EUSKAL PILOTA
Goikoetxeak eta Barrenetxeak bigarren garaipena lortu dute
Goikoetxea V.ak eta Barrenetxea IV.ak 40-25 irabazi zieten Segurola eta Larrañagari pasa den larunbatean, Binakako Txapelketako jardunaldi berri batean. Garaipen honekin gorriek bi garaipen dituzte, eta bederatzi punturekin finalerdietarako sailkapena gertu dute. Galtzaileek puntu bat kendu zuten sailkapenean eta orain zero puntu dituzte bi partidatan.
Barrenetxea jaun eta jabe izan zen eta 24 tanto egin zituen guztira. Joko askorekin dago. Saketik bederatzi tanto egin zituen eta piloteoan 15, piloteoan hiru huts egin zituelarik eta bi falta saketik. Goikoetxeak gero eta hobeto jokatu zuen, hamaika tanto eta bost akats egin zituelarik. Ausartu egin zen, eta lau tanto egin zituen bi pareteko jokaldiarekin.
Urdinetan Segurolak zortzi tanto eta bi hutsegite egin zituen, eta Larrañagak bere aldetik sakez tantoa egin zuen eta sei piloteoan. Une oro gaindituta egon ziren.
Markagailuak Galarretako kantxan ikusitakoa islatu zuen. 3-1ekotik 8-3, 14-7, 20-12, 26-16, 30-20, 33-23 eta 36-25era pasa zen partidua. Bazirudien urdinek puntu bat gehiago lor zezaketela eta ez zirela bat gutxiagoan geratuko, baina ez zen horrela izan. Azken tantoak, Barrenetxearen sake bat, atzelari hernaniarraren errebote bat eta Goikoetxearen bi pareta izan ziren.
Dagoeneko sei jardunaldi jokatu ostean, sailkapen nagusia honela dago:
Ansa II.a-Martirena 12 puntu
Goikoetxea V.a-Barrenetxea IV.a 9 puntu
Urriza- Labaka 4 puntu
Segurola-Larrañaga 1 puntu
Juanenea-Aizpuru III.a 0 puntu
Jaialdiko beste protagonista nagusietako bat Susperregi izan zen, Labakarekin batera 25-35 irabazi baitzuen Urrutia II.a-Odeiren aurka. Oiartzuarrak profesional mailako lehen partida jokatu eta irabazi zuen. Modu onak eskaini zituen, pilotakada azkarrak eman zituen eta gustura aritu zen bere debutean. Lasai ikusi zitzaion, oso ondo jokatzen. Galarretako ekitaldia itxi zuen hirugarren partidan berriz, Ansa II.a eta Zubirik 40-36 irabazi zieten Urriza eta Zalduari.
Abian da Malerrekako Erronka emakumezkoen pilota txapelketa
Ados pilota elkarteak antolaturiko lehiaketaren lehen jardunaldia jokatu zen larunbatean Ezkurran
Aldabe eta Apezetxea, txapeldun
Berria Txapelketako finalean, Loitegi eta Zaldua 35-29 gainditu ondoren
Aldabe eta Apezetxea izango dira Loitegi eta Zalduaren aurkariak finalean
Aise nagusitu ziren, 35-19, Urrutia II.aren eta Labakaren aurka, Berria Txapelketako bigarren finalerdian