FUTBOLA/EUSKAL SELEKZIOA
Luis Mari Elustondo: “Euskal Selekzioaren ofizialtasuna lortzeko lehen urratsa eman dugu”
Luis Mari Elustondo (Bilbo, 1946), Euskadiko Futbol Federazioko presidentea izan da 2012. urteaz geroztik. Erandioko presidentea zela hartu zuen ardura eta orain kargua utzi, eta bere lekua hartzeko bi hautagai (Koikili Lertxundi eta Jabier Landeta) aurkeztu diren egunotan elkarrizketatu dugu.
Arratsalde on Luis Mari, has gaitezen zortzi urte hauetako balantze pertsonala egiten.
Egia esan, niretzako ohore bat izan da Euskadiko Futbol Federazioko presidentea izatea. Ohore handi bat. Oroimen eder ugari ditut eta harreman eta lagun onak egin ditut bidean. Baina 74 urte ditut eta bada beste batzuei lekua egiteko garaia. Bi agintaldi egin ondoren neure erabakiz kargua uzteak zapore ona uzten dit.
Hala ere, momentu mingotsak ere izan ditut tartean. Baina ez naiz atzera begiratzen duten horietakoa, momentu onak gogoratzearen aldekoa naiz. Eta pozik noa.
Denbora soberan izango duzu orain. Zer egingo duzu?
Banaka pintura enpresako jabea ere banaiz, eta semeari laguntzen arituko naiz. Horrez gain gauza arruntak egingo ditut. Ingurukoak zaindu, lagunekin gehiago egon, bilobekin gozatu. Bizitza aurrera doa eta.
EFFko gestioari dagokizunez ze balantze egingo zenuke?
Batzuetan kanpotik ikusten ez diren gauza txiki mordoa egin ditugu. Egia esan Koronabirusak denok asko astindu gaitu. Kudeaketa zaildu du, ekonomikoki zama handia suposatu du, baina pozik nago egindako bidearekin. Adibidez, prentsa arduradun bat jartzea lortu dugu, eta azkenean UEFAn eta FIFAn Federazioa onartzeko eskaerari bide eman diogu… Urrats inportantea da hori, azken batean Euskal Selekzioaren ofizialtasuna lortzeko lehen urratsa baita.
Nik nahi baino oztopo gehiago topatu dut etxe barruan. Batzuk zentzugabeak, adibidez azken Federazioko batzarrak ezagutu ere egiten ez zituzten juntakide berriak ez beronestea. Edo oraindik ez dakizkidan arrazoiengatik pairaturiko hedabide baten erasoak. Baina ez naiz oroimen txarrekin gelditzen den horietakoa eta alde onei begiratu nahi diet, inolako hautsik harrotu gabe.
Egindakoaz aparte, zer erronka geratu zaizkizu borobildu gabe?
Badira hainbat kontu, baina batzuk aipatzearren…
EFFko egoitza hobetu behar da. Eusko Jaurlaritzaren bulego batzuetan dago, baina ez da erakundeak behar dituen beharretarako egokia. Sarritan hainbat kontutarako klubei eskatu behar izan diegu biltzeko lekua…
Bestalde, nahiz eta teorikoki, estatutuetan eta abar, argi agertzen den, errealitatean EFFak autonomia eta bitarteko gutxi ditu eta gehiago behar ditu. Badirudi Eusko Jaurlaritza ere bide horretan doala, baina egun lurraldeetako federazioek indar gehiegi dute Euskadikoaren kontrarako.
Azkenean UEFAn eta FIFAn Euskadiko Federazioa sartzeko baimena egin duzue?
Bai, prozesu luzea izan da. Beti izan dugu Euskal selekzioaren ofizialtasunaren aldarria. Eta Eusko Jaurlaritza ere bide horretan egon da. Hasieran batzar informatiboak egin genituen lurralde denetan. Gero Euskadiko Federazioko juntan hitz egin zen eta aurrera egitea erabaki zen. Ez aho batez, batzuk kontra egin baitzuten, baina gehiengoak aurrera egitea erabaki zuen. Ondoren Durangoko batzar batean ia aho batez aurrera egitea erabaki zen. Partaidetza polita izan zen batzarrean eta bozka libreago izateko isilpekoa izatea erabaki nuen. Azkenean abstentzio bakarrarekin eta kontrako bozkarik gabe onartu zen. Erabaki hori gauzatzea tokatzen zitzaigun eta egin da.
Zergatik atzeratu da hainbeste?
Oztopo dezente egon da bidean, alde batetik Espainiako Federazioak ez zuen begi onez ikusi ekimena, eta gero tartean Koronabirusak sortutako arazo erantsiak… baina azkenean egin da. Nonbaiten esan da ez gaituztela onartu ere egin, baina Espainiako Federazioak izandako jarrera berak, argi adierazten du, prozedura abiatua dagoela.
Eta zein da orain bidea?
Espainiako federazioarekin negoziatu beharko da. Patxadaz baina sendo. Sartuko den presidente berriak badu honetan zer egina. Ez naiz ni algara zalea, instituzio serio bat da Federazioa, baina ahalegina egin beharko da eta ezer aurreratu ezean hor daude epaitegiak ere. Gainera badirudi politika arloan ere gaia mahaigaineratzen ari dela.
Kargua utziko duzu, eta bi hautagai dira lehian? Zer eskatuko zenioke presidente berriari?
Hasitako bideari jarraipena eman diezaiola. Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren bidean jarrai dezala. Eta bestalde, Euskadiko Federazioa indartu dezala. Estatutuetan baditu konpetentziak baina autonomia eta indar propio handiagoa behar du, Euskadiko futbolaren interesak hobeto defenditzeko.
IRITZIA/ELKARRIZKETAK
Iñigo Santxo | Martxel Toledo: «Kopako finala, galdutako aukera»
«Espainiako Errege Koparen finala bi euskal taldek jokatzeak, zerbait gehiagorako balio izan du?»
Euskal Futbol Selekzioa zelaietan berriro
‘I Basque Country International Women’s Cup’ jokatuko da apirilaren 8tik 11ra, Euskal Selekzioa, Argentina, Nigeria eta Venezuelaren artean
Mikel Bildosola, Europako markak hausten
Elkarrizketa Mikel Bildosola (Getxo) igerilariarekin