HERRI KIROLAK/AIZKORA

Binakako aizkolarien txapelketako jardunaldi bikoitza igandean

2020/01/16

Argazkiak: egursport.com

Urrezko Binakako Aizkolarien “Eusko Label Saria”Txapelketako bina jardunaldi lehiatuko dira igande honetan, bata Aian eguerdiko 12:00tan hasita eta bigarrena Iraetan arratsaldeko 18:00tatik aurrera.

 

Urtarrilak 19an, Aiako probalekuan

Aiako probalekuan, Ugaitz Mugertza eta Julen Alberdi “Txikia IV”a Ruben Saralegi eta Eneko Otañoren aurka arituko dira, 22 enbor – 5 izakerako jardunean.

Urrezko emakume banakako aizkolari txapelketan Nerea Sorondo eta Irati Astondoa izango dira aurrez aurre, 6 enbor-2 eratako lanean.

Eta azkenik, Urrezko Harrijasotze txapelketan, Iñigo Eizagirre “Eiza” eta Xabier Peña arituko dira. Erabiliko dituzten harriak hurrengoak:175 kiloko laukizuzena, 150 kiloko kubikoa eta 125 kiloko bola.

 

Urtarrilak 19an, Iraetako pilotalekuan

Ordu batzuk geroago, Iraetako pilotalekuan, Iker Vicente eta Jesus Mari Mujikak osatutako bikoteak Mikel Larrañaga eta Jon Rekondoren aurka neurtuko ditu indarrak, txapelketako orainarteko gainontzeko jardunaldietan bezalaxe 22 enbor-5 izakerako lanean arituko direlarik.

Baita ere, Errota Harri jasotze txapelketa lehiatuko da bertan. Partehartzaileak honakoak: Xabier Peña (Aizarnazabal), Mikel Lopetegi “Urra” (Zarautz), Jagoba Otaegi (Aizarna), Beñat Telleria (Lasarte), Inhar Urruzuno (Ondarroa) eta Jon Gisasola “Zelai V” (Mallabia). Erabiliko den Errota Harria, 107 kikoko bola, hiru minutuko txanda bakarrean.

Aurreko jardunaldiak:

Urtarrilak 5ean eman zitzaion hasiera Deban Urrezko binakako aizkolarien txapelketari. Mikel Larrañaga azpeitiarra eta Jon Rekondo leitzarra osatutako bikoteak, Ugaitz Mugertza mutrikuarra eta Julen Alberdi “Txikia IV” azkoitiarra izan zituen aurrez aurre. Mikel Larrañaga eta Jon Rekondok irabazi zuten lehenengo jardunaldi hau guztira 21 minutu eta 23 segundu behar izan zituztelarik lana amaitzeko. Bere aurkariek, Mugerza eta Alberdik, lan berdinean orotara 22 minutu eta 15 segunduko denbora erabili zuten ordea.

Astebete geroago, igandea 12, bigarren saioa izan genuen Beizamako Illaunpe pilotalekuan, Iker Vicente eta Jesus Maria Mujika aritu zirelarik nor baino nor Ruben Saralegi eta Eneko Otañoren aurka. Irabazleak Iker Vicente eta Jesus Mari Mujika izan ziren 24 minutu eta 24 segunduko denborarekin. Atzetik ibili ziren Ruben Saralegi eta Eneko Otaño 26 minutu eta 29 segundutako denbora eginda.

Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketa:

Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketaren edizio berri honetan lau bikote izango dira lehian: Vicente-Mujika, Mugertza II.a-Txikia IV.a, R. Saralegi- Otaño eta Rekondo-Larrañaga.
Lehen fasean denek denen aurka jokatuko dute. Ondoren izango dira kanporaketak. Hasierako fasean bost lan dituzte: erlojuaren aurka bi enbor 45 ontzakoak, zutik kana-erdikoa txanda librean. Abiadurakoa, 65 ontzako enbor bat bikote bakoitzak, zutik/etzanda bat 45 ontzakoa eta bestea kana-erdikoa –bikotekideek bana–, eta azken proba 60 ontzako lau enbor eta bi 65ekoak txanda librean.

Hurrengo jardunaldiak:

-Otsailaren 3an, Abadiñon izango da lehia, eta han Mujika-Vicente, Mugertza II.a- Txikia IV.aren aurka jokatuko dute.
-Otsailaren 5ean Beasainen, Rekondo eta Larrañaga, Saralegiren eta Otañoren aurka arituko dira, honela lehen faseari amaiera emanez.
-Ligaxkako hirugarren eta laugarren sailkatuak otsailaren 16an Oñatin lehiatuko dira, eta horko irabazlea, ligaxkako aurreneko bi sailkatuekin finala jokatuko du Azpeitian, martxoaren hasieran.

Share This