EUSKAL PILOTA
Lehen eguna eta lehenbiziko tituloa Euskal pilota selekzioarentzat
Argazkiak: Euskal Pilota Federazioa
Lehiaketaz betetako lehen egunean, Euskal Pilota Selekzioak Europako azpi-txapelketa bat lortu du Emakumezkoen Joko Internazionala espezialitatean
Jardunaldia luzea izan zen Franekerreko kantxetan, goizean zehar joko zuzenak izan zirelarik protagonista, izan ere, gizonezkoen Llargues eta emakumezkoen Joko Internazionala espezialitateak jokatu ziren eta Euskal Pilota Selekzioak bere maila bikaina erakutsi ahal izan zuen.
Gizonezkoen Llarguesean, Euskal Pilota Selekzioak lehen garaipen sendoa lortu zuen (6-3) Herbehereetako selekzioaren aurka, eta jarraian maila gorena eman behar izan zuen Belgikako selekzio gogorra 6-5 mendean hartzeko. Valentziako selekzio faboritoaren aurkako azken partida erabakigarrian aldiz, zortea ez zuten lagun izan eta 2-4 irabazten joan ondoren, 4-6 galdu zuten azkenean. Harrigarria bada ere, Valentziako selekzioak Herbehereetako selekzioaren aurka galdu zuen 6-2 eta euskal pilotariak igandeko finaletik kanpo geratu ziren. Hori dela eta, Belgikako selekzioaren aurka hirugarren eta laugarren postua jokatzearekin konformatu beharko dute.
Neskek Joko Internazioala jokatzen hasi zuten txapelketa. Lehen partida aurkari gogorrenaren aurka jokatzea egokitu zen, Valentziako selekzioa hain zuzen ere, eta nahiz eta partida bikaina jokatu, bosna berdinduta joan ondoren 6-5 galdu zuten. Kexatzeko astirik gabe Italia eta Holandaren aurka jokatzea egokitu zen eta bi garaipen erraz lortu ondoren (6-2 Italiaren aurka eta 6-1 Holandaren aurka) finalerako sailkatzea lortu zuten. Finalean, berriz ere, Valentziako selekzioaren aurka jokatu zuten, eta joko guztietan 40ra berdindu ondoren, azkenean berriro ere galdu zuten (6-4). Beraz, Euskal Pilota Selekzioaren lehen titulua lortu zuten euskal selekzioko neskek, Europako Junior txapelketa honetan.
Atseden hartzeko astirik gabe, arratsaldean Wall-Ball espezialitateko multzoen fasea jokatu zen eta Euskal Pilota Selekzioak emaitza hauek lortu zituen: 15 urtez azpiko gizonezkoetan (Euskal Selekzioa 0 vs Belgika 2), 17 urtez azpiko emakumezkoetan (Euskal Selekzioa 2 vs Italia 0) eta 19 urtez azpiko emakumezkoetan (Euskal Selekzioa 2 vs Belgika 0, Euskal Selekzioa 0 vs Herbehereak 2).
2021eko EUROPAKO JUNIOR PILOTA TXAPELKETA. 1. eguneko emaitzak:
Gizonezkoen Llargues-a:
Euskal Selekzioa 6 vs Herbehereak 3.
Euskal Selekzioa 6 vs Belgika 5.
Euskal Selekzioa 4 vs Valentzia 6.
Emakumezkoen Joko Internazionala:
Euskal Selekzioa 5 vs Valentzia 6.
Euskal Selekzioa 6 vs Italia 2.
Euskal Selekzioa 6 vs Herbehereak 1.
FINALA / FINAL: Euskal Selekzioa 4 vs Valentzia 6.
Wall-Ball Gizonezkoak 15 urtez azpitik:
Euskal Selekzioa 0 vs Belgika 2.
Wall-Ball Emakumezkoak 17 urtez azpitik:
Euskal Selekzioa 2 vs Italia 0.
Wall-Ball Emakumezkoak 19 urtez azpitik:
Euskal Selekzioa 2 vs Belgika 0.
Euskal Selekzioa 0 vs Herbehereak 2.
2021eko EUROPAKO JUNIOR PILOTA TXAPELKETA
Asteburu honetan, Euskal Pilota Selekzioak C.I.J.B nazioarteko Pilota Erakundeak antolatzen duen Europako Junior Pilota txapelketan parte hartuko du Herbehereetako Franeker hirian. Bertan pilotako 3 espezialitatetan, Llargues (joko zuzena), Joko Internazionala (joko zuzena) eta Wall-Ball (joko ez zuzena), lehiatuko dira eta 3 maila desberdinetan parte hartuko dute (15 urtez azpiko, 17 urtez azpiko eta 19 urtez azpiko kategoriak).
Guztira 7 neska, 7 mutil eta 2 hautatzailek bidaiatuko dute nazioarteko txapelketa honetara eta bertan Italiako, Ingalaterrako, Belgikako, Valentziako eta Herbehereetako selekzioen aurka aritu beharko dira.
Espezialitateak:
Llargues-a (joko zuzena): Gizonezkoak.
Joko Internazionala (joko Zuzena): Gizonezkoak eta emakumezkoak.
Wall-Ball-a: Gizonezkoak eta emakumezkoak.
Wall-Balleko espezialitatean hiru kategoriatan lehiatuko dira (15, 17 eta 19 urtez azpiko kategoriak) eta Llargues eta Joko Internazionalean 19 urtez azpiko kategoria bakarrean.
Guztira 6 selekziok parte hartuko dute: Euskal Herria. Valentzia. Belgika. Ingalaterra. Herbehereak. Italia.
2002tik 2007ra jaiotako 14 neska-mutilek osatuko dute Euskal Selekzioa (7 mutil, 7 neska eta 2 hautatzaile):
Laia Salsamendi (Uharte), Enara Gaminde (Kurene), Maddi Barrocal (Bergara), Ane Mendiburu (Uharte), Naroa Agirre (Abantzu), Miren Larrarte (Suberri), Leire Garai (Zaramaga), Ibai Arroitajauregi (Lagun Onak), Jon Gerrikabeitia (Durango Pelotazaleak), Igotz Bilbao (Kurene), Aner Iglesias (Upo Mendi), Oier Hormaetxe (Lezama), Aimar Amondo (Herriaren), Lier Arrien (Lagun Onak).
Ekhi Ziarrusta: Wall-Ball hautatzailea.
Joxe Mari Mitxelena: Llargues eta Joko Internazionaleko hautatzailea.
2017an hartu zuen parte lehen aldiz Euskal Selekzioak txapelketa honetan, Valentzian hain zuzen ere, eta mutiletan bakarrik lehiatu baziren ere, tituluren bat eskuratu zuten. Gerora, 2019an, neskak ere lehiatu ziren eta zenbait urre, zilar eta brontze lortu zituen euskal ordezkaritzak.
Aldabe eta Apezetxea izango dira Loitegi eta Zalduaren aurkariak finalean
Aise nagusitu ziren, 35-19, Urrutia II.aren eta Labakaren aurka, Berria Txapelketako bigarren finalerdian
Euskal Pilota Egokituko Master Cup-aren finala jokatu da Eibarren
Eneko Sagarmendi-Lorea Iribarri, adimen-urritasuneko modalitatean eta Beñat Lizaso-German Elkoro, urritasun fisikoko modalitatean, izan dira txapeldunak
Zesta-punta Daniara itzuliko da
“Battle at the Palace” izeneko txapelketa lehiatuko dute, apirilaren 1etik 10era