EUSKAL PILOTA

Larunbatean hasiko da Iruñerriko Erremonte Profesionaleko txapelketa

2021/03/18

Euskal Jai Berri Erremonte Fundazioak antolaturiko Iruñerriko Erremonte Profesionaleko txapelketaren lehen edizioa larunbat honetan hasi eta apirilaren 9an amaituko da, Nafarroako pilotaleku ezberdinetan lehiatuko direlarik jokatu beharreko bost jardunaldiak: finalaurdenetako hiru saioak, finalerdia eta finala.

Guztira sei bikote arituko dira nor baino nor gehiago: Zeberio II.a-Otano, Uterga-Barricart, Ezkurra II.a-Saldias, Martxin III.a-Garces, Aldabe-Azpiroz eta Otxandorena-Ion.

Finalaurdenetako ligaxka hiru asteburutan lehiatuko da: aurrena martxoaren 20an Antsoainen arratsaldeko 18:00tan hasita, bigarrena martxoaren 27an ordu berean Atarrabiako Lorenzo Goikoa pilotalekuan, eta hirugarrena martxoaren 28an Huarteko Toki Alain eguerdiko 12:00tan.

Jarraian, apirilaren 3an finalerdiko saioa lehiatuko da Eguesibarren arratsaldeko 18:00tan non finalaurdenetako norgehiagoken irabazleak neurtuko diren, eta hil bereko 9an finalerdietako kanporaketa honetako bi bikote onenek jokatuko dute final haundia Labrit pilotalekuan, arratsaldeko 18:30tan.

Norgehiagoka guztiak osasun neurri zorrotzak beteta burutuko dira, aforo murriztuarekin, segurtasuneko distantzia gordeta eta musukoak jantzita.

Antolakuntzak jakitera eman duenez, aforoari dagokionez pilotaleku bakoitzeko balizko ikusle kopuruaren %50a sartu ahal izango da, gehienez 200 pertsona egon ahal izango direlarik harmailetan.

Finalaurdenetako ligaxkako lehenengo kanporaketa larunbat honetan jokatuko da Antsoaingo Iradi pilotalekuan, Ezkurra II.a-Saldias eta Matxin III.a-Garces bikoteen arteko lehia izango delarik.

Partiduetako sarrerak 5 eurokoa izango dira eta biltzen den diru guztia ADANO Nafarroako minbizidun umeen elkartearentzat izango da.

Share This