EUSKAL PILOTA

Aldabe eta Apezetxea izango dira Loitegi eta Zalduaren aurkariak finalean

2022/04/04

Argazkiak: oriamendi2010

Azkenean, Aldabe eta Apezetxea izango dira Loitegi eta Zaldua I.aren aurkariak Berria Erremonte Txapelketako finalean. Finalerdian, Aldabe eta Apezetxea aise nagusitu ziren, 35-19, Urrutia II.aren eta Labakaren aurka. Pronostikoa bete zen eta gorriak nagusi izan ziren hasieratik bukaerara arte.

Apezetxea izan zen finalerdiko erremontistarik onena, 11 tanto saketik eta bost piloteoan egin eta gero. Goizuetarraren hirugarren garaipena da profesionaletan jokatu dituen hiru partidatan, guztiak Berria Txapelketakoak. Aldabe ere Urrutia baino gehiago izan zen 17 tanto eta soilik bi akats eginda.

Hasierak erakutsi zuen partida nolakoa izango zen, 11-3 aurreratu baitziren gorriak. Pixkanaka gora egin zuen abantaila (18-9, 23-11, 31-18), alderik handiena amaierako 35 eta 19an iritsi zelarik. Finalera sailkatu diren bi bikoteak izan dira Berria Txapelketako biko onenak, zalantza barik. Ligaxkan elkarren aurka jokatu zuten eta Aldabek eta Apezetxeak 35-34 irabazi zuten baina orain partida erabakigarrian neurtu beharko dituzte indarrak berriro ere, txapela nork eramango duen argitzeke dagoelarik.

Bestalde, Urrizak eta Larrañagak 40 eta 24 irabazi zieten Ezkurra II.ari eta Azpirozi. Partida 10-0eko emaitzarekin hasi zen. Alde horiek 17-6koan mantendu ziren, baina 15 tantora igo ziren 22-7koan eta 21 tantora arte 39-18koan. Urdinek zertxobait txukundu zuten markagailua 0-6ko partzial batekin, baina ez zuen ezertarako balio izan, azken markagailua garaipen erosoa baten islada izan zelarik (40-24).

Ezkurrak ez zuen bere egunik onena izan eta ikusleak lehia parekatuagoa ikusteko gogoarekin geratu ziren. Ia ez zuen jokaldirik egin eta bederatzi tanto eta zazpi huts egin zituen. Hori baliatu zuen Urrizak aurrelarien arteko lehia aise irabazteko. Baina guztien artean onena Larrañaga izan zen. Azkoitiarrak hamar tanto egin zituen saketik, beste sei tanto piloteoan eta akatsik egin gabe amaitu zuen partida. Urrizak 14 tanto egin zituen eta sei akats. Azpirozek lau tanto egin zituen saketik, bost piloteoan eta hiru akats.

Berria Erremonte Txapelketa 2022

Aurtengo txapelketan sei bikote arituko dira lehian eta etorkizuneko erremontistentzat dago zuzendua, baita gaur egunean puntan dabiltzen hainbat pilotarirentzat.

Esan bezala, sei bikotek hartuko dute parte 2022ko lehiaketan, bi taldetan banatuta: Susperregi-Zubiri, Urrutia II.a-Labaka, Goikoetxea V.a-Odei, Loitegi-Zaldua I.a, Aldabe-Apezetxea, eta Etxarri-Martirena. Lehenengo hiru bikoteak A taldean daude eta ondorengo hirurak B taldean.

TALDEAK

A taldea:

Susperregi-Zubiri

Urrutia II.a-Labaka

Goikoetxea V.a-Odei

B taldea:

Loitegi-Zaldua I.a

Aldabe-Apezetxea

Etxarri-Martirena

Aurreneko fasean ligaxka jokatuko da talde bakoitzeko bikoteen artean denak denen aurka. Hiru jardunalditan jokatuko da, martxoaren 5ean, martxoaren 12an eta martxoaren 19an. Lehenengo bi sailkatuak finalerdietara sailkatuko dira eta martxoaren 26an jokatuko da lehenengo finalerdia eta apirilaren 2an bigarren finalerdia. Finalerdietako irabazleak finala jokatuko dute apirilaren 9an.

Txapelketaren egutegia:

LIGAXKA: Martxoaren 5, 12 eta 19an.

  • 6 bikoteek hartuko dute parte txapelketa honetan eta bi taldetan banatuak egongo dira.
  • Talde bakoitzean, denok denon aurka jokatuko dute.
  • Txapelketako partida guztiak 35 tantura jokatuko dira
  • Puntuaketa sistema ondorengoa izango da:

35 tantu (irabazlea) 4 puntu

34tik 32 tantura 2 puntu

31tik 29 tantura 1 puntu

28tik 23 tantura 0 puntu

22 edo gutxiago -1 puntu

FINALAURREA: Martxoaren 26an eta apirilaren 2an.

  • Ligaxkan parte hartzen duten 6 bikoteetatik, bi kanpoan geldituko dira, hortaz finalaurre honetan, talde bakoitzaren lehenengo 2 postuetan sailkatu diren 4 bikoteak hartuko dute parte.
  • 4 bikote hauen gurutzaketak honakoak izango dira:

Martxoak 26 (larunbata) (35 tantura):

A taldean 1. postuan sailkatu denak, B taldean 2. postuan sailkatu denaren aurka jokatuko du.

Apirilak 2 (larunbata) (35 tantura):

B taldean 1. postuan sailkatu denak, A taldeko 2. postuan sailkatu denaren aurka jokatuko du.

  • Beren partida irabazten duten bi bikoteek jokatuko dute aurtengo BERRIA Erremonte Txapelketaren finala.

Share This