HERRI KIROLAK/SOKATIRA

Euskadiko Lur Gaineko Sokatira Txapelketako bigarren jardunaldia jokatu zen larunbatean

by | 2020/08/17

Argazkiak: egursport.com

Fadurako atletismo pistako erdiko landak hartu zuen pasa den larunbatean Euskadiko Lur Gaineko Sokatira Txapelketa 640 kiloko mailan. Tiraldiak goizeko hamaiketan hasi ziren eta bost talde aritu ziren nor baino nor gehiago: Erandioko Akelarre eta Goiherri, Laukizko Gaztedi, Getxo, eta Mutriku.

Denek denen aurka tiraldiak egin zituzten, puntu gehien lortzen zituen taldeak txapela eskuratzen zuelarik. Tiraldi bakoitzean birritan aritu behar ziren lehian bi talde aurkariak eta berdinketa egon ezkero hirugarren tiraldi bat egiten da irabazlea zehazteko. Emaitza 2-0 bada, talde garaileak hiru puntu eskuratzen ditu eta galtzaileak bakar bat ere ez. Aldiz, emaitza 2-1 izatekotan, nagusitzen den taldeak bi puntu pilatzen ditu eta galtzaileak bakarra.

Orohar tiraldi oso orekatuak ikusi ziren larunbat goizean, izan ere, 640 mailako txapelduna nor izango zen argitzeko eta azken sailkatua jakiteko ere berdinketa hausteko tiraldiak jokatu behar izan ziren.

Tiraldiak amaituta, Erandioko Goiherri eta Laukizko Gaztedi ados zeuden markagailu orokorrean, gainontzeko taldeei irabazi baitzieten eta haien arteko lehian 1-1 zeudelako.

Azkenean, Goiherri izan zen irabazlea, markagailuan indarrean zegoen berdinketa apurtzeko jokatutako tiraldian 2-0 nagusitu zelako Gaztediren aurka.

Mutriku izan zen hirugarrena, Akelarre eta Getxori 2-0 irabazita eta Goiherri zein Gaztediren aurka 2-0 galduta.

Eta arestian esan bezala, laugarren eta bosgarren postuak zehazteko berdinketa hausteko tiraldia egon zen ere, Akelarre eta Getxoren artean, hain zuzen. Gainontzeko taldeen aurka galdu eta gero, haien arteko lehian 1-1 egonda tiraldi gehigarria lehiatu zuten berdinketa apurtzeko, non Akelarrek eskuratu zuen garaipena eta ondorioz, laugarren postua. Getxo beraz, sailkapeneko bosgarrena izan zen.

Hurrengo larunbatean, abuztuaren 22an, 580 kiloko misto mailako Euskal Herriko Txapelketa lehiatuko da, arratsaldeko 17:00tan hasita.

Txapelketako jardunaldien egutegia

Txapelketa osoa Getxon jokatuko da eta pisu bakoitza egun bakar batean egingo da.

Aurtengo txapelketan bost jardunaldi burutuko dira irailaren 5era arte eta astero kategoria bakoitzeko neurketa guztiak egun bakarrean lehiatuko dira, Covid19 gaitzak eragindako egoera dela eta.

Jardunaldi guztiak, abuztuaren 15ekoa izan ezik, 17.00etan hasiko dira eta abuztuaren 15eko ekitaldia, esan bezala,11.00ean izango da. Jardunaldi bakoitzean puntu gehien lortzen duen taldeak etxeratuko du txapela.

-Lehenengo jardunaldian, abuztuaren 8an jokatu dena, 680 kiloetako kategorian, Getxo, Goiherri, Akelarre, Mutriku eta Gaztedi taldeak aritu dira nor baino gehiago.

-Bigarren jardunaldian, abuztuaren 15koa, 640 kiloetako kategorian, Getxo A-B, Akelarre, Mutriku eta Gaztedi taldeek neurtu dituzte indarrak.

-Hirugarren jardunaldian, abuztuak 22koa, 580 kiloko mistoan, Goiherri, Akelarre eta Gaztedi izango dira aurkariak.

-Laugarren jardunaldian, abuztuak 29an, 600 kilokoan, Getxo, Goiherri «A», Goiherri «B», Akelarre, Mutriku eta Gaztedi taldeen txanda izango da

-Bosgarren eta azken jardunaldian, irailaren 5ean jokatuko dena, 560 kiloetako kategorian, Getxo, Goiherri, Akelarre eta Gaztedi taldeak arituko dira.

Share This