MENDI LASTERKETAK

Sarako Sorgina Trail eta Kontrabandisten lasterketak aurkeztu dituzte

by | 2021/08/17

Argazkiak: sarakorrika.com

Datorren abuztuaren 29an egingo dira Saran Sorgina Trail lasterketa goizez eta Kontrabandisten lasterketa arratsaldez. Ibilaldia eta Kontrabandista Ttiki haurrentzako lasterketa ere egingo dituzte egun horretan, baita bazkaria ere.

Sarako Olhain Ikastolak emazte eta neskentzat antolatutako lasterketa da Sorgina Traila. 7.5 kilometroko ibilbidea eta 200 metroko desmaila izango du aurtengo lasterketak, goizeko 10:30an abiatuko delarik lasterketa. Emakume eta nesken lasterketaz gain, ibilaldia egingo da eta hau guztiei irekia izango da. 09:30ean abiatuko da eta izen ematea egunean bertan egin beharko da 4 euro ordainduta.

16:30ean Kontrabandista Ttiki haurrentzako lasterketa izango da Sarako kaleetan barna eta 18:00etan aldiz Kontrabandisten lasterketaren txanda izango da. Lasterkariek 8,4 kilometroko ibilbidea egin beharko dute. Sarako plazatik abiatuko dira eta 522 metrotara dagoen Zazpi Fago tontorra izango da ibilbideko punturik altuena. Ohi bezala, lasterkariak galtza luze beltzekin eta kamiseta zuriarekin aterako dira eta lehenbiziko 1.500 metroetan gizonezkoek zortzi kiloko eta emakumezkoek lau kiloko zakua bizkarrean eraman beharko dute, Berako bidegurutzera bitartean, garai bateko kontrabandisten lana gogora ekarriz.

Lasterketan Sara inguruko herrietakoek baino ezin dute parte hartu: Ainhoa, Azkaine, Baigorri, Ezpeleta, Donibane Garazi, Hendaia, Sara, Senpere, Urruña, Bera, Elizondo, Etxalar, Hondarribia, Irun, Lesaka, Urdazubi, Luzaide eta Zugarramurdiko bina korrikalarik bakarrik har dezakete parte lasterketa entzutetsu honetan.

Naturan gaindi egiten den lasterketa hau Sara Korrika elkarteak antolatzen du, Sarako Herriko Etxearekin eta Euskal Elkargoko Turismo Bulegoarekin elkarlanean.

Sarako lagun talde batek 1961ean irudikatu eta sortu zuen Kontrabandisten lasterketa. Lehen edizio horren irabazlea Louis d ‘Olhette jauna (Urrugne) izan zen. Lasterkariak Sarako enparantzatik abiatu ziren, eta 25 kiloko zaku bat kargatu zuten Larruneko magaletan, herrira bueltan eraman zutena.

Kontrabandoa, “Gaueko lana” ere deitua, oso fenomeno hedatua izan zen herrialdeko gizon-emakumeen artean garai haietan, haien bizitza hobetzeko nahiak bultzatuta. Ez zen hori izan helburu bakarra haien jardunean, izan ere, kontrabandistek eta artzainek paper garrantzitsua jokatu zuten Bigarren Mundu Gerran. Mendia primeran ezagututa, iheslariak, pilotuak eta familia juduak Pirinioak zeharkatzen laguntzen aritu ziren (COMET sare ospetsua horren adibide).

Lasterketaren inoizko marka onena Fernando Etxegaraik ezarri zuen 2006. urteko edizioa irabazitakoan, 38 minutu eta 36 segundutan helmugaratu zelarik.

Share This