LASTERKETAK
Lasterbidean elkartasun lasterketak egun osoko egitaraua izango du
COVID19 gaitzak eragindako pandemiaren ondorioz halabeharrez izandako bi urteko etenaldiaren ostean, azkenik Lasterbidean euskal presoekiko elkartasun lasterketa maiatzaren 28an egingo da, Kanpezun, Berriro bidean gara lelopean.
Lasterbidean lasterketa, euskal herritar talde batek, Etxerat elkarteko senideekin batera, 2013. urtean abiatu zuen lasterketa da, non kirola eta elkartasuna batzen diren. Korrikaren kirol eremutik jaiotako elkartasun herri ekimena da, euskal presoen eta euren senideen eskubideen aldekoa.
Lehen edizio hura Oiartzunen izan zen, eta ondoren, Euskal Herriko herri ezberdinetan ospatu da: Larrabetzun 2014an, Berriozarren 2015ean, Oñatin 2017an, Ondarroan 2018an edota azken edizioa, 2019an, Arbizun eta Lakuntzan.
Aurtengoa Kanpezun egingo da, Araban ospatzen den bigarren aldia izango delarik honakoa, izan ere, 2016an Araian egin zuten laugarren edizioa. Aurreko edizioetan ez bezala, aurtengoa larunbatean egiten den lehena izango da.
Maiatzaren 28an, larunbatean, Kanpezuk Lasterbidean elkartasun lasterketa hartuko du, egun osoko egitarauarekin: zunba beroketa, lasterketa luzea eta laburra, ekitaldia, herri bazkaria, umeen txokoa, esku pilota partida eta kontzertuak.
Udalerriko kaleak eta ingurune naturala izango ditu agertoki, eta talde eragileak mila pertsona inguru bertaratzea espero du. Horregatik, jardunaldia posible egiteko logistika lanetan laguntzeko gonbita egin diete herritarrei, 200 lagun inguru beharko baitituzte.
Bi ibilbide diseinatu dituzte, Kanpezu eta Genevilla artean mendiaren behealdetik igaroko direnak. Ibilbide luzea 9,2 kilometrokoa izango da, eta laburra 3,2 kilometrokoa. Bi lasterketetan izena emateko epea zabalik dago Lasterbidean.eus webgunean, maiatzaren 25era arte; nolanahi ere, lasterketaren egunean bertan aurrez aurre egiteko aukera izango da.
EGITARAUA:
Goizean zehar: Denak Etxera mural margoketa kolektiboa
09:00: Dortsal banaketa, frontoian
10:00: Zunba beroketa, plazan
11:00: Lasterketa luzea (9,2 kilometro)
12:30: Lasterketa laburra (3,2 kilometro)
13:30: Sari banaketa, herriko plazan
14:00: Ekitaldia, herriko plazan
15:00: Herri bazkaria Jotafa Txarangarekin, polikiroldegian
16:00: Umeen txokoa, gimnasioan
17:30: Esku pilota partidua
19:00: Kontzertuak, plazan: Zaunka, Sakamantekas eta Erroka
Kontzertuak eta gero: DJ Bull
Fitxa Teknikoa
Lasterketa Laburra
Data: 2022ko maiatzaren 28a
Ordua: 12:30
Irteera: Kanpezuko Plazan
Distantzia: 3,2 Km
Lasterketa Luzea
Data: 2022ko maiatzaren 28a
Ordua:
Irteera: Kanpezu
Distantzia: 7,6 Km
Sarako Sorgina Trail eta Kontrabandisten lasterketak aurkeztu dituzte
Datorren abuztuaren 29an egingo dira Saran Sorgina Trail lasterketa goizez eta Kontrabandisten lasterketa arratsaldez
Oihana Kortazarrek marka berria ezarri du Anetoko igoera eta jaitsieran
Elgetakoak 4:40:42 denbora behar izan du ibilbidea betetzeko,1998an Enmma Rocak ezarritako marka 22 minutuan onduz
Gasteiz-Iruñea Basque Ultra Traila lehiatu zen asteburuan
Owen Davies nagusitu zen gizonezkoetan (16:02:08) eta Carmen Maria Perez Serrano emakumezkoetan (21:00:15)