ARGITALPENAK
Kalean da Harmaila kirol aldizkariaren 8. alea
Harmaila, euskara hutsean pasioa eta analisia uztartzen dituen kirol aldizkaria
Harmaila aldizkaria 2017ko udaran ikusi zuen argia, Aitor Manterola kirol kazetari eta BERRIAko kolaboratzailea, Eñaut Barandiaran gidoilari eta kirol zuzendaria eta Iñaki Berastegi kirol esatariaren eskutik. Bere sortzaileek kirol aldizkari parekidea, arnas luzekoa eta euskarazkoa bezala definitzen dute, betiere kirola kulturaren filtroaz jorratuz.
Urtean bost ale ateratzen dituzte, eta lan mardulak dira, 100 orrialdekoak gutxi gorabehera. Filosofiaren beste euskarriak lurraldetasuna eta genero berdintasuna dituzte. Euskal Herriko lurralde guztiei egiten diete lekua eta nabarmena da ere genero berdintasunaren lanketa, izan ere, emakumeen presentzia handia izaten baita orrialdeen barruan. Herri mailako kirolera hurbiltzen ere saiatzen dira, gertutasuna irabazteko.
Euskal Herrian dagoen kirolzaletasunarekin bat eginda eta euskararen erabilera sustatzeko eta bultzatzeko kirola beharrezkoa dela iritzita Harmaila sortu zuten kirola euskaraz irakurtzeko aukera emateko herritarrei.
Oraingoan, aldizkariaren 8. alea atera dute argitara eta Maritxu Housset, Arbonan jaiotako paleta gomazko pilotaria da zenbaki honetako protagonista nagusia. Lapurtarraren palmaresa ikustea besterik eztago protagonismo hori merezia dela jakiteko: 5 aldiz munduko txapeldun paleta gomaz trinketean : 2002, 2006, 2014 eta 2018an (bi titulu bildu zituen Bartzelonan. Trinketean eta 30 metroko ezker paretan). 3 Munduko Kopa irabazi ditu ere: 2012an Iruñean, 2013an Haillan-en (Bordele), 2016an Santiagon (Txilen). Frontball-eko munduko txapeldun 2017an.
Gainera, modu argian adierazten du euskal selekzioaren aldeko jarrera, egunen batean Frantzia eta Euskal Selekzioaren artean hautatu beharko balu bere erabakia zein izango zen galdetuta, erantzun irmoa mahairatzen duelarik: “Euskal Selekzioa, dudarik gabe. Legez edo administratiboki ez dakit posible den, baina hautatzen ahal balitz, egingo nuke, eta ez naiz bakarra”
Harmaila aldizkariaren 8. alean jorratzen diren gaiak:
-Maritxu Housset
-Reyes Azkoitia eta Ixiar Bakerorekin solasaldia
-Madelen Urieta RPK Araski taldeko entrenatzaileari elkarrizketa.
-Kirolarien Harmaila, Ane Barandiaran softbol jokalariaren hitzetan
-Ziklokrosseko fotoerreportajea
-Roberto Zarrabeitia argazkilariaren artxiboa arakatuz, “Laborategi” inprobisatuetako harribitxiak aurkitzeko asmoz.
-Ainhoa Tirapuri elkarrizketa, hitzarmen kolektiboa sinatzeko zegoela, emakumezko futbolarien grebaz eta euren eskariez solasaldia.
Harpidetzak:
Harpidedun egin behar da aldizkaria irakurri ahal izateko, online edota paperean, eta harpidedunak behar dituzte, egitasmoak aurrera egin dezan.
Urteko 40 euro ordaintzea nahikoa da etxean jasotzeko papereko urteko bost aleak, eta online bidezko harpidetzagatik 15 euro ordaindu behar dira. Harpidetza egiteko www.harmaila.eus webgunean sartu behar da, Denda atalean. Salmenta ere bultzatu dute Euskal Herriko hainbat liburudenda eta kioskoetan, eta alea 10 eurotan dago salgai.
Harmaila aldizkaria non eskuratu:
Liburutegiak: Donostian (Casares-Tomasene liburutegia, Larratxo Liburutegia, Ernest Lluch liburutegia, Haur liburutegi nagusia, Okendo liburutegia, Egia liburutegia, Lugaritz liburutegia, Alderdi Eder liburutegia; Gasteizen (Judimendi liburutegia, Berrizko liburutegia, Hernaniko liburutegia, Lezoko liburutegia, Usurbilgo Sutegi Udal liburutegia, Zarauzko Udal liburutegia.
Salmenta puntuak: Iruñea (Katakrak liburuak), Altsasu (Arkatz liburudenda), Zumaia (Mandala liburudenda eta Aizpurua liburudenda), Gasteiz (Zuloa irudia), Donostia (Hontza liburudenda).
Geure Sport aldizkari digitalaren 6. alea
Axel Larrañaga eta Markel Zapiain, 19 urtez azpiko aizkora txapeldunekin elkarrizketa
Geure Sport aldizkari digitalaren 5. alea
Ioritz Gisasola eta Suharri Rodriguez, 23 urtez azpiko aizkora txapeldunekin elkarrizketa
Geure Sport aldizkari digitalaren 4. alea
Urdax Magunazelaia harrijasotzailearekin elkarrizketa, azkeneko Urrezko Harrijasotze txapelketako txapeldunordea