EUSKAL PILOTA
Kopako finalarekin amaitu da Laxoa denboraldia
Laxoa txapelketa nagusia bukatu eta hilabetera, irailaren erdialdera, amaiera eman zitzaion 2021eko laxoa Kopari, eta iragan larunbatean berriz amaitu zen finala jokatuta.
Aipatzekoa da kopako txapelketako partidu guztiak Arraiozko plazan jokatu direla eta guztira lau talde aritu direla nor baino nor gehiago txapela eskuratu asmoz.
Laxoa Kopako taldeak honakoak izan dira:
1 Taldea: Ioritz Zelaieta, Gorka Urtasun, Iñaki Maylin eta Jon Gamio.
2 Taldea: Mikel Mindegia, Josu Juanena, Oinatz Jaunsaras eta Joseba Juanena.
3 Taldea: Abi Bengoetxea, Ramontxo Etxebeste, Aritz Alunda eta Iñaki Etxandi.
4 Taldea: Jon Apeztegia, Aitor Zubigarai, Mikel Sagaseta eta Jokin Apezetxea.
Finalerdiak irailaren 11n eta 18an jokatu ziren eta 2. taldea eta 3. taldea sailkatu ziren finalerako. Gauzak horrela, azkenean, pasa den larunbatean, urriak 2, lehiatu zen final haundia Arraiozko plazan, arratsaldeko 5etan. Gorriz Mikel Mindegia, Josu Juanena, Joseba Juanena eta Jabi Apeztegiak jokatu zuten, eta urdinez, aldiz, Xabier Bengoetxea, Ramontxo Etxebeste, Iñaki Etxandi eta Aritz Alundak.
Bi ordu eta hogei minutuko finala izan zen, orekatua, borrokatua eta emozioz betea. Azkenean, Mikel Mindegia (Arraioz), Josu Juanena (Doneztebe), Joseba Juanena (Doneztebe) eta Javi Apeztegia (Doneztebe) nagusitu ziren, 9-8 Xabi Bengoetxea (Arraioz), Ramontxo Etxebeste, (Doneztebe), Aritz Alunda (Arraioz) eta Iñaki Etxandi (Irurita) laukotearen kontra.
Markagailua horrela joan zen: 2-0, 2-2, 3-2, 3-3, 4-3, 4-6, 6-6, 6-7, 8-7, 8-8, 9-8.
Modu honetara borobildu da Laxoa Elkartearen 2021, urteko denboraldia. Urte honetan orotara bost txapelketa edo torneo jokatu dituzte: Baztan-Malerreka desafioa, Baztan-Erreka txapelketa (helduak), gaztetxoen txapelketa, gazteen txapelketa eta, azkenik, kopako txapelketa.
Zer da Laxoa?
Laxoa, gaur egun praktikatzen den Pilota modalitate zaharra dugu, eta beste batzuen aitzindari.
Garai batean eskuz jokatzen zen bote-luzea modalitatearen berdina da, larruzko eskularruz eta plaza handixeagoan praktikatzen dena orain.
Garai batean, artzainek mendiko pilotasoro edo soropiletan jolasten zuten. Gero, herrira jaitsi zirenean, joko hau zabaldu eta ikaragarrizko arrakasta izan zuen, Euskal Herriko kirol nagusia izan zelarik XIX. mendeko bigarren erdirarte. Ipar Euskal Herrian, Nafarroan (ospetsuak ziren Iruñeko San Fermin bestetan jokatzen ziren partidak), nahiz Gipuzkoa, Bizkaian eta beste zenbait tokitan ere arrakasta izan zuen Laxoak. XIX. mendearen erdialdean izan zuen bere garairik dizdiratsuena.
Gora behera handiak izan baditu ere, gaur egun osansuntsu dagoela esan dezakegu, azken lau hamarkadetan, urtero hutsik egin gabe, herrien arteko txapelketak, bai helduenak bai gazte eta gaztetxoenak, jokatu dira eta.
Imanol Lopez, buruz buruko txapelduna
Zestako Banakako bigarren txapela irabazi du Lopezek
Bihar jokatuko da erremonteko Binakako finala Galarretan
Matxin III.a-Barrenetxea IV. eta Urriza-Larrañaga arituko dira nor baino nor aurtengo txapelaren bila
Emakume Laboral Kutxa EITB Master torneoa igandean Berrizen
Lau terdian Miriam Arrillaga eta Leire Garai neurtuko dira eta, binakakoan, Iera Agirre-Leire Etxaniz eta Olatz Arrizabalaga-Maite Ruiz de Larramendi