EUSKAL SELEKZIOA/MENDI LASTERKETAK

Bost korrikalari izango ditu Euskal Selekzioak Skyrruning Munduko Kopako finalean

| 2019/10/17

Mendi lasterketetako Euskal Selekzioak bost korrikalari izango ditu Munduko Kopako finalean

Mendi lasterketetako Euskal Selekzioa, Limone Sul Gardara (Alpeak, Italia) abiatuko bihar, mendi lasterketetako Munduko Kopako finala jokatzera. Urte hasieran Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako akordioari esker, 2019ko kopako proba gehienetan parte hartzeko aukera izan du Euskal Selekzioak. Apirilean Japonen hasi zuen ibilbideak, larunbatean izango du amaiera Italian jokatuko den finalarekin. Mundu guztian jokatu dituzte probak selekzioko kideek, hamaika izan direlarik jokatutako probak. Lasterketa guztietan hauetan bildutako puntuak kontutan hartuta, larunbateko finalean izango dira besteak beste, Oihana Azkorbebeitia, Maria Zorroza, Mayi Mujika, Ander Iñarra eta Julen Martinez de Estibariz.

Italiara abiatu aurretik, prentsaurrekoa eskaini dute Donostiako Eusko Jaurlaritzaren egoitzan. Han izan dira, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendaria,Jon Redondo; Federazioaren zuzendari teknikoa, Irati Anda; Euskal Selekzioaren hautatzaileetako bat, Iñaki Uribe-Etxebarria; eta Euskal Selekzioko korrikalari diren Oihana Azkorbebeitia, Mayi Mujika eta Ander Iñarra.

Finalaren atarian

Jon Redondo Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak azpimarratu nahi izan du Euskal Selekzioa egiten ari den lana: “Eusko Jaurlaritzak lan egiten du nazioarteko onarpen ofiziala duten federazioak gero eta gehiago izan daitezen, eta, era berean, ahalegin berezia egiten du onarpen hori daukaten federazioak eta selekzioak babesteko. Hori dela eta, aurten akordio bat sinatu dugu Euskal Mendizale Federazioarekin mendi lasterketetako Euskal Selekzioa laguntzeko eta bere kirol ibilbide bikaina bultzatzeko. Selekzioko kirolariak munduan barrena ordezkatzen ari dira gure herria eta gure kirola, lan ezin hobea eginez”.

Era berean, Redondok nabarmendu du lanean jarraituko dutela Euskal Mendizale Federazioaren onarpena erabateko izan dadin: “Euskal Mendizale Federazioa onartuta dago Nazioarteko Mendizale Federazioan; ahotsa dauka, baina ez botoa. Uste dugu pauso berriak eman behar direla nazioarteko erabateko onarpena izan dezan”.

Hitza hartzen hurrena, Euskal Mendizale Federazioaren izenean, Irati Anda zuzendari teknikoa izan zen: “Euskal Mendizale Federazioak urte asko daramatza nazioarteko probetan parte hartzen. Aurtengoan ere euskaldunen parte hartzea nabaria izan da, selekzioko hamairu kidek hartu dute parte Munduko Kopako probaren batean, eta parte hartze handi horren seinale ditugu gainera finalera sailkatu diren bost lasterkariak: Maria Zorroza, Oihana Azkorbebeitia, Mayi Mujika, Ander Iñarra eta Julen Martínez de Estibariz. Lanik gogorrena kirolariek egiten dutela esan beharrik ez dago. Federaziotik bide hori errazten saiatzen gara neurririk handienean eta Eusko Jaularitzarekin dugun hitzarmena laguntza horren adierazgarri da hain zuzen ere.”

Iñaki Uribe-Etxebarria hautatzaileak, Italiako finalaren atarian, urte osoko balorazioa egiteko probestu du: “Egun gutxi barru, mendi lasterketen selekzioak beste denboraldi bikain bati amaiera emango dio. Parte hartutako kopa eta txapelketetan beste behin ere punta puntako emaitzak lortuz. Batetik, Espainiako Kopan, mutiletan garaipena lorturik, Espainiako Txapelketan mutil zein nesketan, eta baita taldeka ere. Ultren distantzian ere, bigarren eta hirugarren postu lortu ditugu, eta selekzioka ere garaile. Munduko kopari dagokionez, aurten selekzioak erronka berri bati egin behar izan dio aurre, izan ere distantzia ezberdinez osaturiko kopa izan baita”.

