EUSKAL PILOTA
Janire San Sebastianek eta Naiara Fernandezek irabazi dute emakumeen II. pala txapelketa
Zumaiako Emakumeon Etxeak eta Asanblada feministak antolatuta, uztailetik hona jokatu den emakumeen II. Pala Txapelketa amaitu berri da, igande honetan jokatutako finalarekin.
Behin hasierako fasea amaituta, finalerdiak jokatzen aritu dira azken egunotan. Lehen finalerdian, Maite Aizpuruak eta Janire San Sebastianek osatutako bikoteak 16 eta 22 emaitzarekin irabazi zien Ana Egañari eta Leire Esnali. Bigarren finalerdian, Kistiñe Astigarraga eta Alaia Azkuek bere aldetik, Leire Mendizabal eta Naiara Barredo hartu zituzten mendean.
Hortaz, emakumeen II. pala txapelketako finala jokatu zen pasa den igande eguerdian Odieta frontoian, Alaia Azkuek eta Kistiñe Astigarragak, eta Janire San Sebastianek eta Naiara Fernandezek osaturiko bikoteen artean.
Eguzkiaren ziztadapean, norgehiagoka lehiatua eta orekatua ikusteko aukera egon zen Zumaiako pilotalekuan. Gorriz aritu zen Azkuek eta Astigarragak osatutako bikotea 6 eta 0 emaitzarekin jarri zen aurretik, baina urdinek berehala lortu zuten norgehiagoka berdintzea, baita aurretik jartzea ere (6-8). Berdintasun une batzuen ondoren (8-8, 9-9, 10-11), urdinek tantu erreskada polita lortu zuten eta zuloa zabaldu zuten markagailuan (13-19). Hala ere, gorriak ez zeuden partida oparitzeko gogoekin, eta puntu guztiak borrokatu zituzten amaierara arte (14-19, 17-20, 18-21), baina azkenean ezin izan zuten markagailua irauli eta garaipena Janire San Sebastian eta Naiara Fernandezen alde erori zen, 22 eta 18 emaitzarekin.
Esan bezala, Zumaiako Emakumeon Etxeak eta asanblada feministak antolatu dute txapelketa hau, eta guztira 26 pilotarik parte hartu dute. Antolatzen duten bigarren txapelketa izan da honakoa, eta iazko edizioarekin alderatuta parte hartzeak gora egin duela nabarmendu dute antolatzaileek.
Iparlur Masters Txapelketa sei erremontistekin hasiko da larunbatean
Zubiri, Goikoetxea V.a, Juanenea, Ansa II.a, Urriza eta Barrenetxea IV.a dira sei pilotariak
Lehen faseko bi bikote onenak izango dira Paxaka txapelketako finalean
Finala eta hirugarren posturako lehia datorren larunbat arratsaldean jokatuko dira Iruritako Aranabian
Bizkaia Paleta txapelketako finalerdiak zehaztu dira
Irazustabarrenak eta Etxanizek Galdos-Erasunen aurka arituko dira eta Huizi eta Martinek, Agirresarobe eta Arrietaren kontra