EUSKAL PILOTA

Astebete aurreratuko da Emakume Master Cup Txapelketaren hasiera

by | 2020/06/11

Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketa abian jarriko da ekainaren 21ean, Elgoibarren, pilota goxoko finalerdiekin

 

Covid19 gaitzak sorturiko pandemiaren ondorioz emandako etenaldia eta gero, berriro ekingo diote Emakume Master Cup txapelketari, falta diren azken partidak hurrengo asteetan lehiatuko direlarik.

Eten hau, gainera, txapelketa bere unerik garrantzitsuenean zela etorri zen, baina, egoerak hobera egin ostean, normaltasuneruntz pausu berriak emateko moduan da txapelketa eta jokatzeke geratzen diren pilota goxoko finalerdiek eta bi final handiek badituzte dagoeneko data eta ordutegiak.

Hasiera batean, finalerdiak ekainaren 26an jokatzea erabaki zen, ostiral horretako gauean hain zuzen, baina orain aurreko asteko igandera aurreratu eta azkenean ekainaren 21ean izango dira, eguerdiko 12:00etatik aurrera.

Egun horretan beraz, jokatuko dituzte pilota goxoko finalerdiak, Elgoibarko pilotalekuan, lehen partidan Iera Agirre eta Maite Ruiz de Larramendi lehiatuko dira Irantzu Etxebeste eta Ane Urkizu bikotearen aurka eta bigarrenean, Ainhoa Ruiz de Infante eta Amaia Jaka bikotea ariko da Nagore eta Leire Galeanoren kontra.

Bi bikote irabazleek finala jokatuko dute astebete geroago Irungo Urantzu frontoian. Egun horretan jokatuko da ere aspaldi erabakita dagoen pilota mistoko finala, Olatz Arrizabalaga-Gentzane Aldai eta Leire Garai-Olatz Ruiz de Larramendi bikoteen artean.

Esan bezala beraz, ekainaren 28an, igandea, Irungo Urantzu pilotalekuan lehiatuko dira Emakume Master Cup txapelketako finalak, modalitate mistoan zein goxuan. Hasiera batean, eguerdian jokatzekoak baziren ere, azkenean arratsaldeko 5etan hasiko da jaialdia.

Momentuz, ez dago argi bi jaialdi hauetan ikuslegoa sartu ahalko den. Antolakuntzaren aldetik, Elgoibar zein Irungo pilotalekuen aforoaren %30a betetzea nahiko lukete, ta posible balitz ere %50a edota %60a, baina guzti hau osasun agintarien eta instalazioen jabe diren erakundeen esku egongo da azken batean.

Dena den, ETB-1ek zuzenean eskainiko ditu jaialdi biak, txapelketako antolatzaileek ohar batean jakinarazi dutenez, eta eitb.eus webgunearen bitartez ere jarraitu ahalko dira finalerdietako zein finaletako emankizunak.

Aurtengo Txapelketa

Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketak indartsu jarraitzen du eta aurten ia ehun pilotarik, zehatz esanda 94k, –47 bikotek– hartu dute parte Binakako txapelketan.

2020ko Binakakoa bi kategoriatan jokatu da: ohiko pilota goxoakoak jarraitzen du jarraitzailerik gehien izaten, (35 bikote izango dira, 70 pilotari), eta geroz eta parte hartzaile gehiago erakartzen ari den pilota mistokoan 12 bikote aritu dira lehen ekitaldi honetan.

Share This