EUSKAL PILOTA
Loitegi eta Zaldua dira Berria Erremonte Txapelketako lehenengo finalistak
Loitegik eta Zaldua I.ak erraz irabazi zuten Goikoetxea V.a-Odeiren aurka 20-35 eta Berria Erremonte Txapelketako lehen finalistak dira. Finalerdiak kolore urdina izan zuen. Loitegi eta Zaldua jaun eta jabe izan ziren hasieratik bukaerara arte eta uneoro agindu zuten markagailuan. 1-1eko berdinketaren ondoren, irabazleek ihes egin zuten (2-9) eta abantailak pixkanaka gora egin zuen, 6-14 eta 9-23. Jarraian, aldea pixka bat murriztea lortu zuten urdinek baina azkenean garaipen erosoa erdietsi zuten Loitegik eta Zalduak (20-35).
Loitegi Goikoetxea baino gehiago izan zen eta Zaldua I.a ere Odei baino hobea izan zen atzealdean. Zenbakiak argiak izan ziren. Loitegik 14 tanto eta sei hutsegite egin zituen. Zalduak bederatzi tanto egin zituen piloteoan, bost saketik eta hiru huts egin zituen. Gorrietan Goikoetxeak zazpi tanto baino ez zituen egin (bost hutsegite ere) eta Odeik hiru tanto egin zituen piloteoan, bat saketik eta bi huts.
Bestalde, Aldabek eta Barrenetxea IV.ak Urrizaren berragerpena zapuztu zuten, Juanenearekin batera 40-38 galdu baitzuen estelarrean. Hori bai, emaitza gorabehera, Iruñeko aurrelaria pozik egon daiteke erakutsi zuen jokoarekin, bi hilabetez kantxatik at egon ondoren. Bere egunik onenetan bezala jokatu zuen. Partida biribila izan zen eta lau pilotariek maila ona erakutsi zuten. Partida ederra ikusi zen, azken tantoetan erabaki zena.
Norgehiagoka berdinduta hasi zen, zazpinako berdinketarekin, eta hortik aurrera urdinek ekimena hartu zuten, 7-10, 13-16 eta 18-22 aurreratu zirelarik. Barrenetxeak Urriza sake errestoan ondo sartzen ari zela ikusi zuen eta zabaletik ateratzen hasi zen emaitza onekin. Urriza asko behartu zuen eta min asko egin zuen. Partida berdindu zen 27na eta fase erabakigarrian gorriek 31-29 eta 35-30eko errenta hartu zuten. 37-33koaren ondoren 38-36 eta 39-38 markagailua estutu zen, nahiz eta azken tantoan Juaneneak besoa askatu zuen, baina pilotakada txapapera joan zen.
Aldabek 12 tanto eta bi huts egin zituen. Barrenetxeak 12 tanto egin zituen piloteoan, sei saketik eta bost huts egin zituen. Urriza 19 tanto eta sei akatsekin itzuli zen. Juaneneak bost tanto egin zituen saketik, zazpi piloteoan, lau akatsekin.
Berria Erremonte Txapelketa 2022
Aurtengo txapelketan sei bikote arituko dira lehian eta etorkizuneko erremontistentzat dago zuzendua, baita gaur egunean puntan dabiltzen hainbat pilotarirentzat.
Esan bezala, sei bikotek hartuko dute parte 2022ko lehiaketan, bi taldetan banatuta: Susperregi-Zubiri, Urrutia II.a-Labaka, Goikoetxea V.a-Odei, Loitegi-Zaldua I.a, Aldabe-Apezetxea, eta Etxarri-Martirena. Lehenengo hiru bikoteak A taldean daude eta ondorengo hirurak B taldean.
TALDEAK
A taldea:
Susperregi-Zubiri
Urrutia II.a-Labaka
Goikoetxea V.a-Odei
B taldea:
Loitegi-Zaldua I.a
Aldabe-Apezetxea
Etxarri-Martirena
Aurreneko fasean ligaxka jokatuko da talde bakoitzeko bikoteen artean denak denen aurka. Hiru jardunalditan jokatuko da, martxoaren 5ean, martxoaren 12an eta martxoaren 19an. Lehenengo bi sailkatuak finalerdietara sailkatuko dira eta martxoaren 26an jokatuko da lehenengo finalerdia eta apirilaren 2an bigarren finalerdia. Finalerdietako irabazleak finala jokatuko dute apirilaren 9an.
Txapelketaren egutegia:
LIGAXKA: Martxoaren 5, 12 eta 19an.
- 6 bikoteek hartuko dute parte txapelketa honetan eta bi taldetan banatuak egongo dira.
- Talde bakoitzean, denok denon aurka jokatuko dute.
- Txapelketako partida guztiak 35 tantura jokatuko dira
- Puntuaketa sistema ondorengoa izango da:
35 tantu (irabazlea) 4 puntu
34tik 32 tantura 2 puntu
31tik 29 tantura 1 puntu
28tik 23 tantura 0 puntu
22 edo gutxiago -1 puntu
FINALAURREA: Martxoaren 26an eta apirilaren 2an.
- Ligaxkan parte hartzen duten 6 bikoteetatik, bi kanpoan geldituko dira, hortaz finalaurre honetan, talde bakoitzaren lehenengo 2 postuetan sailkatu diren 4 bikoteak hartuko dute parte.
- 4 bikote hauen gurutzaketak honakoak izango dira:
Martxoak 26 (larunbata) (35 tantura):
A taldean 1. postuan sailkatu denak, B taldean 2. postuan sailkatu denaren aurka jokatuko du.
Apirilak 2 (larunbata) (35 tantura):
B taldean 1. postuan sailkatu denak, A taldeko 2. postuan sailkatu denaren aurka jokatuko du.
- Beren partida irabazten duten bi bikoteek jokatuko dute aurtengo BERRIA Erremonte Txapelketaren finala.
Astebete aurreratuko da Emakume Master Cup Txapelketaren hasiera
Finalerdiak, ekainaren 21ean izango dira Elgoibarren, eguerdiko 12:00etatik aurrera. Final biak aldiz, Irunen astebete geroago.
Gorka Leunda: «Kirolaren garapena hobetzeko aldaketa estrukturalak bultzatzen ditugu»
Avento Kirol Aholkularitza-ko arduradunarekin elkarrizketa, Euskal Kirol Esparruari buruz
16 pilotari arituko dira Nafarroako erremonte enpresa berrian
Ekainaren amaiera aldera binakako txapelketa abian jartzea dute helburu