EUSKAL HERRIKO KIROL MARKAK

Euskal Herriko Kirol Markak: Euskal Herria kirol esparru gisa osatuz

2022/03/26

Euskal Herria Kirola elkartearen xedea da Euskal Herriko zazpi lurralde historikoetan kirol eremua finkatzeko urratsak ematea, modu praktiko batean Euskal Herria kirol esparru gisa osatzen joatea, atalez atal, diziplinaz diziplina.

Ildo horretan, Euskal Herriko kirol errekorrak eta markak erregistratu eta landuko dituen webgune berria jarri dugu sarean: kirolerrekorrak.eus

Ekimenaren berri emateko, prentsaurrekoa eman dugu gaur, larunbata, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkeko areto nagusian, punta-puntako hiru euskal kirolari bertan zeudela: Mikel Garcia, Trihas Gebre eta Mieltxo Saralegi.

Ane Urkiri GARA eta NAIZeko kazetariak aurkezpenaren gidaritza eraman du eta bertan azaldu duenez, euskaraz dagoen webgune honetan Euskal Herriko kirolarien erregistroak eta markak jasoko dira, igeriketatik eta atletismotik hasita, eta errekorrei eta markei kazetaritza jarraipena eginda.

Errekorrak kirolariek baldintza berdinetan eta modu homologatuan egindako markarik hoberenak dira, beti ere, lurralde jakin baten esparrua hartuta, hartara, webgune honetan Euskal Herrian egindako marka gorenak erregistratu eta finkatuko dira, geure kirol esparrua ere markatuz, azpimarratu du Urkirik.

Jarraian, Euskal Herria Kirola elkarteko arduradun Kike Zurutuzak eman ditu webgunearen egituraren inguruko xehetasun zehatzak.

Orria kirolerrekorrak.eus deitzen da eta logotipoa EHKM da (Euskal Herriko Kirol Markak), EH Kirolaren kolore korporatiboak erabiltzen dituelarik. MARKA hitza azpimarratzen dugu, ERREKOR hitza baino zabalagoa den konzeptoa izaki, izan ere, errekorra markarik onena bezala definitzen dugu.

Funtsean, 4 orrialde biltzen dituen webgune xumea da, orri nagusiak beste 3 orrialdeetara sartzeko aukera ematen duelarik: bigarrenak errekorren erregistroak dakartza, eta, ahalik eta diziplina gehienenetara zabaltzeko asmoa dugun arren, momentuz igeriketa eta atletismoko modalitate nagusienen erregistroekin hasi gara. Logikoa denez, webgunea sare sozialetako lanarekin osatuko da, batez ere Twitter eta Mastodon.

Datu horiek biltzeko, gurutzatu egin ditugu Euskadiko Federazioak, Nafarroakoak, Pirineo Atlantikoetako kirol batzordekoak emandakoak, eta kirolari eta klub batzuen laguntza izan dugu. Erkidegoan, Nafarroan  eta Ipar Euskal Herrian erregistratuta dauden kategoriak bakarrik hartu ditugu kontuan.

Harremanetarako orria ere gehitu dugu, bertan ohiko kontuetarako gurekin harremanetan jartzeko aukera izateaz gain, akatsak zuzentzeko balio duena. Izan ere, Euskal Herri osoko  kirol erakunde bat izan ezean ez baita erraza, datu guztiak zuzen jasotzea. Nahiko lan neketsua izan da, eta espero akatsik egin ez izana, dena den, edonoren eskura jartzen dugu info@ehkirola.eus helbidea, halakorik balego ere guri jakinarazteko.

Datuek islatzen dute Euskal Herria kirol herri dela. Igeriketan 200 eta 400 metro libreko errekorra 2009tik Aviron Bayonnais-eko Antton Haranbourek du 50 metroko igerilekuan. Bular modalitatean Baionako Tomi Pelligrinik 50 eta 100 metrotan 2009tik. Eta Miarritzeko Kai Van Westerinek 50 metrotan bizkar modalitatean. Atletismo 60 metro hesian  2021etik zuen errekorra berdindu zuenjoan den astean bertan Belgradon, Sergio Fernandez Roda naparrak, 400.metro hesian 2016az geroztik du errekorra. 

