«Inora ez goazela iruditzen zait»
Ito zorian
KOLDO ALDALUR 2019ko urtarrilaren 10a
Hasieran eguraldi euritsua egiten zuenerako primerakoa iruditu zitzaion. Kiroldegiko sabaian jarri zituzten ibiltzeko makina berri koloretsuetan emango zituen goizak. Bigarren asterako aipatu zion norbaitek: ibiltzeko makina –orduan gelditzerik ez zegoen errota harria– Sir William Cubitt izeneko mekanikariak asmatu zuela XIX. mendean Erresuma Batuko presoak ohar zitezen alferrik ari zirela etengabeko gaiztakerian, inora ez zirela inoiz iritsiko, alegia.
Handik urruti ez jarri zituzten bizikletatan probatu zuen segidan. Jakina da “bizikletaren teorian” gu geu garela gure norabidea eta erritmoa erabakitzen dugunok. Baldintza bakarra asko motelduz gero oreka galdu eta erortzeko arriskua dagoela. Baina, jakina, bizikleta estatikoa izanik, muturrez aurrera erortzeko beldurrik ez. Dotore aritu zen eragin eta eragin konturatu zen arte errota harriaren gainean zebiltzan presoak bezala, bera ere beti toki berean zegoela.
Orduan igerian egitea otu zitzaion. Getarian murgil egin eta Zarautzera igerian joatea pentsatu zuen. “Horrela behintzat aurrera egingo dut beti inora iritsi ezinean ibili gabe”.
Indartsu ekin zion lanari. Hasierako olatuak gainditu zituen eta erritmo egokia hartzen saiatu. Ordubete inguru ahaleginean zeramanean konturatu zen zerbait arraroa gertatzen ari zitzaiola: uretatik burua atera eta Zarautz aldera begiratzen zuenean helburua, malekoia, gero eta urrutiago ote zegoen iruditzen zitzaion. Itsaso azpiko korronteek berriro Getaria aldera bultzatzen zuten eta pilatzen ari zitzaion nekea gero eta handiagoa zenez, buelta erdi hartu eta marea alde, itzultzeko tentazioa buruan bueltaka hasi zitzaion.
Pasealeku berrian genbiltzanok ohartu ginen neskatxaren egoera larriaz, baina inork ez genituen haitzetara ematen duten eskailerak jaitsi laguntza eskaintzeko asmoz.
Euskal Selekzioei buruz pluralean hitz egin beharko genuke alde ikaragarriak daudelako kirol batzuetatik besteetara nazioarteko harremanei buruz ari garelarik.
Baina orokorrean gure neskatxa ibiltzeko makinan edo bizikleta estatikoan bezala inora ez goazela iruditzen zait: eragin eta eragin egiten dugu geure burua engainatu arte, baina beti toki berean gabiltza.
Neskatxak gero eta urrutiago du Zarauzko malekoia. Agintari askoren epeltasunaren korronteak atzera ez ezik, hondora bultzatzen du, eta pasieran gabiltzanok begira gaude. Laster itoko da. Eta selekzioena bakarrik balitz, gaitzerdi.
‘Bada garaia. Martxoaren 23an, denok San Mamesera’
Euskal Herria Kirola elkartearen oharra
Pilotaren ofizialtasuna Nazioarteko Federazioaren mahai gainean
Ezohiko Batzar Orokorra deitu du Euskal Herriko Pilota Federazioak egindako eskaera ebazteko
Emaitza bikainak lortu ditu Pilotako Euskal Selekzioak Munduko Txapelketan
Altziran jokatu da C.I.J.B Erakundearen Munduko txapelketa