Viva Rusia! eta zerbait gehiago ere
MARTXEL TOLEDO GARMENDIA
ESAITeko KIDE OHIA
Berria
→ MARTXEL TOLEDO GARMENDIA • 2018.06.30 • www.berria.eus
Txapelketa horren harira, egun batzuk baino ez idatzi nuela hausnarketarako tartea ere izan behar zuela gurean gertatzen ari zenak. Eta zentzu horretan doa hau ere, zeren, nire uste apalean, Espainiaren porrotak, momentuko euforiak sor dezakeen poza kenduta, ez duelako Euskal Herriko selekzioaren etorkizuna ezertan aldatzen. Eta benetan, horren aldekoa da egin behar dugun borroka, alegia, inoren aurka joan ordez, egoera behingoz aldatu eta gurearen ofizialtasuna irabazteko, eta, horrela, beste guztien parean lehiatu ahal izateko.
Azken emaitza jakin bezain pronto, eta jasotako txio batzuen harira, Espainiak galdu arren ez nago pozik, penaz baizik, ikusita gurean egunetik egunera la roja-k jarraitzaile sutsu gehiago dituela, eta hori guztiok galtzaile garen seinale baino ez delako idatzi nuen Twitterren. Eta horretan jarraitzen dut, alegia, besteen porrotaz gozatu ordez gurearen egoeraz kezkatu beharko genukeelako.
Eta, horretarako, uste dut ez dela nahikoa soilik «Viva Rusia!» eta antzekoak sare sozialetan oihukatzea eta plazaratzea, beste zerbait gehiago eta emankorragoa egin beharko genukeelako, etorkizunean, la roja-k egiten duenari begira sufritzen egon beharrean geurea animatu ahal izateko. Baino horretarako, gurean, guztiok txipa aldatu beharrean gaude. Eta lehen azterketarako ez da asko falta, 2020an jokatuko delako Eurokopa, eta Bilbo izango delako Espainiaren egoitza nagusia, horrek gurean ekar dezakeen guztiarekin, besteak beste, beraiekiko zaletasuna handitzea eta, ondorioz, jarraitzaileen gorakada ere nabarmen handitzea.
Horregatik, jarraitzen dut pentsatzen merezi duela borrokatzea, ezin garela soilik eskuak gurutzatuta gelditu Espainia edota Frantziaren porrotaren zain. Eta bide hori egitea guztiori dagokigu, ez soilik kirolzale, elkarte eta federazioei, baita Instituzioei ere; besteak beste, selekzioak herriarenak direlako.
Gogora ekarri baino ez Eurokoparen egoitza bat Bilbo izango zela jakin zenean, besteak beste, EAEko lehendakari Iñigo Urkulluk esandakoa, bertan euskal selekzioa ikustea espero zuela edo eta Bizkaiko Foru Aldundiko Jose Luis Bilbao diputatu nagusi ohiak adierazitakoa, San Mamesen Eurokopa bai, baina euskal selekzioak anfitrioi gisa jokatzen badu, bestela ez. Dagoeneko lehenengoa ziurtatuta dago, alegia, Eurokopako fase bat San Mamesen jokatuko dela, eta sailkatuz gero, Espainia bertan izango dela. Bigarrena, alegia, euskal selekzioak parte hartzearena, egunetik egunera zailago ikusten dudan erronka baino ez da.
Hala ere, ea adierazpenetik harago, hitzetatik ekintzetara pasatuta, euskal selekzioaren parte hartzea defenditzeko gaitasuna eta ahalmena dugun, eta San Mames futbol zelaian ofizialki Espainiarekin batera gure selekzioa ere ikusteko aukera izaten dugun. Horrek izan beharko lukeelako, koherenteak izanik gure selekzioarekiko, guztiok geure buruari jarri beharko genizkioken erronketako bat.
Beraz, hurrengoan, «Viva Rusia!» oihukatu ordez, «Gora Euskal Herria» ahoskatzeko aukera dugun, besteak beste, hori benetan irabazten ari garen seinale izango litzakeelako. Eta, jakina, behingoz irabaztera atera behar dugu, galtzen diren partiduak, soilik, lehiatzen ez direnak direlako.
Aurtengo Palako Banakako Txapelketa aurkeztu dute
Bizkaia Frontoian jokatuko da osorik, urtarrilaren 30etik martxoaren 13ra, eta guztira 7 jardunaldi izango dira
2020ko E.H-ko 4 1/2-ko Elite txapelketa azken txanpan sartu da
Datorren ostiralean lehiatuko da aurreneko finalaurrekoa, Maiz (Behar Zana) eta Espinal (Uharte) arituko direlarik elkarren aurka
KAE 1 Ligan 13 ontzi egongo dira eta KAE 2 Ligan 10 edo 11
KAE1ean 13 izango dira Kaikuk izena eman eta gero eta KAE2an 11 azkenean ZumaiaBk bere parte hartzea baieztatzen badu
0 Comments