SASKIBALOIA

Lointek Gernikak irabazi du Emakumezkoen Euskal Kopa

2020/09/07

Lointek Gernikak lortu du garaipena, IDK Euskotreni 50-43 irabazi ostean

 

Emakumezkoen Euskal Kopa irailaren 3tik 5era arte lehiatu da Durangon. Denboraldiko lehen torneo ofiziala ostegunean abiatu zen finalerdiak jokatuta, eta  igandean amaitu zen, Durangoko Landako kiroldegian finala jokatuta.

Lehen mailako lau talde aritu dira nor baino nor gehiago: Araski, Lointek Gernika, IDK eta Tarbes. 2020ko Emakumezkoen Euskal Kopak berritasun bat zekarren, izan ere, Endesa Ligako hiru taldeez aparte, Tarbes Gespe Bigorre talde frantziarra lehiatu da aurten kopan, estrainekoz.

Esan bezala, ostegunean finalerdiak jokatu ziren, norgehiagokak honakoak izan zirelarik: IDK Euskotren – Kutxabank Araski eta  Lointek Gernika Bizkaia – Tarbes Gespe Bigorre.

Aurreneko finalerdian, IDK Euskotren taldeak, azkeneko hiru edizioen txapelduna izandako Araskiri irabazi zion, 66-64. Partida hasiera hutsegitez josia egon bazen ere, poliki-poliki animatzen joan zen eta atsedenaldira 21-28 ailegatu ziren, Araski aurretik zelarik. Bigarren partean, IDK taldeak buelta eman zion markagailuari (48-39) eta azkenean bi punturen aldearekin gernikarrek lortu zuten finalerako txartela.

Bigarren finalerdian, Gernika Bizkaiari asko kostatu zitzaion ere Tarbes talde frantziarra garaitzea. Hobeto aritu ziren frantziarrak partiduaren une askotan baina amaieraldean gernikarrek gehiago asmatu eta azkenean 55-51 irabaztea lortu zuten.

Lointek eta IDK Euskotren taldeek jokatu zuten Emakumezkoen Euskal Kopako finala beraz, igandean lehiatutako partidan Lontek Gernikak 50-43 irabazi ziolarik IDK Gipuzkoari. Bizkaitarrek eraman dute denboraldiko lehenengo titulua beraz, azken hiru finalak galdu ostean, laugarrenean lortu dutelarik Euskal Kopako txapela etxeratzea.

Ikusleak harmailetan zirela (154 lagun), partidu orekatua ikusi zen Landakon, azken txanpan erabaki zelarik norgehiagoka. Partidaren hasieran IDK nagusitu bazen ere lehenengo zatia aurrera egiten zuen heinean gernikarrak hobetu aritu ziren eta atsedenaldira aurretik ailegatu ziren 25-31. Bigarren zatia hasita, IDK zazpi minutu egon zen punturik pilatu gabe eta Lointek taldea hamar puntuko zuloa irekitzea lortu zuen nahiz eta gernikarrek errakzio txikia izan zuten eta hirugarren laurdenaren amaieran abantaila murriztea lortu zuten (34-39).

Azkeneko hamar minutuetan bietako inork ez zuen bere mailarik onena erakutsi eta hutsegite asko eman ziren. Hala ere, gernikarrek abantailari eutsi zioten egindako defensa onari esker eta nahiz eta minutu baten faltan IDKko neskak lau puntura gerturatu (43-47) azkenean garaipena Lointek taldeak eskuratu zuen (43-50).

Share This