Hirugarren orrialdean euskal atleten marka eta errekorrekin zerikusia duten albisteak landuko dira. Adibide gisa, egin nahi dugun manifestuarekin hasten  gara, Asier Martinez Zizurreko atletak lehendik zuen 60 metroko hesiaren errekorra hobetu zela erakusten. Mieltxo Saralegik, inoiz altxatua den harririk pisutsuena, 329 kiloko harria altxatu zuenekoa. Antzeko berri bat, Idoia Etxeberria, harririk pisutsuena  altxatzu zuenekoa emakumeetan, 164, 4 kilo altxatu eta  errekorra ezarriz. Blanca Lacambrak 200 metrotan eta 400 metrotan Madrilen eta Bartzelonan egindako errekorrak aipatzen ditugu,  35 urtetan gainditu ez direnak. Igeriketan, Mikel Bildosola igerilari getxoztarrak master mailan Euskal Herriako errekorra egin zuenekoa gogoratu dugu. Azkenik,  Hamid Bed Daoudek euskal atletak Valentzian lortutakoaren aipamena ere egin dugu.

Azalpenen ondoren, errekorren jabe diren euskal kirolariak omentzeko tenorea iritsi da, urtero errekorrei eta markei egingo zaien aitortzaren adibide. Mikel Garcia izan zen oholtzara igotzen lehena, 2019ko urrian Brisbanen (Australia) 400, 800 eta 1500 metrotan  munduko txapelduna. Bere kategoriako 400, 800 eta 1500 metrotako Euskal Herriko errekorrak ditu eta beraz guztiz merezitakoa du saria. Halaber, berak mahairatu ohi duen aldarrikapenarekin bat egiten dugula adierazi dugu, hau da, Down sindromea dutenek joko paralinpikoetan parte hatzeko eskubidea izan behar dutela.

Jarraian, Trihas Gebreren txanda izan da. Dituen garaipen askoren artean 2018.06.23an Olomouc-en (Txekiar Errepublika) Euskal Herriko maratoi erdiaren errekorra ezarri zuen  1.09.51 denborarekin, eta 2019.04.13an,  10.000 metrotakoa Burjassoten (Valentzia) 31.55.01 denborarekin. Txapela jartzearekin batera, gogora ekarri dugu denbora asko ez dela Etiopiako gerratik ihes egitea lortuta etorri zela Trihas Euskal Herrira, eta aipamena baliatu dugu gure elkartasuna helarazteko mundo osoan zehar gerra guztietatik zein bidegabekeri guztietatik ihesi dabiltzanei.

Mieltxo Saralegi izan da oroigarria jaso duen hirugarren kirolaria. Euskal Herrian inoiz altxatutako harririk pisutxuena bizkarreratu izanaren marka du. 2001eko apirilaren 29an Lekunberrin altxazu zuen 329 kiloko marka ez du oraindik inork hautsi. Behin txapela buruan zuela, honakoan ere, aldarrikapenerako tartea egon da, herri kiroletan den moduan beste kirol diziplina guztietan Euskal Selekzioa nazioartean ofiziala izan dadila aldarrikatu dugulako berriro ere.

Azkenik, abentura honetan lagundu gaituzuen guztiei eskerrak eman nahi dizkizuegu. Eskerrak etorri zareten hedabidei. Eskerrak, etorri diren kirolariei. Eskerrak, webgune hau egitea ahalbideratu duten IZT eta BO5t enpresei, Eusko Jaurlaritzari, eta oso bereziki, Jabi Konde, Euskadiko Kirol Paralinpikoaren Federazioko presidenteari, igeriketako datuak lortzen lagundu digun Mikel Bildosolari, eta Euskal Herriko errekorren erregistroan lagundu diguten guztiei.