HERRI KIROLAK/AIZKORA
Mikel Larrañagak irabazi du Gipuzkoako Aizkora Txapelketa
Mikel Larrañagak jantzi du Gipuzkoako Aizkora Txapelketako txapela
Pasa den igandean, azaroak 14, Beasaingo Antzizar kiroldegian jokatu zuten lehia eguerdiko 12:00etatik aurrera, eta azpeitiarra izan zen lanak azkarren amaitu zituen aizkolaria. Larrañagaren ondoren sailkatu ziren, hurrenez hurren, Eneko Otaño beizamarra eta Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra.
Aurtengo Gipuzkoako Aizkolari Txapelketa Nagusiko finalean guztira sei aizkolari aritu ziren nor baino nor gehaigo: Mikel Larrañaga, Julen Alberdi ‘Txikia IV’, Eneko Otaño, Ugaitz Mugertza, Iñaki Azurmendi eta Jexuxmari Mujika. Aizkolariek hamar enbor ebaki behar izan zituzten lanak amaitzeko: 54 ontzako lau enbor, 60 ontzako beste lau eta 72 ontzako bi.
Esan bezala, Mikel Larrañaga izan zen azkarrena enborrak mozten, horretarako 29.38,8ko denbora baliatu zuelarik. Bigarren postuan Otaño sailkatu zen 30 minutu eta 31 segundoko denborarekin, eta Txikiak osatu zuen podiuma (34 minutu eta 16 segundo). Atzetik, laugarren Ugaitz Mugerza izan zen, bosgarren Iñaki Azurmendi eta seigarren Jesus Mari Mujika.
Larrañagak, gainera, ederki asko erakutsi zuen sasoi betean dagoela eta ez zien inolako aukerarik eskaini aurkariei (bigarren sailkaturiko Otañori 54 segundoko aldea atera zion), hartara bere Gipuzkoako hirugarren txapela eskuratu zuelarik (aurrekoak 2014an eta 2016an izan ziren).
Hona hemen sailkapena osorik:
1- Mikel Larrañaga 29 minutu eta 38 segundo
2- Eneko Otaño 30 minutu eta 31 segundo
3- Julen Alberdi Txikia IV.a 34 minutu eta 16 segundo
4- Ugaitz Mugertza 35 minutu eta 13 segundo
5- Iñaki Azurmendi 36 minutu eta 17 segundo
6- Jesus Mari Mujika 39 minutu eta 36 segundo
Txapeldunaren hurrengo erronka igande honetan izango da Bilbon, bertan erabakiko baita Euskal Herriko aizkolaririk onena zein den, Aizkolari Txapelketa Nagusiko finalean. Izan ere, Gipuzkoako txapela eskuratzeaz gain, Larrañagak Euskal Herriko txapelketako kanporaketan denborarik onena egin baitzuen, eta aurreko abuztuan Donostiako Urrezko Kopa irabazi.
Euskadiko Lur Gaineko Sokatira Txapelketa
Bost jardunaldi burutuko dira irailaren 5era arte eta astero kategoria bakoitzeko neurketa guztiak egun bakarrean lehiatuko dira
Urrezko aizkolari zein harrijasotzaileen finalak igandean jokatu ziren
Aizkoran, Julen Alberdi Txikiak lortu zuen garaipena, harri-jasotzen Urrak jantzi zuen txapela gizonezkoetan eta Karmele Gisasolak emakumezkoetan.
Xabier Orbegozok eta Andoni Iruretagoienak irabazi dute I. Binakako Euskal Pentatloia
Bigarren sailkatu diren Kepa Peñagarikano eta Joxean Olaskoagari ia minutu bateko aldea aterata jantzi dute txapela