Era berean, Euskal Selekzioko korrikalari den Oihana Azkorbebeitiak adierazi du: “Aurtengo denboraldia luzea eta intentsitate handikoa izan da, lasterketa asko korritu ditut. Egin ditudan Munduko Kopako lasterketa guztietan lehen hamarren artean sartzea lortu dut, eta final honetan ere horixe izango da helburua. Sailkapen orokorrari begira momentu honetan bederatzigarren postuan nago, eta horri eustea izango da nire erronka. Nahiko nekatuta nago egia esan, orkatilak aspaldian ari zaizkit atsedena eskatzen, beraz, fisikoki ahalik eta ondoen helmugaratzen saiatuko naiz”.

Finalean egongo den beste korrikalarietako bat, Ander Iñarra izango da: “Bada aurten 7 lasterketa egin ditut Skyrunning Word Seriesekoak, eta Limonekoarekin zortzigarrena izango da. MT Awa Skyrace (Japon), SkyRace des Matheysins (Frantzia), Livigno Skymarathon (Italia), Buff Epic Trail 42K (Katalunia), Tromso Skyrace (Norvegia), Matterhorn Ultranks “EXTREME” (Suitza), Pirin Ultra Skyrace (Bulgaria) eta Limonextrem SkyMasters (Italia). Auten distantzia luzeetan estreinatu naiz eta oso ondo joan zaizkit, esperientzia positiboa izan da, Tromsonen (Norvegia) zortzigarren postua lortu nuen eta Pirin Ultran (Bulgaria) berriz, bigarren izan nintzen. Duela gutxi izandako gihar arazoengatik ez dut uste baldintza egokienetan iritsiko naizenik. Rankingari begira, irteeeran egotea komeni zait, eta hala egongo naiz”.

Bestalde, Mayi Mujika debutaria ere, gogotsu dago Limonerako: “Munduko kopan parte hartu dudan lehen aldia izan da hau. Lasterketa paregabeetan korritzeko aukera izan dut maila handiko korrikalariekin batera. Hala ere, gehien baloratzen dudana, selekzioan dugun talde giroa da. Azken batean, asteburu asko eman ditugu etxetik kanpo eta bizitako esperientziak izugarriak izan dira. Kopako lehen lasterketetan espero ez nituen emaitzak lortu nituen, esaterako, Livignoko eta Japoneko 10. Postuak, eta Greziako 5. postua. Munduko Kopatik harago, Ultra distantzian Espainiako txapelketan 3.postua lortu nuen. Baina hortik aurrera ez dut lehiatzeko aukerarik izan belauneko lesio bat dela medio. Hobetzeko asko dudan arren, oso pozik nago kopako lehen erdian lortutakoarekin. Limoneko finalari dagokionez, lesioa guztiz gainditu ez dudanez eta ganoraz entrenatzen utzi ez didanez, ez dut esperantza handiegirik egia esan. Nire helburua lasterketa ahalik eta txukunena egitea izango da”.

Italiako proba

Sky Masters Limone Xtreme lasterketa, munduko mendi lasterketa garrantzitsuenetako bat da. Larunbatean jokatuko den aurtengo finalerako, ibilbide berria izango du lasterketak, eta korrikalariek, 27 kilometroko luzerari eta 2600 metroko desnibel positiboari egin beharko diote aurre eguerdiko 13:00tatik aurrera.

Euskal Selekzioak Munduko Kopan egin duen egutegia

 Apirilak 21: Mt Awa. Japon
 Maiatzak 11: Transvulcania. Kanariar Uharteak
 Maiatzak 19: Skyrace des Matheysins. Frantzia
 Ekainak 15. Livigno skymarathon. Italia
 Ekainak 29. Olympus marathon. Grezia
 Uztailak 14: Buff Epic Trail. Kataluinia
 Uztailak 28. Skyrace Comapedrosa. Andorra
 Abuztuak 23. Matterhorn Ultraks. Suitza
 Irailak 15. Zacup Skyrace. Italia
 Urriak 5. Sky pirineu. Kataluinia
 Urriak 19. Finala. Italia

Share This