SURFA

Garazi Sanchez, amets olinpikoa ortzimugan

by | 2020/04/09

Argazkiak: basqueteam.eus

Aurrenekoz izango da surfa kirol olinpikoa eta bertan lehiatu ahal izateko azken txarteletako baten bila dabil Garazi Sanchez 

 

El Salvadorreko Sunzaleko hondartzan lehiatu behar zen Munduko Surf Txapelketa datorren maiatzaren 9tik aurrera baina koronabirusaren eragina dela eta atzeratua izan da ekainaren 6ra arte. Munduko Txapelketa honetan zazpi leku daude jokoan emakumezkoen mailan Tokioko 2020 Joko Olinpietarako, eta horietako baten bila aritzekoa da Garazi Sanchez getxoztarra.

Baina Joko Olinpikoak aurten egingo ez direla kontutan izanda eta koronabirusaren pandemiaren hedapena ikusita, Munduko Surf Txapelketa hau kolokan dago.

Une honetan ekainaren 6tik 14ra arte lehiatzekoa da, baina itxaron beharko da hurrengo datetan azkeneko erabaki definitiboa hartu arte, apirilaren 20an berriro bilduko direlarik egoera aztertzeko.

Nazioarteko Surf Federazioak (ISA-International Surfing Association) El Salvadorreko gobernuarekin adostuta, Surf City El Salvador ISA World Surfing Games (WSG) munduko txapelketa ekainera atzeratzea erabaki zuen duela egun batzuk.

Behin-behineko data berri hauek, World Surf League (WSL)-k berriki hartutako erabakiarekin bat datoz, izan ere, denboraldia maiatzaren amaierarte bertan behera uzteko deliberoa hartua zuten ordurako.

ISA World Surfing Games Mundiala Tokioko Joko Olinpikoetarako sarbidea izango da, izan ere, azkeneko 12 txartelak banatuko dira partehartzaileen artean, bost gizonezkoen mailan eta zazpi emakumezkoenean.  Dagoeneko 28 surflari sailkatu dira Joko Olinpikoetarako, baina orotara 40 izango dira lehiakide olinpikoak (20 gizonezko eta beste horrenbeste emakumezkoak) eta kopuru osora ailegatzeko oraindik 12 suflari sailkatu behar dira El Salvadorreko mundo txapelketako olatuak baliatuz.

Momentuz, honakoak sailkatuta daude jadanik emakumezkoen kategorian:

2019ko World Surf Leaguen izandako emaitzengatik, Sally Fitzgibbons eta Stephanie Gilmore australiarrak, Silvana Lima eta Tatiana Weston-Webb brasildarrak, Caroline Marks eta Carissa Moore estatubatuarrak, Kostarrikako Brisa Hennessy eta Johanne Defay frantsesa. 2019ko Mundialaren emaitzengatik aldiz, Bianca Buitendag hegoafrikarra, Shino Matsuda japoniarra, Anat Lelior  israeldarra eta Zelanda Berriko Ella Williams. Eta 2019ko Joko Panamerikarretan izandako emaitzengatik, Daniella Rosas peruarra.

Azken txartel horietariko bat eskuratzeko lehian aritzekoa da Garazi Sanchez, zazpi urte zituenetik surfaren mundura lotuta dagoen 1992an jaiotako getxoztarra.

2018an Espainiako txapelduna izan zen Garazi Sanchez, baina istripu larria ere izan zuen urte hartan. Oinez ikasi behar izan zuen berriro, baita surf egiten ere. Egun, ordea, Tokio 2020 du buruan, eta egoerak ahalbidetzen badu gogotik saiatuko da Joko Olinpikoetarako sailkapena lortzen.

SURFA

Share This