TXIRRINDULARITZA

Fernando Tercerok irabazi du Aiztondo Klasika

by | 2022/03/14

Argazkiak: @Aiztondoklasika

Pasa den igandean, hilak 13, goizeko 10:00etan eman zitzaion hasiera XVIII. Aiztondo Klasikoa-Patxi Alkorta Memoriala lasterketari, Adunako Txulobi, Zizurkilgo Urkamendi, Villabonako Irrintzi eta Asteasuko Aitzondo txirrindulari elkarteek antolaturikoa.

Afizionatuen mailako lasterketa da, eta 140 kilometro egin behar izan zituzten Aiztondoko herriak zeharkatuz, aurten, Larraulen hasi eta Alkizan izan zutelarik helmuga.

Urtero aldatzen dute ibilbidea, eta oraingoan lehen itzulia Ordiziatik egin eta gero, Aiztondo bailaran ibili ziren; Asteasu, Zizurkil Goia, Aduna eta Villabona zeharkatuz, zazpi itzuli eman behar zituztelarik. Bi aldiz igo behar izan zuten Alkizara, lehenengo igoera Anoeta aldetik eta helmugarako igoera Asteasu aldetik.

Bailara guztiari eman nahi izaten zioten protagonismoa, eta herri guztietan zegoen puntu garrantzitsuren bat: Asteasun eta Zizurkilen izan ziren esprint bereziak, Villabonan tarteko helmuga eta Adunatik pasatu ziren aldi guztiak mendiko sailkapenerako puntuagarriak izan ziren.

25 talde izan dira aurtengo lasterketan parte hartu dutenak, guztira 175 txirrindulari. Ziztu bizian eman zioten hasiera lasterketari, eta lau txirrindulariek osatutako erasoaldi bat sortu zen lehen kilometroetan. Bertan, Diego Uriarte erratzuarra (Lizarte taldea)  eta Astigarragako Telmo Senperena (Eibar Energia Hiriko taldea) txirrindulariak aurkitzen ziren, Yurgen Ramirez (Vigo-Rias Baixas) eta Christian Gormrekin (Smartdry) batera.

Azken bi itzulietan, ordea, Fernando Tercerok (Eolo-Kometa Cycling Team) eta Sinuhe Fernandezek (Lizarte taldea) erasoa jo zuten, aurrea hartuz eta azken kilometroetan Tercero bakarrik joan zen aurrera, Fernandez atzean utziz.

Fernandezek atzetik zituen Mikel Retegi eta Pablo Castrillo taldekideak, baita Mikel Mugica (Telco’m – On Clima – Osés) legazpiarra ere, eta aurrera egitea lortu zuten. Hala ere, Tercerok bere postua mantendu zuen, Alkizako helmuga aurrena zeharkatuz. Mikel Retegirentzat izan zen bigarren postua, eta hirugarrena berriz, Pablo Castrillorentzat.

Txapela jantzi ez ezik, lasterketako irabazlea izan den Tercerok ere mendiko saria jaso zuen eta Dinamarkako Christian Gorm (Smartdry Development Team) txirrindulariak sprin berezienaren eta tarteko helmugetako irabazlearen sariak eraman zituen etxera. Azkenik, podiumera bi ordezkari igotzeaz gain, taldekako saria jaso zuen Nafarroako Lizarte taldeak.

SAILKAPENA

  1. TERCERO, Fernando EOL 3:22:23
  2. RETEGI, Mikel LIZ 3:22:29
  3. CASTRILLO, Pablo LIZ 3:22:29
  4. MUJIKA, Mikel TEL 3:22:29
  5. COTERILLO, Angel GOM 3:22:48

TALDEKAKO SAILKAPENA

  1. LIZARTE LIZ 10:08:01
  2. EOLO KOMETA EOL 10:08:27
  3. TELCO.M – ON CLIMA – OSES TEL 10:09:51
  4. CAJA RURAL – ALEA CAA 10:10:23
  5. VIGO-RIAS BAIXAS VIG 10:11:35

MENDIKO SAILKAPENA

  1. TERCERO, Fernando EOL 12 puntu
  2. GORM, Christian ANT 12 puntu
  3. RAMIREZ, Yurgen VIG 10 puntu
  4. URIARTE, Diego LIZ 9 puntu
  5. RETEGI, Mikel LIZ 4 puntu

SPRINTEN SAILKAPENA

  1. GORM, Christian ANT 8 puntu
  2. URIARTE, Diego LIZ 6 puntu
  3. TERCERO, Fernando EOL 4 puntu
  4. GONZALEZ, Iñigo ALU 4 puntu
  5. FERNANDEZ, Sinuhe LIZ 4 puntu

Aiztondo Klasika

Zizurkilek aspaldidanik izan du lotura berezia txirrindularitzarekin. Besteak beste, 1976an Espainiako juvenil mailako txapelketa egin zen, Danenak lehenik afizionatu eta ondoren profesional izan zen txirrindulari taldea izan zuen (Frantziako Tourrean ere parte hartu zuelarik), Emakumeen Txirrindularitzan ere hainbat txapelketa egin dira eta Emakumeen Bira ere antolatu izan da Aiztondon.

Aiztondo klasikak 2003ko martxoaren 9an hartu zuen lekukoarekin aurrera jarraitzen du, esfortzuak esfortzu, kosta ala kosta. Arazoez gainezka, Lasarteko zirkuitoak ezin izan zuen urtetan afizionatu mailan sona eta izen ona izan zuen probaren antolaketarekin jarraitu, eta galerak eragin zitzazkeen kalteei aurrea hartu nahirik Gipuzkoako Txirrindularitza Elkargoak Asteasuko Aitzondo elkarteari luzatu zion proba antolatzeko gonbita. Horrela jaio zen beraz Aiztondo klasika, Aiztondo bailarako herrixken eta elkarteen lankidetzaren fruitua dena.

Aiztondoko Klasikoaren antolakuntza bailarako herrien artean partekartzen da, Zizurkil, Aduna, Alkiza, Amasa-Villabona, Asteasu eta Larraul alegia. Herri edo elkarte bakar batek aurrera atera ezingo zukeen antolaketa, denen artean atera ahal izan da, urtero irteera eta helmuga txandakatuz, baina hori bai, beti Aiztondo bailara osoa harrapatzen duelarik.

Antolakuntza kontuetan  maisua izan zen Patxi Alkorta, lasterketaren izena daramana, izan ere, hark egindako guztia ahazturan eror ez zedin eta haren adibideak luzaroan jarrai dezan erantsi zitzaion karrerari bere izenburua, ondo merezitako omenaldi xume modura.

TXIRRINDULARITZA

Share This