ESKALADA

Mikel Linazisorok Obaba (9a zailtasuna) bidea kateatu du Baltzolan

2020/11/07

Argazkiak: emf.eus

Urriaren 25ean kateatu zuen Euskal Selekzioko kide den Mikel Linazisorok Obaba (Bizkaia, 9a zailtasuna) bidea Baltzolan. Bere garaian Iñaki Marco ‘Kongi’-k prestatutako bideak, jarraipena izan du. 2017an Iñaki Arantzamendik zailtasun gradu berria ipini zionetik, inork ez zuen igotzerik lortu. Orain, I’ll Domani (Baltzola, 9a zailtasuna) igotzen saiatuko da urtea amaitu aurretik.

Honakoa izan da 2000. urtean Bergaran jaiotako kirolariaren hirugarren 9ª zailtasuna bere ibilbidean. Lehena, 2016an “Beti puntuan” (Etxauri) izan zen, eta bestea “Sistematik ihes”.

Obaba prestatzeko udan dezente denbora pasa du arrokan eskalatzen Linazisorok, eta Tas-Tas (8c+/9a) eta Chambao (8c/+) osatzeko aukera izan zuen lehenbizi. Abuztuan Munduko Koparako proba batera abiatu aurretik, Obaba ikustera gerturatu eta unean bertan asko gustatu zitzaion. Irailean etxera itzultzerakoan, pare bat asteburutan Obaba probatzen hasi zen serioago. Une batean, bidea busti egin zen, eta hilabete batean azaldu gabe egon zen baina urriaren 25ean, ikusirik nahiko lehorra zegoela, saiatzea erabaki zuen. Azkenean, egun berean bertan eta hamar saiakera egin ostean, bidea kateatzea lortu zuen bergararrak.

Bere prestakuntza Moskuko Europako Txapelketara begira zegoen baina dena bertan behera gelditu zen, eta urtea horrela amaituko da, txapelketarik gabe, alegia. Ez da egoera erraza inondik inora, baina arrokan gehiago entrenatzeko probestuko du geldialdi hau bergararrak.

Neguan I ́ll Domani (Baltzola, 9a zailtasuna) egiten saiatuko da orain LInazisorok. Aspalditik dauka begiz jota, eta orain dela gutxi saiakera txiki bat egin zuen eta nahiko ondo joan zitzaion. Egoerak nola jarraitzen duen ikusi beharko da, baina negurako hura izango du erronkarik gogorrena, urtea amaitu aurretik saiatu nahi duelarik.