ARGITALPENAK/HERRI KIROLAK

Geure Sport aldizkari digitalaren 5. alea

by | 2020/04/10

Argazkiak: egursport.com

Ioritz Gisasola Zelai IV.ak eta Suharri Rodriguezek, Urrezko Binakako 23 urtez azpiko txapela jantzi zuten martxoan

 

2018ko ekainean kaleratu zuten lehenengoz herri kirolak hizpide dituen Geure Sport aldizkaria paperean eta dagoeneko 23 ale argitaratu dituzte jadanik. Berriki, aldizkariaren bertsio digitala atera dute, dagoeneko bost ale argitaratu dituztelarik. Edukieei dagokionez, gai bakarra jorratzen dute eta berau euskaraz zein gaztelaniaz irakurri daiteke.

Azkeneko ale honetan, Ioritz Gisasola eta Suharri Rodriguez aizkora txapeldun gazteei egiten diete elkarrizketatxoa aldizkariaren egileek.

Urrezko Binakako 23 urtez azpiko Txapelketaren finala lehiatu zen Azpeitiako Izarraitz pilotalekuan pasa den martxoaren 7an. Ioritz Gisasola “Zelai IV.a”-Suharri Rodriguez, Julen Larrea III.a-Jokin Urretabizkaia “Basozabal” eta Hodei Ezpeleta-Unai Larrea bikoteak lehiatu zuten finala.

Egin behar zuten lana,  seina kana-erdiko txanda librean ebakitzea.  Ioritz Gisasola Zelai IV.ak eta Suharri Rodriguezek sei kana-erdiko ebakitzeko 9:03 behar izan zuten eta bigarren sailkatu zen bikoteak, Julen Larrea III.a eta Jokin Urretabizkaia Basozabalek, 9:11 egin zuten.  Podiumeko hirugarren postua Hodei Ezpeleta eta Unai Zabalarentzat izan zen (11:30).

Irabazleek zortzi segundoko abantaila bakarrik izan zuten euren alde amaieran, hori izan baitzen bigarren sailkatu ziren Larrea III.ari eta Basozabali ateratako aldea. Hasieratik bukaerara lehia ikaragarria izan zuten bi bikote hauek, nahiz eta gehienean txapela jantzi zuen bikotea izan zen aurretik. Azkeneko enborrera ere ezer erabaki gabe sartu ziren, eta azkenean segundu gutxiren barruan izan baldin bazen ere txapela Zelaik eta Suharrik eraman zuten. Ezpeleta eta Zabala zen hirugarren bikotea. Hasieratik joan ziren atzera geratzen eta hirugarren amaitu zuten

Geure Sport aldizkariari egindako adierazpenetan, finala irabaztea uste baino gehiago kosta zitzaiela onartzen dute Suharrik eta Zelai IV.ak.

Bizkaitarra eta gipuzkoarra gustura daude lortutakoarekin baina aurreko saiotako denborak ikusita heuren burua faboritotzat hartzen zuten eta beraz ez zuten espero hain tarte txikiaren bueltan erabakitzea finala.

Haien irudiko, norgehiagokaren gakoa txandetan egon zen, azkeneko bi egurretan bi txanda egiten hasi ziren eta aurkariek azkeneko enborrera arte ez zuten gauza berdina egin, horrek garaipena eman ziela uste dutelarik.

Bizitako giroa ere biek aipatu nahi izan dute, ikaragarria izan zen harmailetako giroa eta jokatzeko ederra txapeldunek adierazi dutenez, azken urte hauetako jendetzarik handiena bildu zela nabarmendu dutelarik.

Etorkizun polita dute aurretik bi aizkolari gazteek, orain halabeharrez egokitu zaien etenaldi honen ondoren, erronka zirraragarriak dituzte ate joka, Urrezko Banako Aizkolarien Txapelketan, Euskal Herriko Txapelketa eta Bizkaiko Txapelketa esaterako.

Geuresport aldizkariaren edizio digitalaren 5.alea irakurtzeko sakatu HEMEN

Lehenengo alean, Mikel Larrañaga eta Jon Rekondori,  pasa den martxoaren 7an Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren irabazleei egindako elkarriketatxoa ekarri zuten gurera argitalpenaren egileek.

Bigarren alean, egun berean jokatutako 2020ko Urrezko Harrijasotze Txapelketaren irabazle suertatu zen Xabier Peñarekin elkarrizketa burutu zuten.

Hirugarren alean, Emakumeen Banakako Aizkolari Txapelketaren irabazlea den Irati Astondoarekin solasaldia irakurtzeko aukera eskeini ziguten.

Laugarren alean, Urdax Magunazelaia harrijasotzailearekin elkarrizketa dakarkigute, azkeneko Urrezko Harrijasotze txapelketan txapeldunorde izandakoa.

Share This