EUSKAL SELEKZIOA/MENDI LASTERKETAK
Oihana Azkorbebeitiak hamargarren amaitu du Munduko Kopan
Argazkia: @EkaitzAnda
Azkorbebeitiak lehen hamarren artean amaitu du 2019ko Munduko Kopa
Limone Sul Garda (Italia) herrian amaitu den mendi lasterketetako Munduko Kopak, bi protagonista nagusi izan ditu; Sheila Aviles kataluniarra eta Ruy Ueda japoniarra. Biak ere, mendi lasterketetako munduko txapeldun amaitu dute. Hamasei lasterketa izan dituen egutegian, Oihana Azkorbebeitiak, lehen hamarren artean sailkatzea lortu du.
➡️ Beñat Marmissolle, Aviron Bayonnais / Orhi Mendi Taldekoa zortzigarren egin du @Skyrunning_com Munduko Kopa sailkapen orokorrean#MendiLasterketak #SkyrunnerWorldSeries19 #SkyMasters19 @Emffvm @lasterketak https://t.co/xWoAUcwEpq pic.twitter.com/MD801mclZT
— Euskal Herria Kirola (@ehkirola) October 21, 2019
➡️➡️➡️➡️ ZUZENKETA: Beñat MarmissolleK (Aviron Bayonnais / Orhi Mendi Taldea): 6⃣ SEIGARREN
— Euskal Herria Kirola (@ehkirola) October 21, 2019
Euripean jokatu den Skymasters lasterketa bereziak, 70 partehartzaile inguru izan ditu gizonezkoen eta emakumezkoen artean. Emakumeetan, lehia estua izan da lehen kilometrotik, 27 kilometro eta 2600 metroko desnibel positiboa zituen lasterketan. Borroka gogorra izan dute lasterketa irabazteko Denisa Dragomirrek eta Sheila Avilesek. Lasterketa Dragomirrek (3:36,55) irabazi du, Avilesen (3:39,13) eta Marcela Vasinovaren (3:51,35) aurretik. Aldiz, Aviles kataluniarra izan da Munduko Kopako garailea. Euskaldunetan, Oihana Azkorbebeitiak, urte guztian zehar erakutsi duen erregulartasuna agerian utzi du Italiako lasterketan. Helburu bakarra zuen abadiñoarrak lasterketaren bezperan; bederatzigarren postua mantentzea. Bederatzigarrenari ezin izan dio eutsi, baina hamargarrena eskuratzea lortu du. Azkorbebeitia zazpigarren izan da helmugan, baina gaurko puntuen bikoizketak, hamargarren postuan jarri du sailkapen orokorrean. “Uste baino gustorago aritu naiz lasterketan zehar. Helburua bederatzigarren postua mantentzea zen, eta naiz eta postu bat galdu, aurtengo helburua bete dut” adierazi du abadiñoarrak helmuga igaro bezain pronto. Maria Zorroza gernikarrak, bereak eta bi ikusi behar izan ditu lasterketan zehar. Hamabosgarren kilometroan izandako txakalaldi batek, hamabosgarren postuan amaitzera eraman du (4:15,50). “Ez nuen ezer galtzeko, eta arriskatzera atera naiz, baina azkenean asko sufritu dut txakalaldi bategatik. Gorputzari buelta ematea lortu dut, eta eskerrak horri! Gustora amaitu dut Munduko Kopa” azpimarratu du gernikarrak. Mayi Mujika legazpiarrak bere aldetik, lasterketa bertan behera utzi behar izan du lesio bat medio.
Gizonezkoen saila
EMF-FVMGizonezkoen lasterketak, izugarrizko lehia izan du hasieratik amaierara arte. Munduko Kopa irabazteko bi hautagai nagusiak ziren Ruy Ueda eta Oriol Cardonak azken kilometrora arte izan dute txapeldun izateko aukera. Helmugan, Ruy Ueda japoniarrak, 3 ordu, 3 minutu eta 15 segundo behar izan ditu lasterketa irabazteko. Atzetik, Cardona (3:03,27) eta Christian Mathys (3:08,12) izan ditu japoniarrak hurrenez-hurren. Munduko onenaren saria ere, Uedak eskuratu du Cardona kataluniarraren kaltetan. Euskal Selekzioko kideen artean, Ander Iñarra lezoarrak ezin izan du sailkapen orokorreko zazpigarren postua mantendu. Limoneko finalaren atarian izandako lesio batek ez dio bere onena ematen utzi, eta hogeita zortzigarren postuan amaitu du (3:40,11). Sailkapen nagusian, hamabigarren postura jaitsi da azkenean. “Goraka ondo joan naiz, baina aldapa behera hasten nintzenean oinez egin behar nuen. Lesioak ez dit utzi gehiago ematen” adierazi du atsekabetuta lezoarrak. Julen Martinez de Estibarizek bere aldetik, lasterketa polita osatzea lortu du. Arabarrak, hemezortzigarren postuan amaitu du lasterketa (3:22,29). “Gustora ibili naiz lasterketan. Oso sentsazio onak izan ditut, baina azken jaitsiera oso luzea egin zait. Erregulartasun falta izan dut Munduko Kopan puntu gehiago pilatzeko garaian” argitu du Martinez de Estibarizek helmugan.
Euskal Padel Selekzioa Europako Txapelketan arituko da
Bizkaian jokatuko den lehiaketan 14 herrialdetako ordezkariek hartuko dute parte
Euskal Selekzioa, Europako Kayak Surf txapelduna
Euskal taldearen nagusitasuna erabatekoa izan zen, hamazazpitik hamabost garaipen lortu zituelarik
Euskal Selekzioak beste brontzezko domina bat lortuta amaitu du Mundiala
Euskal ordezkaritzak guztira 7 domina eskuratu ditu: urrezko lau eta brontzezko hiru