KIROLA ETA EUSKARA

SD Eibar, euskararen erabilera sendotzen

by | 2020/05/28

Argazkiak: sdeibar.com

«Gure bitarteko nagusia Euskara Batzordea bera da eta hortik sortzen den kudeaketa plana»

Eibar Kirol Elkarteko Euskara Batzordeari egindako elkarrizketa dakarkigu gaurkoan, bertan klubean euskararen gaia nola jorratzen duten hizpide dugularik:

Nola dago egituratua Eibar Kirol Elkartea kontu honetan?

Dagoeneko lanean hasita ginen, baina 2018tik aurrera, Euskara Batzordea batzorde ofiziala da SD Eibarren egituran. Urtero, euskararen erabilera areagotzeko ekintzak adostu eta jarraipena egiten diegu.

Zer da orain arte egin dena edo egiten ari zaretena?

Urtero, hiru arlotan adosten ditugu helburuak eta ekintzak. Honela izendatzen ditugu: goi mailako kudeaketa, behe mailako kudeaketa eta gizarteratzea.

Zein dira euskarekiko epe motzeko eta epe ertaineko erronka eta helburuak?

Aurreko galderan aipatutako hiru arlo horietan banatuta ekintza asko adosten ditugu. Esaterako, harrobiko hezitzaileekin hizkuntza portaerari buruzko gogoetak egin ditugu. Une honetan harrobia geldi dagoenez, hori ere gelditu egin zaigu. Bestalde, gure barne bileretan eta idatzietan euskararen erabilera areagotzeko ekintzak izaten ditugu eta kanpora begira, esaterako, Euskararen Baloia ekimena antolatu genuen eta ikastetxez ikastetxe ibili ginen. Gure komunikazio eta sare sozialetan ere gaia lantzen dugu eta, jakina, aurten ere Euskaraldian hartuko dugu parte.

Ze bitarteko eta ze ekintza plan duzue horretarako?

Gure bitarteko nagusia Euskara Batzordea bera da eta hortik sortzen den kudeaketa plana. Euskara Batzordean SD Eibarren arlo guztietako kideek hartzen dute parte eta Administrazio Kontseilua ere ordezkatuta dago.

Ze arazo nagusirekin topatzen zarete?

Alde batetik, jakina den bezala, Euskal Herritik kanpora ere lan egiten dugu eta hainbat kasutan zail egiten zaigu guztia euskaraz egitea. Une honetan, lehen mailako gizonezkoen taldean, entrenatzaileez gain, jokalari bakarrak egiten du euskaraz eta horrek zaildu egiten du, esaterako, prentsaurrekoetan nahi genukeen adina egitea. Beste aldetik, lankideon arteko ohiturak aldatzea ere kosta egiten da batzuetan. Hala ere, gaur egun, bulegoan lan egiten duten ia guztiek badakite euskaraz eta aukerak ere handiak dira.

Ze eskatuko zeniekete instituzioei eta gizarteari, zuen bidelagun izateko baliogarri izan litekeena?

Erakundeen kasuan, Eibarko Akebai elkarteak gure euskara batzordean parte hartzen du eta Eusko Jaurlaritzak edo Aldundiak antolatzen dituzten ekimenetan parte hartzen dugu. Lehen aipatu dugu ikastetxeekin ere lan egiten dugula eta Euskal Herrian izaten diren euskararen aldeko ekimenetan hor izaten gara. Saiatzen gara, beraz, harreman hori mantendu eta sendoa izan dadin.

Aurrera begira, duzuen egitasmoen artean, zerk du lehentasuna?

Urteko kudeaketa plana betetzen jarraituko dugu. Egoerak uzten badigu, harrobiarekin lan egiten jarraitu nahiko genuke eta Euskaraldian parte hartzeko gogoeta egiten ari gara. Kanpora begira lagunduko digu, baina, barrura begira ere gure ohiturak aldatzeko bidea ikusten dugu hor. Euskararen Baloia ekimena ere ikastetxe gehiagotara zabaltzeko asmoa daukagu.

Share This