SASKIBALOIA
Lointek Gernika Eurokopatik at
Lointek Gernikak agur esan zion Eurokopari, final-zortzirenetan berriro ere, Sepsiren kontra luzapenean 73-76 galdu eta gero, Sfântu Gheorgheko Sepsi Arenan jokatutako norgehiagokan.
Aurtengo Europako ibilbidea amaitu zaio beraz Lointek Gernikari, Errumanian ACS Sepsiren kontra hiru punturen aldeaz galdu ondoren.
Hasieratik nagusitu zen etxeko taldea, sendoago defentsan eta argiago erasoan, eta 2-12ko partziala eginda zuloa ireki zuen markagailuan aurreneko laurdenean (10-24). Lehen hiru laurdenetan ez zuten bere maila eman gernikarrek eta hamazazpi punturen aldeaz ere galtzen jarri ziren hirugarren laurdena amaitzear zela: 40-57. Baina sekulako berpiztea izan ondoren, abantaila murrizten joan ziren eta azkenean, luzapena ere behartu zuten, dena kontra zutenean.
Eta denbora gehigarrian ere irabazteko aukerak izan zituen Gernikako taldeak, baina hutsegite batzuk tarteko, gutxigatik izan bazen ere, Sepsirentzat izan zen garaipena. Eta hala ere, azken jokaldian irabazteko parada izan zuten gernikarrek, izan ere, Milica Ivanovic-ek hiruko jaurtiketa bat izan zuen garaipena lortzeko baina tamalez ez zuen asmatu eta beraz Lointek Gernika Eurokopatik at geratu zen.
Gernikako taldean Roundtree eta Nogaye Lo (15) zein Buch eta Ivanovic (14) izan ziren saskiratzaile nagusiak eta Sepsin Mandache (21) eta Gardner (19).
Partiduaren datuak
Saskiratzaileak:
LOINTEK GERNIKA BIZKAIA: Cornelius (2), Buch (14), Bjorklund (2), Roundtree (15), Lo (15) –hasierako bostekoa- Arrojo (7), Ivanovic (14), Ginzo (2), Ariztumuño (2).
ACS SEPSI: Godri-Parau (6), Gardner (19), Pasic (16), Mandache (21), Tobin (2) –hasierako bostekoa- Ghizila (0), Pavlopoulou (2), Orban (0), Ruzickova (10).
Partzialak: 14-26, 31-41 (atsedenaldia), 41-57, 67-67 (amaiera) eta 73-76 (luzapena).
Arbitroak: Juras (SER), Smiljanic (SER) eta Lucic (MON).
Lointek Gernikak garaipen ikusgarria lortu du Mersinen aurkako partidan
Datorren asteazkenean erabakiko da kanporaketa eta gernikarrek 24 puntuko abantailarekin ekingo diote neurketari
Lointek Gernikak 75-58 galdu du Roche Vendee taldearen aurka
Emaitza honekin zaildu egin zaio Eurokopako hurrengo faserako sailkapena
Lointek Gernikak bikain hasi du Europako ibilbidea
60-65eko emaitzarekin nagusitu da Virtus Boloniarren aurka, Eurokopa txapelketako lehen jardunaldiko partidan