«Euskadi-Muriasen desagerpena. Galera handia»
MARTXEL TOLEDO GARMENDIA
Esait-eko kide ohia
berria.eus
→ MARTXEL TOLEDO GARMENDIA • 2019.01.13 • berria.eus
→ Argazkia: berria.eus
Euskadi-Muriasen desagerpena. Galera handia
MARTXEL TOLEDO GARMENDIA. Esait-eko kide ohia
Hedabideetan azaldu diren informazioetatik haratago, ez daukat besterik gertatutakoa jakiteko, alegia, desagerpenaren benetako arrazoi sendoak ulertzeko. Are gutxiago, taldeak bost urte hauetan izan duen ibilbide oparo eta arrakastatsuaren ondoren, bizpahiru hilabete lehenago komunikabideetatik adierazi zenean ia ziurtatuta zegoela aurrera jarraitzea. Ez da erraza ulertzen.
Baina tamalez gertatu da, eta orain ondorioztatu daitekeena, nazio ikuspegitik zein kirol arlotik begiratu, galera honekin guztiok galtzen ateratzen garela eta, beraz, erraza izango ez den arren, ahalik eta azkarren guztion artean egoera berri honi soluzioa bilatu behar zaiola.
Azken aro berriari erreparatuz eta kirol arloari dagokionez, jakina da Euskaltel Euskadi txirrindulari taldeak hainbat urte eman dituela maila gorenean lehiatzen eta ikusi baino ez nazioartean eta, batik bat, Frantziako itzulian tourrean uholde laranja bezala ia mundu osoan ezagutzen zenak gure herriarekiko sortzen zuen enpatia eta zaletasuna. Ezin hobea zen taldeak bultzatuta euskal zaletuengan sortzen zuen giroa, eta ikaragarria mugitzen zuen jendetza. Aldarrikapena zen aitortza, Euskal Herria bihotza. Baloreak eta koloreak elkartuta, irriak eta oihuak nonahi, ikurrak ere bai. Hori zen Pirinioetako eta Alpeetako etapa egunak eskaintzen zuena, eskaintzen ziguna. Ikusgarria, ahaztezina batetik eta eskertzekoa bestetik.
Baina Euskaltel Euskadik 2013an amaitu zuen bere ibilbide oparoa, eta ordutik hona, gure herriak ez du Tourrean euskal txirrindulariek osatutako talde profesionalik izan. Eta horrek ondorio nabarmen batzuk utzi ditu Tourra Pirinioetatik edota Alpeetatik pasatzen denean, alegia, euskal zaletu gutxiago hurbiltzen dela bertara, nazio aldarrikapenean mundura begira horrek dakarren duen guztiarekin.
Euskadi-Murias txirrindulari taldea 2013an jaio zen, Jon Odriozola txirrindulari profesional ohiaren eskutik, besteak beste, ilusio hori berreskuratzeko. Hori da behintzat Jonek berak hedabide ezberdinei emandako elkarrizketetatik nik gogoratzen dudana, harrobia landuz goi mailako euskal txirrindularitza sustatu eta munduko proba edo lehia garrantzitsuenetan, besteak beste Frantziako itzulian, geure baloreak defendituz euskal selekzio gisa aritzea. Eta, hain zuzen, helburu hori lortzeko taldea indartu eta proiektua sendotzeko asmotan Euskadi Fundazioari elkarlanean aritzeko eskaintza udara aurretik egin arren, ezin izan du tamalez bere ibilbidean aurrera jarraitu, taldeak ofizialki orain egun batzuk hedabideetan jakinarazi duen bezala.
Eta orain zer? Hori da galdera. Eta azkarra ere erantzuna. Akatsetatik ikasi eta aurrera egin, herri honek ezin duelako atzera begira gelditu. Ez dut zalantzarik.
Euskaltel Euskadi desagertu zenean bezala, orain, Euskadi-Muriasen desagerpenarekin, euskal txirrindularitzari, haren etorkizunari zein aldarrikapenari begira ate garrantzitsu bat ixten dela, eta, horregatik, komenigarria dela ahalik eta azkarren beste ate bat irekitzea. Eta ez dut zalantzarik ere ate hori profesional mailan Mikel Landa txirrindulari profesionalak babesten duen Euskadi txirrindularitza Fundazioa izan daitekeela, baldin eta proiektu berriak guztion aldetik behar duen babesa eta laguntza jasotzen badu, alegia, hura sostengatzen duen mahaiaren lau hankak indartu eta bere potentzialitatean sinesten bada. Eta horretan, inbertsio pribatuak eta publikoak lortzea ez ezik, euskal zaletuen babesa eta laguntza ezinbestekoak direla iruditzen zait. Baina, horretarako, uste dut EAEko instituzioen jarrerak politikoki zein ekonomikoki benetakoa eta ausartagoa izan behar duela; bestela, orain Euskadi-Muriasi eta aurretik Euskaltel Euskadiri gertatutakoa Euskadi Fundazio talde berriarekin erreplikatzeko arriskua egon daiteke. Espero dut ez gertatzea, hori goi mailako euskal txirrindularitzaren betirako heriotza izango litzatekeelako.
Etsipena alde batera utzita, nire esker ona Jon Odriozola managerrari eta taldeko txirrindulariei, Esait-ek ofizialtasunaren bidean emandako urrats xumeak babesteko garaian haien babesa izan dugulako.
Herri honek badaki aurrera egiten eta seguru nago oraingoan ere horrela egingo duela. Gora euskal txirrindularitza!
‘Bada garaia. Martxoaren 23an, denok San Mamesera’
Euskal Herria Kirola elkartearen oharra
Pilotaren ofizialtasuna Nazioarteko Federazioaren mahai gainean
Ezohiko Batzar Orokorra deitu du Euskal Herriko Pilota Federazioak egindako eskaera ebazteko
Emaitza bikainak lortu ditu Pilotako Euskal Selekzioak Munduko Txapelketan
Altziran jokatu da C.I.J.B Erakundearen Munduko txapelketa