TXIRRINDULARITZA

Emakume Laboral Kutxa Saria uztailaren 26an

by | 2020/05/28

Duranguesa Txirrindularien elkarteak baieztatu du Emakumeen Laboral Kutxa saria uztailaren 26an jokatuko dela

 

Covid-19ak sortutako krisiaren ondorioz hainbat hilabetez ziurgabetasunean egon ondoren eta UCIk egutegia iragarri ondoren, UCI 1.1 kategoriako proba antolatzen duen Durangaldeko Txirrindularitza Elkarteak lasterketa uztailaren 26an egingo dela baieztatu du.

Osasun agintarien oniritziaren eta UCIk segurtasun-neurriei buruz duen protokoloaren zain, antolakuntzaren lehentasuna proban parte hartzen duten guztien eta publikoaren osasuna babestea izango da. Horretarako, hainbat aukera aztertzen ari dira, ikusleen eta taldeen artean 2 metroko distantzia ziurtatzeko, bai irteeran, zein helmugan.

World Tour proben artean Europan lehiatuko den aurreneko lasterketa izango da, eta munduko talderik onenek parte hartzea espero da, Bizkaia-Durango tartean.

Momentuz, irteera lerroan Ale Cipollini, FDJ, Bigla-Katusha eta Movistar emakumezkoen taldeak egongo direla baieztatu da, Agurtzane Elorriagak zuzendutako korrikalariekin batera, eta datozen asteetan argituko dute zeintzuk izango diren gainontzeko taldeak.

Iazko edizioa

2019an, Lucy Kennedy australiarrak irabazi zuen Durango-Durango Saria. Mitchelton taldeko txirrindulariak Goiuriako azken aurreko igoeran erasoa jo eta azken kilometroak bakarka egin zituen.

Atzetik, hirukotea helmugaratu zen, Amanda Spratt australiarra (Mitclenton) bigarren izan zen 26 segundora, hirugarren Soraya Paladin italiarra (Ale-Cipollini) eta laugarren SharaGillow australiarra (FDJ). Geroxeago, 59 segundora, Amy Pieters (Boels) holandarra sartu zen bosgarren postuan. Euskaldun onena Ane Santesteban (WNT) izan zen, 11. postuan, irabazlearengandik zazpi minutura.

Aurreko edizioen irabazleak

2010: Marianne Vos (NED), 2011: Marianne Vos (NED), 2012: Emma Pooley (GBR), 2013: Marianne Vos (NED), 2014: Marianne Vos (NED), 2015: Emma Johansson(AUS), 2016: Megan Guarnier(USA), 2017: Annemiek Van Vleuten (NED), 2018: Anna Van Der Breggen (NED), 2019: Lucy Kennedy (AUS).

TXIRRINDULARITZA