SASKIBALOIA

Lointek Gernikak garaipen ikusgarria lortu du Mersinen aurkako partidan

2021/12/17

Argazkiak: gernikasaski.com

Pasa den asteazkenean ekin zion Lointek Gernikak Eurokopako lehen kanporaketari, Turkiako Cukurova taldearen aurka, joaneko partida jokatuz Malosteko pabiloian.

H multzoko hirugarren postuan amaitu zuten gernikarrek aurreneko ligaxka eta average onari eskerrak, 32 onenen artean sailkatu ziren azkenean karanbolaz. Izan ere, taldeek guztira sartu eta jaso dituzten puntu kopuruak begiratu izan behar ziren Virtus Boloniarekin berdinketa apurtzeko: Lointek Gernika Bizkaiak sei partida jokatu ostean, 388 puntu pilatu zituen alde eta 408 jaso; hau da -20ko balantzea. Virtus Boloniak, berriz, 366 puntu alde eta 432 kontra; alegia, -66. Biek bina garaipenekin berdindu zutenez gero, eta bien arteko averagea ere berdinduta zegoenez, desenpate horretan irabazi zuten hurrengo faserako txartela gernikarrek.

Gauzak horrela, eta multzokako fasera hirugarren gisa igaro ostean, multzoburu bat egokitu zitzaien bizkaitarrei: Turkiako Cukurova taldea. Ustez faborito argiak ziren turkiarrak, izan ere Gernikak etxean jokatu dituen hiru partidak galduak zituen denboraldi honetan Eurokopan, eta turkiarrek berriz, nagusitasun handiz irabazi zituzten neurketa guztiak beren multzoan: seitik sei.

Baina asteazkenean partida handia jokatu zuen Gernikako taldeak eta txapelketako lehen kanporaketako joanekoan, 83-59 hartu zuen mendean CBK Mersin Turkiako taldea. Beraz, errenta handiarekin ekingo dio datorren astean jokatuko duen itzuliko neurketari.

Norgehiagokako lehen minutuak parekatuak izan ziren baina lehen laurden honetako azken txanpan bederatzi puntuko errenta lortu zuen Gernikako taldeak (24-15). Bigarren laurdena ere antzekoa izan zen baina atsedenaldirako desabantaila pixka bat murriztu zun Mersin Yenisehirrek (41-35).

Hirugarren laurdena berriz gogoangarria izan zen, ikuskizuna eman zuten euskal jokariek eta lehen bost minututan ez zuten jaurtiketarik huts egin, 27 puntu sartu zituztelarik hamar minututan. Azkenean, Mario Lopezek zuzentzen dituen neskek aldeko 68-46ko emaitza erdietsi zuten azken laurdenari aurre egiteko.

Azken hamar minutuetan, Turkiako taldea ez zen gai izan kontra zuen desabantaila murrizteko, eta Gernika-Lumokoek 27 puntura ere haunditu zuten aldea, partida Lointek Gernikaren aldeko 83-59ko emaitzarekin amaitu zelarik.

Fitxa teknikoa:

83 – Lointek Gernika Bizkaia (24+17+27+15): Roselis Silva, Roso Buch (7), Angela Bjorklund (18), Melisa Brcaninovic (32) eta Tinara Moore (11); Itzar Ariztimuño, Belén Arrojo (5), Paula Ginzo (10) eta Marta Alberdi.

59 – CBK Mersin Yenisehir Bld (15+20+11+13): Jasmine Thomas (12), Tiffany Hayes (8), Yvonne Turner (8), Shavonte Zellous (4) eta Temi Fagbenie (14); Asena Yalcin (3), Ferida Akalan (3), Kristine Anigwe (4) eta Quanitra Hollingsworth (3).

Partzialak: 24-15, 41-35 (atsedenaldia); 68-46 eta 83-59 (amaiera).

Epaileak: Sonia Teixeira (Portugal), James Kerry Dominique (Gibraltar) eta Bert Van Slooten (Herbehereak). Zellous (38. min) CBK Mersin taldeko jokalaria kanporatu dute.