MENDI LASTERKETAK

Oihana Kortazarrek marka berria ezarri du Anetoko igoera eta jaitsieran

2021/08/09

Argazkiak: lasterketak.eus

Oihana Kortazar mendi korrikalari elgetarrak Anetoko igoeraren errekorra hautsi du, eta, azpimarratu duenez, Emma Roca omentzeko egin du. Izan ere, berak zuen aurreko errekorra (5.02.31), eta ekainean hil zen, 47 urte zituela, minbizi baten ondorioz.

Guztira, 4 ordu, 40 minutu eta 42 segundu behar izan zituen Kortazarrek 3.404 metroko altuera eta 2.300 metro baino gehiagoko desnibela duen Aneto mendia (Huesca) igo eta jaisteko, hartara 1998an Emma Roca katalanak egindako marka 22 minututan ontzea lortu zuelarik.

39, 7 kilometroko ibilbidea jarraitu zuen Kortazarrek, Vallibierna eta Ibones de Coronas-ekoa,  Rocak 1998an Aneto X-Treme Marathon-en egindako berbera. Orduko hartan katalanak 5 ordu, 2 minutu eta 31 segundu behar izan zituen, eta berea zen orainarteko errekorra. 

Duela hogei bat urtetik zegoen indarrean igoera eta jaitsieraren erronka, Emma Roca eta Teresa Rocak egin zutenetik eta eurek egindako denbora ontzeaz gain, biak omendu nahi izan ditu Kortazarrek. Gainera, Teresa Roca beraren aholkuak eta babesa ere izan zituen errekorra lortzeko garaian. Berak irabazi zuen Aneto X-Treme Marathon 1999an, eta 1998an Anetoko igoeran denborarik onena egin zuen, Emma Rocak irabazi zuen urtean. Teresa Rocak 3 ordu 10 minutu eta 50 segundu behar izan zituen 1998an mendia igotzeko, eta Kortazarrek 24 minutu gutxiagoan egin zuen, 2 ordu eta 46 minutu behar izan baitzituen.

Anetoren erronka izaera berezia zuen Kortazarrentzat. Honakora arte, soilik behin igotakoa zuen mendia, 2008ko maiatzean, mendizale lagun koadrilarekin. Artean oraindik ez zen mendi lasterketetan murgildua baina Aneto igo eta hilabete batzuetara hasi zuen mendi lasterketari gisa izandako ibilbide oparoa. Hasieran afizionatu gisa, gerora Euskal Selekzioarekin garaipenak eskuratuz, harik eta 2011tik aurrera nazioarte mailan ezaguna egin zen arte, Zegaman eta Sierre Zinalen garaile atera ondotik.

Elgetarrak bere marka saiakera goizeko 5:45etan hasi zuen Benasqueko Enparantza Nagusitik abiatuta, eta hasieratik garbi zuen gakoa igoeran zegoela, hor eman behar baitzuen zuen onena geroago oso teknikoa zen jeitsieran izango zituen arazoak konpentsatzeko. Gauzak horrela, gogotik saiatu zen aurreneko 18 kilometrotan gailurrera 2 ordu eta 46 minutuko denboran ailegatuta (igoera errekorra baino 24 minutu gutxiago), handik aurrera ederki asmatu zuelarik esfortzuak orekatzen, azkenean helmugara iritsi zelarik marka berria poltsikoratuta.

Behobia-Donostian izena emateko epea zabalik

Behobia-Donostian izena emateko epea zabalik

Lehen fasea, Martxoaren 24ean hasi eta Apirilaren 23an bukatuko da, honakoentzako delarik: Ohikoak 3/5, Patinatzaileak 3/5, Dortsal Solidarioak eta Pakete Turistikoak

T3T mendi maratoia bertan behera geratu da

T3T mendi maratoia bertan behera geratu da

Antolakuntzak beharrezkoak ziren berme guztiak ezartzeko larri zebilen eta parte hartzaileen prestakuntza ere zalantzan zegoen koronabirusak eragindako egoeragatik