EUSKAL PILOTA

Banakako Erremonte Txapelketaren aurreko ligaxkako azken partida jokatu da

2021/08/09

Argazkiak:oriamendi2010

Ansa II.ak Goikoetxea V.a baino maila bat gorago zegoela erakutsi zuen eta 30-11 irabazi zion, Banakako Kutxabank Sari Nagusiaren aurreko ligaxkako azken partidan.

Ansa II.ak 24 tanto egin behar zituen, baina ez zuen zalantzarik utzi nahi izan eta aurkaria baino gehiago izan zen hasieratik. Goikoetxea saiatu zen, baina bere herrikideak erabat gainditu zuen. Irabazleak zortzi punturekin amaitu du beraz lehen ligaxka, bi garaipenekin, eta orain Urrizaren aurka arituko da datorren ostegunean jokatuko den ligaxkako lehen partidan.

Ansa II.ak bere baliabideak atera zituen eta oso ondo atera zuen, 12 tanto egin zituelarik sakearekin eta hamahiru piloteoan. Goikoetxeak aldiz, tanto bakarra egin zuen sakearekin eta bederatzi piloteoan. Markagailuak argi utzi zuen bataren eta bestearen arteko aldea.

Binakako estelarrean Urrizak Zubirirekin eta Barrenetxeak Juanenearekin jokatu zuten eta azken hauek 28-40 irabazi zuten oso partida politean. Markagailua engainagarria izan daiteke, gorriek tanto bakarra egin baitzituten 27-29koa eta gero eta 1-11ko partzial batek partida erabaki zuen.

Ordura arte neurketa parekatua izan zen. Urriza berriro agertu zen konfinamenduaren ondoren eta maila handian aritu zen, baina urdinak hobeto aritu ziren. Juanenea oso ondo aritu zen eta Barrenetxea eskumuturreko lesiotik indartsu itzuli dela erakutsi zuen.

BURUZ BURUKO ERREMONTE TXAPELKETA

Lehiaketako lehen fasean, hiruko ligaxka jokatuko dute Zubiri, Ansa II.a eta Aizpuru III.ak. Ligaxka honetan bigarren eta hirugarren sailkaturikoak txapelketatik at geratuko dira. Sailkapena berriro ere lorturiko puntuen arabera neurtuko da eta hiru partida jokatuko dira. Txapelketako partida guztiak ostegunetan eta larunbatetan jokatuko dira, 17:00etan hasita.

Beraz, lehen ligaxkako bigarren partida abuztuaren 5ean jokatuko da eta hirugarrena abuztuaren 7an. Lehen sailkatua finalerdietako bigarren ligaxkara pasatuko da, eta han zain izango ditu txapela jantzeko faborito nagusiak diren erremontistak: Urriza, Barrenetxea IV.a eta Juanenea. Denek denen aurka jokatuko dute sei jardunaldi edo partidatan. Lehen sailkatua irailaren 11ko finalera pasatuko da eta bigarren eta hirugarren sailkatuak irailaren 4an jokatuko den finalaurrekoan arituko dira.

Ligaxka ixten duena txapelketatik kanpo geldituko da. Sailkapena berriro puntuen bidez egingo da. Berdinketa izanez gero, berdinduak daudenen arteko lehiako emaitza hartuko da kontuan, eta berdinketa hirukoitza izanez gero, tanteo orokorra aintzat hartuko da.

Finalerdietako ligaxkako aurreneko partidan, tradizioa den bezala, aurreko edizioko txapelduna (kasu honetan Urriza), eta lehen ligaxkako txapelduna neurtuko dira abuztuaren 12an. Barrenetxea eta Juanenea berriz, abuztuaren 14an arituko dira nor baino nor gehiago eta gainontzeko lau jardunaldiak hilaren 19an, 21ean, 26an eta 28an lehiatuko dira.

Share This