HERRI KIROLAK/AIZKORA
Iker Vicentek marka saiakera egingo du
Iker Vicente 14 kanaerdikorekin errekorra lortzen saiatuko da ekainaren 14an
Udaberri partean eta uda osoan zehar herriz herri erakustaldiak izaten dira urtero, baina aurten Covid19 Gaitzak sortutiko pandemiak ekimen guzti hauek bertan behera utzi ditu.
Hala ere, aizkolaritzaren mundua etenalditik aterako da hemendik bi astera, izan ere, egungo Euskal Herriko txapelduna, Iker Vicente, Donato Larretxea baztandarrak duela 25 urte lorturiko marka historikoa gainditzen saiatuko da.
Vicente, Nafarroa eta Euskal Herriko aizkolari txapeldun eta Munduko bigarrena denak, kanaerdiko (54 ontzako) hamalau enbor 27 minutu eta 17 segundu baino gutxiagotan mozteko ahalegina egingo du ekainaren 14an, eguerdiko hamabietan Iruñeko Nafarroa Arena aretoan. Modu honetan, Donato Larretxeak 1995. Urteko abuztuaren 15ean Donostian egindako marka hobetu nahi du.
Nafarroa Arena aretoan burutuko da marka saiakera, printzipioz ikuslegorik gabe harmailetan, nahiz eta gerta daiteke aforo murriztuarekin egitea. Edozein kasutan, Euskal Telebistak zuzen-zuzenean emango du, ETB1en, nazioarteko kanalean zein streaming bidez haien webgunean.
Ekimena guztiz solidarioa izango da eta Covid-19aren kontra lan egiten ari den Nafarroako Unibertsitateko Ikerkuntza Mediku Zentroarentzat ahalik eta dohaintza gehien lortzea da helburua (informazio guztia haien webgunean topatu daiteke: www.helpify.es).
Iker Vicentek ez dio prestatzeari utzi pandemia hasi zenetik, hasieran atseden egun batzuk hartu bazituen ere, eten handirik gabe segi egin du entrenatzen aste guzti hauetan, baina hala ere, erronka gogorra dauka aurretik orainarte inork hautsi ez duen marka gainditzeko, kontutan izanda ere ikuslegoaren animazio falta bere kontrako faktorea izango dela.
Bestalde, Egur Sporten txapelketa uztailaren 5etik abuztu amaiera bitartean jokatuko ote den zabaltzen hasia da herri kirolaren munduan. Antza, zazpi bat aizkolarik parte hartuko dute lehiaketa honetan, Iker Vicente tartean.
Garbiñe Lopez de Uralde eta Ion Lapazaran garaile, Euskal Herriko trontza misto txapelketan
Bigarren Ainhoa Iraizoz eta Josetxo Barberena sailkatu ziren eta Sela Goñi eta Jesus Goñik osatu zuten podioa
Jokin Eizmendik irabazi du Harri Handien Gipuzkoako Txapelketa
Iñigo Eizagirre izan da bigarren, Jon Unanue hirugarren eta Aimar Galarraga laugarren
Mikel Larrañagak irabazi du Gipuzkoako Aizkora Txapelketa
Azpeitiarraren ondoren sailkatu ziren, hurrenez hurren, Eneko Otaño beizamarra eta Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra