MENDI LASTERKETAK
Jérôme Camachok eta Rebecca Torradok irabazi dute Senpereko Traila
Iaz Senpereko Trail lasterketako antolatzaileek jakinarazi zuten 2021eko lasterketa ez zutela egingo, COVID19 gaitzak eragindako pandemiaren bilakaera ikusita. Egoera epidemiologikoa 2021ean hobetuko zela pentsatuz, irailaren amaieran izen-emateak zabaldu zituzten antolatzaileek baina egoerak ez zuen hobera egin eta azkenean ezin izan zen proba lehiatu.
Aurten baina egoera aldatu eta posible izan dute lasterketa burutzea eta aurreikusita zegoen asmoari jarraiki, TONTORREZ TONTOR izenarekin bataiaturiko lasterketa berria (80 kilometrokoa eta 5200 metroko desnibel positiboarekin) gehitu diote egitarauari. Beraz, guztira 4 lasterketa lehiatu zituzten pasa den asteburuan: 10 kilometrokoa, 21 kilometrokoa, 41 kilometrokoa eta 80 kilometrokoa.
Larunbatean, 05:00etan abiatu zen aipaturiko Tontorrez tontor ultra trail lasterketa eta geroxeago, 09:00etan, Gotorlekuen itzulia hasi zen, 42 kilometroko distantzia, 2.800 metroko desnibela eta Larhungo gotorlekuen gaindi pasatzen den lasterketa. Beranduago, 11:00etan, Ibar Run Trail lasterketak hartu zuen lekukoa, 10 kilometro eta 330 metroko desnibel positiboarekin, azken hau lasterkari amateurrentzako.
Igande goizean berriz, 09:00etan abiatu zen Senpereko Trail ezagunaren 10.edizioa, 21 kilometro eta 1.050 metroko desnibela dituen mendi lasterkari ugari biltzen dituen proba.
Larunbatean, Ultra-trail delakoan (Tontorrez-Tontor), 82 kilometroko proban 300 korrikalari atera ziren. Horietan azkarrena Arkaitz Aizkorreta Galindez bizkaitarra izan zen (10 ordu eta 22 minutu), bigarrena Bordeleko Sylvain Mendez izan zelarikoa. Lehen emakumezkoa Jocelyne Pauly izan zen.
Maratoian (Gotorlekuen Itzulia), 42 kilometroko lasterketan 600 lasterkari izan ziren. Faboritoa izan zen irabazlea, Maxime Cazajous biarnesa (4 ordu eta 24 minutu), bigarren Romain Lacaste sailkatu zelarik.
Ibar Run Trail. 10 kilometroko proban Christopher Vaquero izan zen bizkorrena, Chris Matñe eta Thomas Bourdillaten aurretik. Emakumezkoetan, Liloi Aguerre izan zen lehena helmugaratzen, Paula Marcos bigarren eta Raphaele Souavin hirugarren.
Igandeko proban azkenik, Senpereko Trailean, guztira 900 korrikalari bildu ziren 21 kilometroko lasterketa egitera. Ziburuko Jérôme Camacho izan zen garailea gizonezkoetan eta Rebecca Torrado emakumezkoetan.
Jabi Goitia eta Maddi Marquet nagusitu dira Oñatiko duatloian
Guztira bost kilometro korrika, 20 bizikletan eta beste 2,5 korrika egin behar izan zituzten partehartzaileek, erlojuaren kontra arituta
Oihana Azkorbebeitia bigarren Keykubat Mountain Run mendi lasterketan, Turkian
Bere taldekidea den Denisa Dragomir korrikalari errumaniarraren atzetik helmuga zapalduta
Aloñako igoera urriaren 17an lehiatuko da
Pandemiaren bilakaerak baimentzen badu Oñatiko lasterketa ezaguna urriaren hirugarren igandean izango da