EUSKAL PILOTA

Emakume Laboral Kutxa EITB Master torneoa igandean Berrizen

2019/12/27

Argazkia: naiz.eus

Emakumeen esku pilotak beste hitzordu garrantzitsu bat izango du urtea amaitu aurretik, Laboral Kutxa EITB Master jaialdia jokatuko baita igande honetan, abenduak 29, Berrizeko udal pilotalekuan.

  Emakume Master CUPek izan zuen sonaren harira, urtea bukatzeko koadroko pilotari onenak arituko dira Berrizen, Laboral Kutxa EITB Master jaialdian. Hirugarren urtea izan da honakoa Emakume Master Cup txapelketa antolatzen dutela, eta emaitzak oso onak izan direla begi-bistakoa da. Emakumeen esku pilotak hazten jarraitzen duela ikusi da. Pilotariek gero eta maila hobea dute eta gainera parte-hartze markak hautsi dira aurten, guztira 92 pilotari izan baitira lehian.
Bideoa: eitb.eus
Jaialdiaren helburua Emakume Master Cup lehiaketako pilotaririk onenak biltzea izan da, baina tamalez Miren Larrarte eta Patri Espinar Lau eta Erdiko finalistek ezingo dute jokatu. Gipuzkoarra eskua minduta dauka eta ta Usansolokoa kanpoan da bidaia batean. Hala ere, goi mailako ordezkoak izango dituzte. Jaialdia lau terdiko neurketa batek irekiko du, eta bertan Miriam Arrillaga, pilota mistoarekin txapeldun irten berri den pilotaria, eta Leire Garai neurtuko dira. Ondoren, binakako partidan, Iera Agirre-Leire Etxaniz eta Olatz Arrizabalaga-Maite Ruiz de Larramendi izango dira elkarren aurka jokatuko dutenak. ETB1ek eta eitb.eus-ek Emakume Master Laboral Kutxa-EiTB torneoaren bigarren edizioa eskainiko dute zuzenean igande honetan, abenduaren 29an, 12:00etatik aurrera.
Eta urte berriari begira, hurrengo binakako Master Cup txapelketarako izen emate epea zabalik dago jada, urtarrilaren 10era arte. Aurten bezala bi maila izango dira, pilota goxoa eta pilota mistoa, eta izena banaka eman behar da, gero antolakuntzak osatuko dituelako bikote ahalik eta orekatuenak. Lehenbizikoz pilota mistoa erabili dute aurtengo txapelketan (hogei emakumek erabaki zuten pilota mistoarekin jokatzea) eta hurrengo urteari begira segida ematea erabaki du antolakuntzak, izan ere ziurrenik etorkizuna marraztuko duen modalitatea baita honakoa.