HERRI KIROLAK/AIZKORA/HARRIA

Urrezko aizkolari zein harrijasotzaileen finalak igandean jokatu ziren

by | 2020/08/04

Argazkiak: egursport.com

Egur Sport-en hiru lehiaketen finalak jokatu ziren pasa den igandean, abuztuak 2, Aiako probalekuan, arratsaldeko 18:00tan hasita

 

Egur Sportek antolatutako txapelketek bidea ireki zuten ekainaren 27an, Urrezko banakako aizkolari txapelketa, Hiru hamarreko harrijasotze txapelketa eta emakumezkoen harrijasotze txapelketa abian jarri zirelarik data horretan. Ordutik sei jardunaldi lehiatu dira guztira eta azkenik igande honetan jokatu ziren aipatu lehiaketen finalak.

Aizkoran, Julen Alberdi Txikiak lortu zuen garaipena, harri-jasotzen Mikel Lopetegi Urrak jantzi zuen txapela gizonezkoetan eta Karmele Gisasolak emakumezkoetan.

XXIII. Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketa “Eusko Label Saria”:

Esan bezala, Julen Alberdi Txikia da txapeldun berria, azkoitiarrak ezustekoa eman zuen eta 21 minutu eta 46 segundoko denbora eginda garaipena erdietsi zuen. Mikel Larrañaga izan zen bigarren sailkatua, 22 minutu eta 58 segunduko denborarekin, eta Iker Vicente hirugarrena, 23 minutu eta 40 segundotan amaitu zuelarik bere lana.

Vicente, Euskal Herriko txapelduna, norgehiagoka irabazteko faborito nagusia zen baina Alberdi fin aritu zen proba guztietan eta lehenengo postuan amaitzea lortu zuen.

Honako edizioan, bederatzi aizkolarik hartu dute parte: Iker Vicente, Mikel Larrañaga, Julen Alberdi ‘Txikia IV.a’, Jon Rekondo, Ugaitz Mugertza II.a, Eneko Otaño, Ruben Saralegi, Iñaki Azurmendi eta Jexux Mª Mujika.

Egin beharreko lana, sei enbor ebakitzea hiru modalitate hauetan: erlojuaren aurkakoa, abiadurakoa eta azken proba.

Emakumezkoen Harrijasotze Txapelketa “Kirolbet Saria”:

Emakumeen harri-jasotze neurketan ere ezustekoa egon zen, izan ere, Karmele Gisasola Zelai III.ak jantzi zuen txapela, Virginia Finol iruindarrari irabazita. Mallabitarrak 59 jasoaldi egin zituen (zilindroari 24, kubikoari 12 eta bolari 23), bat gutxiago  Finolek (zilindroari 23, kubikoari 13 eta bolari 22, eta Udane Ostolatzak harri arinagoarekin, 44 altxaldi (zilindroari 19, kubikoari 10 eta bolari 15).

Hiru harrirekin egin zituzten lanak: zilindroa, kubikoa eta bola altxatuko dituzte. Finolen eta Zelai III.aren hiru harriek 63 kiloko pisua zuten, eta Ostolazarenak 50, Udaneren adina kontuan hartuta ezarri zutelarik harrien pisuan alde hori. Nolanahi ere, harri-jasotzaile gaztearen txapela jaso zuen oriotarrak.

Hiru Hamarreko Harrijasotze Txapelketa:

Harri-jasotzen, gizonezkoetan, Mikel Lopetegi Urra izan zen onena, 53 jasoaldi eginez (zilindroari 22, kubikoari 16 eta bolari 15). Bigarren Urdax Magunazelaia sailkatu zen, 52 jasoaldirekin (zilindroari 21, kubikoari 15 eta bolari 16), eta hirugarren Xabier Peña izan zen, 50 jasoaldirekin (zilindroari 19, kubikoari 14 eta bolari 17).

Harri-jasotze modalitatea sustatzeko ildoari jarraituz, harrijasotze txapelketa berria da honakoa, zeinean sei harri-jasotzailek parte hartu duten lehenengo edizioan: Xabier Peña, Mikel Lopetegi ‘Urra’, Imanol Albizu ‘Goikoetxe’, Beñat Telleria, Inhar Urruzuno eta Urdax Magunazelaia.

Txapelketa hiru harri ezberdinekin jokatu da bi minutuko denboran, zilindro zaharra, kubikoa eta bola, hain zuzen ere, guztiak 125 kilokoak (berez 10 arroba direnak, hortik baitator “Hiru hamarreko” izendapena).

Share This