EUSKAL PILOTA/XAREA

II. San Migel Xare Txapelketako lehenengo jardunaldia jokatu da

by | 2020/09/08

Argazkiak: Ametsa pilota elkartea

Pasa den asteburuan abiatu zen II. San Migel Xare Irekia, Irurako Ametsa Trinketean txapelketako  lehenengo jardunaldian bi partida jokatu zirelarik: Driolet-Moncadak 40, Larronde-Algaranondo 36 eta De Paredes-Borteyru II 40, Borteyru III-Sistiage 29.

Guztira sei bikote arituko dira nor baino nor gehiago II. San Migel Xare txapelketan, bi multzo ezberdinetan banatuta, eta multzo bakoitzeko taldeek ligaxka bat jokatuko dute denek denen aurka, irailaren 5ean, 11n eta 19an.

Aipatu bikoteak Iparraldeko 10 pilotarik  eta Irurako 2 pilotarik osatzen dituzte: Lopetegi (Irura)-Karrikaburu, Apeztegia (Irura)-Sistiage, Driolet-Moncada, De Paredes-Borteyru, Larronde-Algaranondo eta Etxeverri-Funosas izango dira.

Esan bezala, iragan larunbatean jokatu zen ligaxkako lehen jardunaldia, COVID19 gaitzaren ondorioei aurre egiteko neurri zorrotzak hartu zirelarik.

Jaialdiko aurreneko partidan, lehia bikaina ikusi zen, azkenean Driolet-Moncada bikoak 40-36 irabazi zielarik Larronde-Algaranondori. Azken txanpara arte orekatua eta lehiatua joan zen partidua, berdinketa ugari eman zirelarik.  Ordubete baino gehiago  iraun du norgehiagokak, eta bero handia egiten zuela kontuan izanda, pilotariek  nekearen eragina nabaritu zuten partida aurrera joan heinean. Driolet-Moncada bikotea Larronde -Algaranondo  bikoa baino osoago iritsi zen  partidaren une erabakigarrira, eta  40-36 irabazita, A  taldeko ligaxkako lehen puntua lortu zuten.

Bigarren partidan, De Paredes-Borteyru II bikoak  40-29 irabazi zion   Borteyru III-Sistiaga bikoari. Lehiaren hasieran Borteyru III-Sistiage bikoak ondo eutsi zien  De Paredes eta Borteyru II.ari,  baina partidaren erditik aurrera, De Paredes-Borteyru II bikoa heuren jokoa egiten hasi eta pilota gutxi galduz, sendotasun handia erakutsi zuen. Horren ondorioz, nahiko erraz  lortu zuen garaipena (40-29) De Paredes-Borteyru bikoteak, bide batez B taldeko ligaxkako lehen puntua ere eskuratu zutelarik.

Xare Irekiaren bigarren jardunaldia irailaren 11n, ostirala, 19:00etan, jokatuko da. Hirugarren jardunaldia aldiz, irailaren 19an. Multzo bakoitzeko sailkapenaren lehenengo bi postuetan geratzen diren taldeek finalerdiak jokatuko dituzte, irailaren 26an. Eta finalerdietan nagusitzen diren bi bikoteak aldiz, elkarren aurka arituko dira final haundian, urriaren 3an, 17:00etan.

I. San Migel Xare Irekia

San Migel Xare Irekia txapelketako aurreneko edizioan, lehen aldiz, nesken parte-hartzea egon zen.

Iparraldeko sei pilotari izan ziren lehian txapelketan, Irurako birekin batera. Beraz, lau bikote osatu zituzten, aurten baino bi gutxiago: Apeztegia eta Funosas, Lopetegi eta Bortheiru, Driolet eta Etxeverri, eta Larronde eta Moncada. Hasieran ligaxka jokatu zuten, denek denen aurka, eta finalerdiak zein finala herriko festen barruan lehiatu ziren.

Finalaren atarikoan nesken arteko xare partida antolatu zuten, partida historikoa, artean xarez nesken arteko partidu ofizialik ez baitzen jokatua. Hiru bikote egin zituzten: Naroa Goenaga-Matxalen Mendizabal, Nora Galartza-Maider Isasa, eta Irati Fernandez-Nahia Gorriti. Hiru bikoteek elkarren aurka jokatuko zuten, 10 tantotako joko bana, hain justu.

“Arkupetik trinketera 1919-2019” aldizkaria 

Xarea kirol berezia da herrian, Irurako ondare izatera iritsi delarik, eta hartara mendeurrena (Xareak Irurarekin izan zuen lehen harremana, 1919. urtean gertatu zen) ospatzeko ekitaldi ezberdinak antolatu zituzten iazko abenduan. Urtarrilean berriz, Irura eta xarearen arteko lotura berezi horren berri emateko aldizkaria argitaratu zuten. “Arkupetik trinketera 1919-2019” aldizkaria eskuratzeko sakatu HEMEN

Share This