EUSKAL PILOTA/XAREA

Matxalen Mendizabal eta Maider Isasa nesken xarearen historian sartu dira

by | 2020/01/16

Argazkiak: ataria.eus

Matxalen Mendizabal –Maider Isasa eta Nora Galartza eta Irati Fernandez osatutako bikoek, larunbatean Ametsa Trinketean jokatu zen partida historikoaren protagonistak izan ziren.

 

Egun historikoa bizi izan zen larunbatean, urtarrilak 11, Irurako Ametsa Trinketean, historian lehen aldiz, xareko nesken arteko infantil mailako partida ofizial bat jokatu zelako, 2020ko xareko Gipuzkoako Txapelketa barruan.

Ametsa Pilota Elkarteko bi bikotek izan zuten ohore hori ; Matxalen Mendizabal eta Maider Isasak, batetik, eta Nora Galartza eta Irati Fernandezek, bestetik .

Partidari dagokionean, Mendizabal- Isasa I bikoa izan zen garaile, Galartza I- Fernandez bikoari 30-14 irabazita. Irabazleek aurrea hartu zuten partida hasieratik eta emaitzak erakusten duen modura garipen erosoa erdietsi zuten.

Mutilen infantil mailako partidan, Ametsa 2ko Yarza-Heras bikoak 30-19 irabazi zion Ametsa 4ko Galartza II-Aristi bikoari. Galartza II-Aristi bikoak ez zuen bere maila eman, eta Yarza-Heras bikoa sendo aritu zen partida osoan zehar, eta arazorik gabe lortu zuen lehen garaipena.

Kadete mailako lehen partidan, Ametsa 5eko Zabalegi-Isasa II bikoak nagusitasun osoz irabazi zion Ametsa 4ko Mendizabal-Mujika bikoari 35-16 irabaziz. Bigarren partidan, Ametsa 3ko Montero-Yeregi bikoak 35-21 irabazi zion Huarte-Itoitz bikoari.

Igandean jokatu zen mutilen infantil mailako jardunaldiko azken partida, eta Ametsa 1eko Bernal-Lopetegi bikoak , Ametsa 3ko Mendizabal-Maiza bikoari 30 eta 22 irabazi zion.

Bestalde, larunbatean, urtarrilak 18, 16:00etan hasita, jokatuko da Irurako Ametsa trinketean Gipuzkoako xare Txapelketari dagokion 2. jardunaldia.

Lehen partida, infantil mailako nesken artekoa, Ametsa 2(Goenaga-Gorriti)/ Ametsa 1(Galartza I-Fernandez)bikoen artekoa izango da.

Bigarren partida, kadete mailako mutilen artekoa, Ametsa 5( Zabalegi-Isasa II)/ Ametsa 1(Huarte-Itoitz) izango da, eta amaitzeko, hau ere kadete mailako mutilen artekoa, Ametsa 2(Iturbe-Huitzi)/Ametsa 4(Mendizabal-Mujika) bikoen artekoa izango da.

Share This