MENDI LASTERKETAK
Silvia Triguerosek irabazi du Tor des Geants lasterketa
Triguerosek 89 ordu eta 57 minutuko denbora egin zuen, duela bi urte lortutako errekorretik urrun (85 ordu eta 23 minutu), baina garaipen historikoa lortuta
330 kilometro egin beharra zituzten korrikalariek, 24.000 metrotako desnibelarekin, Aosta Haranako altuerazko ibilbideetatik barrena, Gran Paradiso eta Mont Avic-etik igarota. Gainera, lasterketa honek berez duen gogortasunari aurtengo edizioan pairatutako eguraldi kaxkarra batu zitzaion.
Hala ere, abadiñarrak Italiako Aostako haranean antolatzen den Tor des Geants lasterketa irabazi zuen hirugarren aldiz, marka hau lortzen duen lehen emakumea izanik. 45 urteko euskal korrikalariak goizeko lauretan zeharkatu zuen helmuga, erabat lehertuta baina egindako balentriaz jakitun.
Bilakaera ezin hobeagoa izan du Triguerosek lasterketa entzutetsu honetan. 2017an bigarren postuan sailkatu zen (Lisa Borzaniren atzetik) eta handik aurrera bizkaitarraren nagusitasuna erabatekoa izan da, erreskadan hiru garaipen lortu baititu, 2018an, 2019an eta 2021ean (iaz ez zen lasterketarik egin).
Aurtengo edizioan, hasieratik nagusitu zen Trigueros eta ia ibilbide osoa bakarrik egin zuen lehen postuan. Gainera, 2016ko eta 2017ko irabazle Lisa Borzani italiarra erretiratu egin zen eta soilik Melissa Paganelliren balizko mehatxuari aurre egin behar izan zion. Baina oso urrun egon zen italiarra uneoro, azkenean Courmayeurko helmugan bigarren izan zelarik Triguerosengandik lau ordura (93h35’).
TOR330 – Tor des Géants Traila
Lasterketa hau da proba bakarra non distantzia luzea eta korrikalarien estilo propioa uztartzen den, izan ere, antolakuntzak eztu derrigorrezko etaparik ezartzen. Hau da, irabazlea ibilbidea azkarren amaitzen duena izango da, bakoitzak bere erabakiak hartuta, esaterako, noiz eta zenbat denboraz gelditu atseden hartzeko.
Lasterketaren ezaugarriak:
Distantzia: 330km
Desnibel gehitua: 24000 D +
Gehienezko denbora: 150 ordu
Irteera: Courmayeur – Aosta Harana – Italia
Helmuga: Courmayeur – Aosta Harana- Italia
Alicia Carrera eta Javier Nagore, Nafarroako Kros Luzeko Txapeldunak
Pasa den igandean 34. Altsasuko Krosa hartu zuen Dantzalekuk, goiz guztiko atletismo festa izan zena
2021. urteko Nafarroako mendi lasterketen zirkuitua zehaztu da
Nafarroako kluben arteko Mendi Lasterketen txapelketa maiatzaren 30ean jokatuko da Berroetan
Aurten ere ez da Leharrei mendi lasterketa egingo
2022ko edizioa betiko eran antolatzeko modua izateko esperantza agertu dute antolatzaileek