidelagun dituztela. Eta ereindako haziak fruituak ematen ari da. Kategoria aldaketak orain arte emandako urratsak bide onetik doazela berresten du, eta egitasmoa sustatzen eta indartzen jarraitzeko akuilu izatea espero dute. Hasierako helburua ahaztu gabe, Euskal Herriko neska-mutilei txirrindularitzan barneratzeko aukera ematea, beti ere ahalik eta baldintzarik onenetan.

TXIRRINDULARITZA