EUSKAL PILOTA

Ostiralean abiatuko da Banakako Pala Txapelketa

2022/01/27

Argazkiak: Innpala

2022ko Banakako Pala Txapelketa aurkeztu berri dute Bizkaia Frontoian, urtarrilaren 28tik martxoaren 19ra jokatuko dena. InnPala-ko hamar palistek hartuko dute parte eta euren artean lehiatuko dira finalerdietako ligaxkan, lehenengo jardunaldia sailkapenekoa izanik.

Aurreko edizioan kanporaketa zuzenen ordez finalerdietako ligaxka egitearen aldeko hautua egin zuten antolatzaileek, eta parte-hartzaileen zein ikusleen gustokoa izan zela ikusita, aurten formatu bera errepikatuko da. Aurtengo berrikuntza nagusia parte-hartzaileen koadroan dago, izan ere, Valentin Cambos, Kutxabank Liga profesional bezala jokatu zuena, eta Roman Maldonado hasiberria Banakako Txapelketan arituko dira.

Banakakoa ostiral honetan bertan hasiko da, sailkapen jardunaldiko bi partidekin. Bertan, debutariak eta ranking txikiena duten bi palistak lehiatuko dira: Del Riok Cambos izango du aurkari eta Ibargurenek Maldonado.

Hurrengo kanporaketan Ibai Perezek (iazko txapelduna) lehen partidako irabazlearekin neurtuko ditu indarrak eta Gaubekak bigarrenekoarekin. Final-laurdenak Fustok Urrutiaren kontrako eta Gordonek Necolen aurkako partidekin osatuko dituzte. Eta azkenik, lehia hauetako garaileek finalerdietako ligaxka batean jokatuko dute denak denen kontra, martxoaren 19ko bi finalistak zehazteko.

Aurtengo txapelketako faboritoetariko nagusiena Ibai Perez da, izan ere, sestaoarra egungo txapelduna da, baina aurkari zailak izango ditu aurrean, esaterako Esteban Gaubeka iazko txapeldunordea eta Pablo Fusto azken urteetan diziplinan nagusi izan dena.

Txapelketaren araudia:

  • Innpalako 10 pelotarik hartuko dute parte.
  • 2021ko Banakako txapelketaren rankinga hartuko da kontutan.
  • Lehenengo jardunaldia, sailkapena eskuratzeko baliatuko da.
  • Kanporaketak izango dira hurrengo bi jardunaldiak. Bi partidu jardunaldi bakoitzeko.
  • Finalerdietarako sailkatuko dira partidu bakoitzeko irabazleak.
  • Finalerdietako liga jokatuko da.
  • Finalerdietako ligako lehen bi sailkatuek jokatuko dute finala.
  • Partidak 5 jokotan onenera izango dira.
  • Jokoak 10 tantora izango dira.
  • Sailkapen liga amaitzean bikoteen arteko berdinketa gertatuz gero, honako hau hartuko da kontutan sailkapena ezartzeko: Bi pelotarien edo gehiagoren arteko puntu-berdinketa gertatuz gero, Ligako partiden zenbaketa orokorrean tanto-average onena duena sailkatuko da (aldeko tantoak ken aurkako tantoak). Oraindik berdinketak jarraitzen badu, Torneoaren hasieran adin gutxien duen bikotea sailkatuko da.
  • Ez dago partiduak atzeratzeko aukerarik.
  • Araudi honetan ez zehaztutakoak, federazioaren erregelamendu orokorrak arautuko ditu.
Share This