EUSKAL PILOTA

Pala Banakakoaren aurreneko kanporaketak jokatu ziren ostiralean

2021/02/09

Argazkiak: Innpala

Banakako Pala Txapelketako finalerdietarako ligaxkara sailkatzeko kanporaketak jokatzen hasi ziren pasa den ostiralean, arratsaldeko 18:30tan Bizkaia Frontoian, ateak itxita (partiduak Bizkaia Frontoia eta Innpalako Facebook kontuen bidez eman ziren).

Lehenengo norgehiagokan, sei alditan txapelduna izandako Pablo Fustok eta Iñaki Urrutiak neurtu zituzten indarrak. Biak ala biak oso momento onean daude eta lehia bikaina aurreikusten zen. Baina azkenean lehenengo jokoan izan ezik, ez zen espero zen orekarik izan. Aurreneko jokoan asko sufrituta eskuratu zuen garaipena Fustok, 10-7 irabazita, baina ondorengo bietan Iñaki Urrutiak ez zuen bere mailarik onena erakutsi eta Fustoren alde erori ziren nahiko modu errazean (10-4 eta 10-2).

Arratsaldeko bigarren partiduan, sei txapela ere etxeratu dituen Esteban Gaubeka oso faboritoa zen Beñat Ibargurenen aurkako lehian. Eta Armintzako oilarrak ez zuen hutsik egin, 3-1 irabazi ziolarik Ibargureni.

Lehenengo jokoan erraz nagusitu zen Gaubeka 10 eta 3, baina bigarren zein hirugarren jokoetan atzetik joan zen. Bigarrengoan 3-7 aurretik zihoan Ibarguren baina ez zuen jokoa ixten asmatu eta 10-8 irabazita markagailu orokorrean 2-0 jarri zen aurretik Gaubeka. Hirugarren jokoan ere abantaila hartu zuen Ibargurenek 3-8 eta honakoan tanto bakarreko aldeaz bada ere bai asmatu zuela azkeneko tantoetan eta 9-10 irabazi zuen jokoa. Laugarren jokoan berriz, sakearekin min haundia eginda Gaubeka 10-6 nagusitu eta partiduko garaipena eskuratu zuen.

Otsailak 5eko jardunaldiko emaitzak:

Fusto  3 Urrutia 0 (10-7,10-4,10-2)

Gaubeka 3 Ibarguren 1(10-3,10-8,9-10,10-6)

Hurrengo partiduak:

Otsailak 12, arratsaldeko 18:30tan, Bizkaia Frontoian

-Ibargaray vs. Gordon

-Necol vs. Ibai Pérez

Otsailak 20, arratsaldeko 17:00tan, Bizkaia frontoian

-Gaubeka vs. Fusto

-Otsailak 12ko partiduen irabazleen arteko lehia

Banakako Pala Txapelketa Bizkaia Frontoian jokatuko da osorik, urtarrilaren 30etik martxoaren 13ra, eta guztira 7 jardunaldi jokatuko dira. Saio bakoitzeko bi partida izango dira, 10 tantoko 5 jokotan onenak garaipena eskuratuko duelarik.

Innpala koadroko 9 pilotarik parte hartuko dute, 2020. urteko Txapelketa bereko sailkapena kontuan izanik: 1.Esteban Gaubeka, 2. Xabier Ibargaray, 3. Pablo Fusto, 4. Dan Necol, 5. Ibai Perez, 6. Iñaki Urrutia, 7. Iker Gordon, 8. Beñat Ibarguren eta 9. Asier Del Rio.

Ibon Garatek ezin izango du azkenean partehartu Banakako Txapelketan, ez baititu gainditu sorbaldan dituen arazoak.