EUSKAL PILOTA

Hastear da 2022ko eskuz binakako Master Laboral Kutxa txapelketa

by | 2022/01/27

Laboral Kutxa Masterreko Binakako txapelketaren VI. edizioa igande honetan hasiko da Larrabetzun 42 bikoterekin, 30 pilota goxoarekin eta 12 mistoarekin. Finala martxoaren 27an izango da, Irungo Uranzun.

Izen emate arrakastatsu baten ondoren, aurtengo txapelketan 84 pilotarik hartuko dute parte eta guztiz irekia izango da lehiaketa, hau da, nahi izan duen orok izan du izena emateko aukera, baldintza hau delarik txapelketa honen ezaugarririk behinena.

2017tik emakumezkoen esku pilotak izugarrizko garapena izan badu ere, Emakume Master Cup zirkuitoak oso argi dauka lehiaketaren izaera erabat irekia izan dela bere arrakastaren giltza eta oraingo honetan ere, parte hartu nahi izan duten emakume guztiei, eroso senti daitezen, maila desberdinetako lehiaketak aurkeztu dizkie.

Azken urteetan egin den bezala, txapelketa bi maila nagusitan banatuko da erabili beharreko materialaren arabera: pilota goxua eta pilota mistoa. Eta horien barruan beste bi talde: gazte eta senior mailak pilota goxuan eta promozio eta elite mailak mistoan. Ohi bezala, bikote gehienak pilota goxoarekin arituko dira, 30 bikote, eta 12 pilota mistoarekin. Azken hauen artean, Amaia Aldai – Plazandreak-eko txapelduna eta egungo Lau t ‘erdiko txapelduna –, Olatz Arrizabalaga – Iazko San Mateoetako txapelduna eta kaiolako txapeldunordea –, Leire Garai edo Miriam Arrillaga egongo dira.

Lehenengo aurre-kanporaketak igande honetan Larrabetzun jokatuko badira ere, txapelketak dagoeneko prest du bere ibilbide orria eta jaialdirik gehienak Gipuzkoan jokatuko dira. Txorierritik abiatuta, Gabiria, Elduain, Ormaiztegi, Segura, Asteasu, Legazpi, Lezo –bertan jokatuko dira finalerdiak- eta Irun bisitatuko ditu aurtengo Master Laboral Kutxako edizioak,  txapelak martxoaren 27an Irungo Uranzu pilotalekuan hirugarren urtez jarraian egingo den final nagusian banatuko direlarik.

Share This