EUSKAL PILOTA

San Fermin Torneoaren bigarren jardunaldia jokatu da

2021/07/03

Argazkiak: oriamendi2010

Urrizak eta Aizpuruk 30-25 irabazi zioten Ansa II-Larrañaga bikoteari San Fermin Torneoko partidan eta, beraz finalerako txartela Juanenea eta Barrenetxea IV.aren aurkako partidan zehaztuko da, A multzoko azken lehian alegia.

Ansak eta Larrañagak garaipena behar zuten finalera zuzenean pasatzeko aukerak mantentzeko, baina ezin izan zuten lortu. Urriza eta Aizpuru oso seguru agertu ziren, seriotasunez jokatuta eta Urrizaren gidaritzapean aurkariak gainditu zituztelarik. Iruñeko aurrelariak 18 tanto egin zituen eta ez zuen akatsik egin. Ansak aldiz ezin izan zituen Urrizaren zenbakiak indargabetu. Oraingoan 13 tanto egin zituen lau akatsekin.

Atzelarien arteko borroka oso parekatua izan zen, Larrañagak bederatzi tanto eta hiru akats egin baitzituen eta Aizpuruk 7 tanto eta 2 hutsegite.

Partida azkarra eta ikusgarria izan zen, markagailua parekatua izan zen 15-13raino, baina hamdik aurrera gorriek hiru, lau, bost tantoko errenta txikia hartu zuten eta azkeneraino mantendu zuten.

B Txapelketan Loitegik eta Zubirik 30-24 irabazi zioten Zaldua II-Labakari. Loitegi 18 tanto eta bost akatsekin nabarmendu zen aurrelarien artean. Lehen partidan ezin izan zuen Murgiondok jokatu, konfinatuta baitago eta ondorioz Goikoetxeari eta Murgiondori geratzen zitzaizkien bi partidak galdu dituzte.

Txapelketako partidarik gabe, jaialdiko lehenengoan Goikoetxea eta Martirena 29an geratu ziren Urrutia II.aren eta Zalduaren aurka.

Sailkapena

A Taldea

Juanenea-Barrenetxea IV.a  4 puntu

Urriza-Aizpuru III.a  4 puntu

Ansa II.a-Larrañaga  2 puntu

Emaitzak:

-Juanenea-Barrenetxea IV.a  30 Ansa II.a-Larrañaga  26

– Urriza-Aizpuru III.a 30 Ansa II.a-Larrañaga  25

B Taldea

Urrutia II.a-Martirena  8 puntu

Loitegi-Zubiri  5 puntu

Goikoetxea V.a-Murgiondo  4 puntu

Zaldua II.a-Labaka  0 puntu

Emaitzak:

-Urrutia II.a-Martirena  30 Zaldua II.a-Labaka 11

-Zaldua II.a-Labaka 24  Loitegi-Zubiri  30

-Goikoetxea V.a-Murgiondo  30 Loitegi-Zubiri 24

-Goikoetxea V.a-Murgiondo  0 Urrutia II.a-Martirena  30

San Fermin Torneoa

Bi txapel jarriko dira jokoan, nagusia A multzoko txapelketarekin eta bigarrena B multzokoarekin, uztailaren 14ra arte luzatuko delarik. A multzoak San Fermin Txapelketa nagusia jokatuko du, hiru bikote eta sei pilotari nagusiekin. B multzoa gainontzeko erremontistek osatzen dute eta bigarren txapel bat jokatuko da.

A multzoko hiru bikoteak Urriza-Aizpuru III, Juanenea-Barrenetxea IV eta Ansa II-Larrañaga dira. B multzoan Zaldua II-Labaka, Urrutia II-Martirena, Loitegi-Zubiri eta Goikoetxea V-Murgiondo arituko dira.

Txapelketa bost jardunalditan jokatuko da. Hasieran denen arteko ligaxka bati dagozkion partidak jokatuko dira bi multzoetan. A multzoko eta B multzoko finalerdiak uztailaren 7an jokatuko dira eta bi multzoetako finalak uztailaren 14an.

Pandemiaren ondorioz, San Fermin Txapelketa Galarretan jokatu behar izan dute eta ez, ohi bezala, Huarteko Euskal Jain. Berrikuntza nagusi horrekin ligaxkako lehen sailkatua finalera pasako da eta bigarren eta hirugarren sailkatuek finalerdi bat jokatuko dute. B multzoan laugarren sailkatua kanporatuta geratuko da.