EUSKAL PILOTA
Reyes Azkoitiaren taldeak lortu du finalerako txartela
Nora Mendizabal, Olatz Arrizabalaga eta Irantzu Etxebeste pilotariak Laboral Kutxa Torneoko finalerako sailkatu dira
Sei astetako ligaxkaren ondoren, LABORAL KUTXA Udako Torneoa sartu da bere une erabakigarrienean eta abuztuaren 27an Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatuko den final handirako lehen txartela izan zuten jokoan Irunen (20.00etan) Reyes Azkoitiaren eta Erlantz Garciaren taldeek.
Ligaxkako talderik onenak, Reyes Azkoitiarenak, sailkapeneko azkenaren kontra jokatzen zuen eta aurreikusten zen bezala, azkenean Laboral Kutxa Udako torneoko finalerako sailkatu da. Nora Mendizabalek, Olatz Arrizabalagak eta Irantzu Etxebestek osatzen duten Reyes Azkoitiaren taldeak maila ona erakutsi du txapelketa guztian zehar eta finalerako txartela jokoan egonda ez zuten hutsik egin.
Beste behin ere, Olatz Arrizabalagak erabakiorra izan da, orain arteko buruz buruko zazpi partidak irabazi ditu eta puntu horiek balio handia dute halako txapelketa batean. Nabarmendu beharra dago, Olatz Ruiz de Larramendik asko estutu duela azkeneko partidan eta aurrelari bizkaitarrak bere jokorik onena atera behar izan duela finalerako txartela eskuratzeko.
Gernikakoak berretsi du kaiolako partidetan gainontzekoak baino pausu bat aurrerago dagoela eta oraingoz inork ezin izan du garaitu. Lehen partidan, saiatu da Naroa Agirre, zabalean para bat tanto ere egin dizkio dejadaz, baina ezer gutxi egin ahal izan du aurrelari bizkaitarrak pilotari ematen dion abiaduraren aurka (12-3).
Hala ere, Erlantz Garciaren taldeak ez du amorerik eman eta euren kalitatea aldarrikatu nahi izan dute. Lehen itzulian ez zuten punturik batzerik lortu baina gauzak oso zail jarri dizkiete binakako partidan Irantzu Etxebestek eta Nora Mendizabalek 10-6 aurreratu direnean. Azkenean ordea, Andrea Aldaregiak eta Olatz Ruiz de Larramendik hortzak estutu eta sekulako buelta eman diote markagailuari, sei tantoko partzialarekin aurre hartu dutelarik garaipena lortuz (10-12)
Gauzak horrela, dena azken partidan erabaki da. Binakako partidan hartutako konfiantzarekin, Erlantz Garciak Maite Ruiz de Larramandiri eman dio norgehiagoka erabakigarria jokatzeko aukera eta Eulateko atzelariak asko estutu du Olatz Arrizabalaga. Gauzak erabat orekatuak joan dira 7-6ekora arte, baina azken txanpan bizkaitarra askoz egokiago aritu da eta finalerako txartela eman dio Reyes Azkoitiaren taldeari (12-7).
PLAZANDREAK-LABORAL KUTXA UDAKO TORNEOA
Pilota mistoko modalitatean lehiatuko da txapelketa eta banaka zein binaka jokatuko dituzte partida motzak, hamabi tantora.
Hamabi pilotarik hartuko dute parte, lau taldetan banatuta, bakoitzak entrenatzaile edo arlo teknikoko arduradun bat izango duelarik. Erlantz Garciaren taldean, Andrea Aldaregia, Olatz Ruiz de Larramendi eta Naroa Agirre izango dira; Reyes Azkoitiak gidatuko du Irantzu Etxebeste, Nora Mendizabal eta Olatz Arrizabalagak osaturiko taldea; Naroa Elizaldek, Ainhoa Ruiz de Infante, Maite Ruiz de Larramendi eta Leire Garai izango ditu bere agindupean, eta azkenik, Mikel Inuntziaga, Iera Agirre, Arrate Bergara eta Amaia Aldairen aholkularia izango da.
Jaialdi bakoitzean hiru partida lehiatuko dira, lehenengoa eskuz banaka lau eta erdian, ondoren binaka, eta, bukatzeko, eskuz banakako beste neurketa bat kaiolan. Astero egingo diren ekitaldi hauetan, bi taldek neurtuko dituzte indarrak eta irabazleak hiru puntu eskuratuko ditu.
Orotara bederatzi jardunaldi jokatuko dituzte pilotariek, hasierako ligaxkan sei jaialdi eta ondoren bi finalerdiak eta finala –hirugarren posturako lehia ere izango da.
Ligaxkako sei jardunaldiak telebista plato bihurtuko den Irungo Urantzu pilotalekuan jokatuko dira, ostegunero, publikorik gabe, eta egun horretan bertan emango dute ETB1en eta Eitb.eus atarian saioa, 22:30ean hasita. Iñigo Aiestaran izango da programaren aurkezlea, Elena Azpeitiak eta Gentzane Aldaik lagunduta.
Ligaxka amaitzerakoan, finalerdien txanda izango da, abuztuaren 13an eta 20an oraindik zehaztu gabeko egoitzan, non pilotari guztiek parte hartuko duten. Ligaxkako sailkapenaren lehenak laugarrenaren aurka jokatuko du eta bigarrenak hirugarrenaren kontra, lehia bakoitzaren irabazleak abuztuaren 27an lehiatuko den finalerako txartela eskuratuko duelarik.
Ostiralean abiatuko da Banakako Pala Txapelketa
Urtarrilaren 28tik martxoaren 19ra jokatuko da eta InnPala-ko hamar palista arituko dira lehian
Bizkaia Paleta txapelketako finalerdiak jokatu dira
Martin-Huizi eta Irazustabarrena-Etxaniz bikoteak neurtuko dira finalean hilaren 30ean
Juaneneak Barrenetxea IV.aren kontra jokatuko du finalerdia
Aritz Zubiriren aurka 30-17 irabazi ondoren